Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA
[DATORRENA]

Kezka berpiztua, zaintza masibotik teknologiaraino

Duela hilabete Irlandan izan nintzen hauteskunde orokorren jarraipena egiten. Atzerrira irteteak ez du nazionalismoa sendatzen, gehienez ere zure abertzaletasuna zabaldu eta aberasten du, baina munduan dauden beste joera batzuk ikusteko aukera ematen dizu. Dublinen, hainbat barrutitako postontzietan Sinn Feinen aldeko panfletoak banatzen zebiltzan militante errepublikanoei lagundu nien. Etxez etxeko ibilbide horretan, hainbat auzotan ia etxe guztiek beren tinbrean grabazio-sistema bat zutela egiaztatu ahal izan nuen, botoia sakatzean foku itsugarria eta kamera aktibatzen zituena.

Segurtasun-gabeziari eta arriskuei buruzko diskurtsoaren barruan, gailu horiek administrazioaren zaintza-sistema paralelo gisa funtzionatzen dute. Etxean honelako traste bat jartzeko argudioetako bat, hain zuzen ere, beldur sexistarekin lotuta egon ohi da. Bortxatzaileak etxeetan egindako erasoetatik babestuko zaitu Ring delako tresnak. Errealitate tristeak berresten du, ordea, emakumeentzako sexu-arriskurik handiena ez datorrela zure etxeko giltza ez duen ezezagunaren partetik, baizik eta etxeko giltzen jabea den gizonaren aldetik, hain zuzen ere.

Txirrin digitalen auzia Irlandako apunteetan gorde nuen, baina hauteskundeen kroniketan ez nuen erabili. Handik bueltan, adimen artifizialari buruz artikulu bat idazteko ikertzen ari nintzela, herrialde ezberdinetan gailu horiek zaintza masiborako erabiltzen zirela jakin nuen.

Imajina ezazue zerbitzu horrek zenbat arau apurtzen zituen, orain urtebete Amazonek «laguntza-eskaera» tresna (RFA) itxi zuela. Funtzio horrek aukera ematen zien poliziei -gutxienez AEBetan- erabiltzaileei Neighbors aplikazioaren bitartez txirrinen kameren irudiak exijitzeko, epaileei baimenik eskatzeko beharrik gabe.

Eskandalurik gabe pasa zen berri horretara Fight For The Future taldearen bidez iritsi nintzen. Artista, ingeniari, aktibista eta teknologoen talde bat da, eta online protesta masiboak egiten dituzte, «teknologia zapalkuntzarako indar bat ez baizik eta askapenerako indarra izango den etorkizun baten alde».

Plataforma horrek salatzen zuenez, «RFA tresnak Polizia sailei Ring-en irudiak xurgatzeko botoi erraz bat ematen zien, agindu judizialik gabe, eta bideo-irudi pribatuak kontrolik gabe biltzea ahalbidetzen zuen». Zaintza masiboaz eta kontrol sozialaz harago, irudien artxibategi handi horiek bazuten beste funtzio bat: adimen artifizialak entrenatzeko behar dituen milioika datu kaxkarren parte ziren. Bide batez, aurpegi-ezagutzaren teknologiak garatzeko erabiltzen ziren. Teknologia horiek Palestinako genozidioan erabiltzen ari dira, adibidez.

Erakundeek ez diete enpresa hauei -ezta teknologia hauei ere- behar besteko mugarik jarri. Kontrolaren promesa beti da utopikoa boterearentzat, epe erdira kontrola galtzea ekarri badie ere.

Auzi hauetan, gure komunitatean paranoiatik lasaikeriara pasa gara denbora gutxian. Munduko joerak ikusita, teknologia «askatasunerako indarra» izan dadin, kezka berpizteko garaia iritsi da, agian. Dakitenei entzunez eta tribalismorik gabe, ahal baldin bada. •