Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Hamabost urte, gatibualdi baterako ere gehiegizkoak

Bi urteurren borobil dakartza hasi berria den urteak. Lehena, berez, egutegiari dagokio. XXI. mendearen bigarren laurdenari ekin diogu. Urteak ohartzeke pasa direla ematen du, baina euskal gatazkari erreparatuta, igarotakoaren neurria erraz antzematen da: 2000. hura Lizarra-Garaziren osteko ETAren erasoaldi gogorraren urtea zen; makrosumarioak, atxiloketak eta tortura eguneroko ogia genituen; eta presoen aurkako jauzi nagusia ari zen aurreratzen Aznar (7/2003 legearena).

Bigarrena guztiz politikoa da. Azaroan 50 urte beteko dira Franco ohean hil zenetik, eta aurretik, irailean, beste horrenbeste Txiki eta Otaegi akabatu zituenetik. Horren irakurketa ere bikoitza da, kontraesankorra: neurri batean gauzak asko aldatu direla dirudi, baina aldi berean zaharrak berri topatzen ditugu egunero.

Gertuagoko urtemuga bat erantsi daiteke. Hamabost urte igaro dira ETAk bere azkeneko ekintza hilgarria burutu zuenetik, Mallorcako Palmanovan. Asko ala gutxi dira hamabost urte? Oso urrutiko gertaera irudituko zaio askori, historiaurrea ia. Eta horregatik, deigarria da zein arinkeriarekin hartzen den presoaldien auzia Espainia aldean. Garai hartan atxilotu zituzten ETAkideak jada hamabost urte egin dituztelako preso, baina zenbaiti entzunda -eta 7/2003 legea irakurrita-, zigorraren hasieran leudeke.

Biziarteko zigorra beren legedian txertatuta duten estatuek, hala ere, epe hori markatu ohi dute (hamabost urte) espetxe egoera horiek berraztertu eta gehienetan presoak kaleratzeko. Horiek (Alemania eta Belgika, demagun) herri aurreratuagoak direla argudiatuko du baten batek agian, baina Espainia eta Frantziaren zigor eskalari benetako neurria jarri nahi badiogu, beste delitu batzuei begiratu ahal diegu: Nagore Laffage hil zuen Jose Diego Yllanesek ez zituen hamabost urte espetxean bete, ezta gutxiagorik ere, eta Dominique Pelicotek ere, zigor-epaia ikusita, ez ditu beteko. Konparaketa batzuk gorrotagarriak dira, jakina, baina errealitatea ulertzeko beharrezkoak ere bai.

Gerrarik ez zela behin eta berriz ziurtatu ondoren, gerra-zigorrak onartu zituzten. Eta larriagoa dena, gaur ere eusten diete. Baina, noiz amaitzen da gerra bat?

 

Franco aipatu dudanez, beste zenbait datu, beste alderaketa argigarri batzuk. 1936ko gerraren ostean ezarri ziren espetxealdiak gutxitan heltzen ziren hamarkada batera. Jacinto Ochoa uxuetarra da frankismoak espetxean denbora tarte luzeenean izan zuen euskal presoa, 28 urte; Unai Parotek 35 beteko ditu laster, 2025ean. Euskal Memoriak argitaratu zuen “Askatasun haizea” liburuak jasotzen duenez, ia kartzelatze kopuru berdina izan zen 1966-70 artean (1968ko Salbuespen Egoera barne) eta 1991-95 artean, «demokrazia aroan», beraz.

Estatuaren etsai izateagatik ezarri diete euskal presoei muturreko zigor hori, noski. Gerrarik ez zela behin eta berriz ziurtatu ondoren, gerra-zigorrak onartu zituzten. Eta larriagoa dena, gaur ere eusten diete. Espetxealdiak baino, gatibualdiak dira.

2025ean garelarik, Francoren heriotzaren 50. urtemugan, galdera xume bat: noiz amaitzen da gerra bat, noiz gainditzen dira haren ondorioak, hamabost urte ez al da denbora nahikoa? Erantzuna Bilbon emateko eguna da gaur, Madrildik entzun eta ulertzen hasteko modukoa. •