Hamasei militar atxilotu dituzte, 11 eta 15 urte bitarteko lau mutiko hiltzeagatik
Futbolean jokatzeko elkartu ziren. Guayaquileko auzo pobre batean bizi ziren. Steven Medina, Saul Arboleda, Ismael eta Josue Arroyo anaiak, 11 eta 15 urte bitartekoak, abenduaren 8an desagertu ziren. Egun horretan, Militar patruila batek atzeman zituen. Haien gorpuak kiskalita azaldu ziren Armadaren aireko-base batetik gertu.
Abenduaren 8an, Steven Medina (11 urte), Saul Arboleda (15), Ismael (14) eta Josue (14) Arroyo, azken bi hauek anaiak, futbolean jokatzera joan ziren Guayaquileko hegoaldean kokatuta dagoen Las Malvinas auzora. Ez ziren inoiz etxera itzuli. Militar talde batek atzeman zituen kontrol gune batean. Abenduaren 24an, Armadaren aireko-base batetik gertu, Taura deritzan zonan, Guayaquiletik 40 kilometrora, lau gorpu erreta aurkitu zituzten.
Abenduaren 31n, gorpuzkiak lau mutikoenak zirela baieztatu zuen Fiskaltzak. Egun horretan bertan, 16 militar espetxeratzeko agindua eman zuen epaile batek, «desagertze behartuagatik».
Epaitegiaren aurrean tentsio handiko uneak bizi izan ziren. Indarraren Legez Kontrako Erabileraren Unitateko fiskala den Christian Farezek adierazi zuenez, haien kontrako «uste sendoak» daude, eta Dennis Ugalde epaileak militarrak «desagertze behartua» delituagatik auzipetu zituen. Epaitegiaren kanpoaldean hamarnaka pertsona bildu ziren hilketa hauengatik protestatzeko. «Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu», «Ez dira terroristak, futbolean jolasten zuten umeak baizik», «gizon, emakume, ez zaitezte axolagabeak izan, gure begien aurrean haurrak desagerrarazten dituzte», aldarrikatu zuten. Metro gutxitara, baina, militarren aldeko manifestari batzuk elkartu ziren, «haiekin gaude», «errugabeak dira» oihukatuz.
Sare sozialetan zabaldu diren bideoetan lau mutikoak merkataritza-gune batetik gertu ageri dira. Militar talde batek atzeman zituen eta Tauraruntz eraman zituen.
Hasiera batean, Gian Carlo Loffredo Defentsa ministroak desagerpenak «gaizkile taldeei» leporatu zizkien. Egun gutxira, ordea, lehen bertsioa aldatu zuen eta bi patruila-autotan zihoan militar talde batek geldiarazi zituela aitortu zuen. «Antza, emakume bati lapurreta egiten ari ziren zortzi pertsona ikusi zituzten. Autoetatik jaitsi eta hiru pertsona harrapatu zituzten, laugarren bat herritarrek beraiek entregatu zuten». Adierazpen horiek eta gertaerak berak haserrea eta ezinegona eragin zituzten senide eta lagunen artean.
Urtarrilaren 1ean, Angel Maria Canals hilerrian lurperatu zituzten. «Justizia nahi dugu» eta «ez daude bakarrik» aldarrikatzen zuten.
«Itzuli zaitez, jokatu behar dugu», adierazi zuen ehorzketan lagun batek. Arroyo anaiak Richar Borja kirol-klubeko Sub-15 futbol taldeko kideak zirela gogoratu zuen. «Zure izena garbituko dugu. Hau ez da inpunitatean geldituko», aditzera eman zuten. «Gure haurrekin zer gertatu zen eta zergatik deuseztatu zituzten hain gorpuak azaldu behar digute», exijitu zuten.
Jose de la Gasca Gobernu ministroaren hitzetan, «ezin dugu esan Estatu krimen baten aurrean gaudenik». «Ikerketa zabalik dago. Ezin dut baieztatu Armadaren operatibo bat zegoenik, hori frogek esango dute. Une honetan mahai gainean dauden karguak desagertze behartuengatik dira, ez legez kanpoko exekuzioagatik. Ezin dugu Estatu krimen edo gizateriaren kontrako krimen batez hitz egin», esan zuen Guayaquilen egin zuen agerraldian.
«Ildo horretan, adierazpenak egin baino lehen informatzeko» eskatu zuen. «Abian dagoen ikerketa errespetatu behar da, eta batez ere hildakoak. Umeen desagerpenaren eta hilketaren artean lotura bat dagoenik esatea burutapen hutsa da momentu honetan. Erantzuleak epaituak izan behar dira, baina arduradunak zeintzuk diren ikusteke dago», aipatu zuen. Indar Armatuei Gobernuaren erabateko sostengua adierazi zien eta barne antolaketan kargu aldaketarik ez dela egongo aurreratu zuen. «Militar jakin batzuek egin dutenak edo egin ez dutenak ezin du erakunde oso baten irudia zikindu», gaineratu zuen.
Bere hitzetan, Indar Armatuak sostengatzea «ezinbestekoa» da Ekuadorrek bizi duen «barne gatazka armatuarengatik». «Hauteskundeen atarian gaude eta mafiak eta horien aliatu politikoek Indar Armatuen kontrako kanpaina bat martxan jarri dute, salbuespen egoera indargabetzeko eta gobernurik ez zegoen aurreko egoerara itzultzeko. Ekuador narko estatu bat izatea nahi dute», esan zuen.
Gian Carlo Loffredo Defentsa ministroa harago joan zen. Urtarrilaren 6an, epai batek behartuta, telebistan eta audientzia gehieneko ordutegian barkamen publikoa eskatu zuen arren, Indar Armatuen parte hartzea ukatu zuen eta krimena ez dela desagertze behartu bat helarazi zuen.
Abenduaren 24an, senideek tartekatu zuten habeas corpus-a onartu zuen epaile konstituzional batek. Auzia «desagertze behartu» gisa definitu zuen, Estatuaren ardura onartuz.
Loffredok esan zuen ez duela «etsiko epaile hori zigortzeko ahaleginean; derrigorrezko desagerpena dela ebatzi duenez, bide eman du hori Indar Armatuak garaitzeko tresna gisa erabiltzeko». Giza eskubideen aldeko taldeek gertaera honen inguruan duten narratiba gaitzetsi zuen, bere aburuz, «jazarpen politikorako tresna» bat izan daitekeelako. «Indar Armatuek ez dute ez intimidaziorik ez oportunismorik onartuko, are gutxiago, barne gatazka armatu baten barnean gaudenean». «Sentitzen dut eta barkamena eskatzen dut, baina Indar Armatuek ez dute parte hartzerik izan behartutako desagerpenetan», berretsi zuen.
Justizia Gorte Gorena
Defentsa ministroaren adierazpenen ondotik, Justizia Gorte Gorenak (CNJ) independentzia judiziala eta epaileen lana errespetatzeko eskatu du. «Zuzenbidezko Estatu bat justizia independente batean oinarritzen da. Epaileak hartzen dituzten erabakiengatik mehatxatzea edo zigortzea printzipio horren kontrako eraso zuzena da», salatu zuen komunikatu batean.
«Funtzio Judizialean esku hartzeko edozein saiakera errefusatzen dugu eta magistratuen ebazpenekiko erabateko errespetua eskatzen dugu. Justiziak inpartziala izan behar du eta herritarren zerbitzura egon behar du, ez presio politikoen mende».
Pasa den asteartean, giza eskubideen aldeko ekintzaileek, sindikalistek, talde feministek eta afroek Estatuko Fiskaltzaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Quiton. Lau umeen omenez aldare bat ipini zuten. Diana Astudillok, “Lilas en acción” kolektibo feministako ordezkariak, Defentsa ministroaren hitzak gogor kritikatu zituen: «Segurtasuna eskaini beharrean, Estatuak mehatxatu egiten gaitu. Agintarien aldetik ematen ari diren nagusikerien aurrean, Ekuador esnatzea espero dugu».