Xabier Mikel ERREKONDO

Hamaika ikusteko jaioak gara!

Gaur, hilak 11, dagoeneko esan dezakegu urtarrilak aspaldiko aldaparik malkartsuena dakarrela eta, aurtengoan bereziki, prezioen aldapa gora.

2024an COVIDaren krisia amaitutzat eman ondoren, 2025ean “errealitate” gordinera itzultzeko garaia dela erabaki dute agintariek. Amaitu dira, beraz, murrizketak, eta albo guztietatik jasoko ditugu belarrondokoak: BEZak, udal tasak eta prezioak, gasa eta elektrizitatearen faktura, etxebizitzaren alokairua zein erosketa.

BEZa, oinarrizko elikagaietan (ogia, esnea, arrautzak, etab.), %0tik %4ra igo dute; oliba olioan eta pastan %5etik %10era. Elektrizitatean %10etik %21era. Gasak ere, bere kontratu molde guztietan, gora egin du nabarmen: %10 eta %18,3 artean.

Udal tasa eta prezioek gora egin dute lurralde guztietan. Adibidez, hondakinengatik, Gasteizen %100 eta Donostian %26,5!!

Etxebizitzan, alokairuan, parke publiko zabal eta orokorra eskaini artean hartu litezkeen gainontzeko neurri gehienak partxeak baino ez dira izanen, eta ez dira hurbilduko irtenbide zabal eta duinera.

Panorama beltz honen aurrean eta herritarren haserreari aurrea hartu nahian-edo, abendutik “erre-ke-erre” ari zaizkigu hedabideak, zirimiri betean bezala ureztatzen administrazioek hartu neurri magikoa; hots, 12 urte arteko herritar guztiek izanen dutela garraio publikoa doan. Ongi etorria da, noski, baina nago notiziaren trataerari nabari zaiola horrekin urtarrilean hasten den aldapatzar gupidagabea lanbro artean estaltzeko nahia. Erabakia bere horretan onuragarria izanagatik ere, ez baitu inola ere konpentsatzen urtarrileko prezio berriek larrugorritan uzten dituzten familien egoera.

Ez gaitzala lanbroak itsutu, ze ez dago kontsolamendurako tarterik, gaurtik aurrera belarrondokoak ozenagoak izango dira.

Hamaika ikusteko jaioak gara!. •