UOC
GABON-OSTEA

Pertsona batzuek bakardade-sentsazio handiagoa senti dezakete jaien ondoren

Ospakizun garaia izaten da Gabonetakoa, lagun eta senideekin biltzekoa, ekitaldi jendetsu ugari kateatzen direna. Baina, horrexegatik, bakardade-sentsazioa ere areagotu egin daiteke egun horietan, edo eguneroko bizitzara itzultzean. Bakardadea sentipen bat baita, errealitate objektibo bat baino gehiago.

Sarritan adineko pertsonengan zentratzen den arren, adin tarte guztietan dagoen zeharkako gaia da bilatua ez den bakardadearena.
Sarritan adineko pertsonengan zentratzen den arren, adin tarte guztietan dagoen zeharkako gaia da bilatua ez den bakardadearena. (Olga YEFIMOVA | GETTY IMAGES)

Gabonetako jaiak emozio handiko uneak izaten dira oso denbora laburrean. Ez bakarrik haurtzaroko eta iraganeko garaien nostalgia berreskuratzen dutelako -zenbaitentzat oraingoak baino hobeak zirelako-, pertsona garrantzitsuekin ditugun gizarte-harremanei ateak irekitzen dizkietelako baizik, agian, urtean zehar izoztuta daudelako edo existitzen ez direlako. Eta gizarte-bizitzara irekitze horrek hala nahi izan gabe bakardade-egoeran dauden pertsonei mesede egin diezaiekeela pentsa badaiteke ere, adituak bat datoz Gabonak amaitutakoan kontrako eragina izan dezakeela esatean.

«Kultura eta tradizio sozialak bizikidetza-moduen zati garrantzitsu bat dira. Oso data seinalatuetan elkartzen dira familiak, eta gertaera jakin batzuk ospatzen dira. Baina hori ez da berme bat pertsona batzuek bizi dezaketen bakardade sentimendua murrizteko. Are gehiago, bakardade hori berpizteko eta horretan sakontzeko modu bat izan daiteke, nahiz eta gertuko pertsonez inguratuta egon», azaldu du Daniel Ruedak, Universitat Oberta de Catalunya-ko (UOC) Osasun Zientzietako irakasle eta Osasun Gizarte Laneko masterraren zuzendariak.

Zer da nahi ez den bakardadea?

Nahi ez den bakardadearen fenomenoak kezka eragiten die osasun mentaleko adituei, gizartean dituen inplikazioengatik. Estatu espainiarrean, bost pertsonatik bati eragiten dio arazo horrek, "Nahi ez den bakardadearen barometroa Espainian 2024" txostenaren arabera. Sarritan adineko pertsonengan zentratzen den arren, adin tarte guztietan dagoen zeharkako gaia da, pertsona horiek beste batzuekin bizituta ere ematen dena.

«Nahi ez den bakardadea bi motatan sailka daiteke: batean, pertsonez inguratuta egon zaitezke, baina haiekin loturarik ez sentitu, eta bestean, ez dago pertsonarik inguruan haiekin egoteko», azaldu du Zenaida Aguilar UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien irakasle laguntzaileak. Hirugarren bat ere gehitu du: aukeratutakoa. «Askotan, bizi dugun bakardadeak ez du orainarekin zerikusirik, baizik eta bizitzan zehar sentitu ahal izan den emozio bat da, modu atseginean zenbaitek, edo bakardadea larritasunez hartuz besteek», dio.

Fenomeno horren konplexutasuna da, hain zuzen ere, bakardadea sentipen bat dela, errealitate objektibo bat baino gehiago. Hori dela eta, ohiz kanpoko aldiak, Gabonetako jaiak, adibidez, pertsona bakoitzak oso modu desberdinean esperimentatu ahal izango ditu. «Azterlan eta datu batzuek haurren arteko bakardadeari buruz hitz egiten dute, nola sentitzen diren haien laguntzaileak pantailak eta marrazkiak direnean, gurasoen kontaktu fisikoa ordezkatuz, eta nerabeen kasuan, harreman fisikotik gero eta deskonektatuago daudenean eta sare birtualekiko mendekotasun handiagoa dutenean. Edo ezkondutakoen bakardadea, bikotekideen arteko distantzia edo desadostasun afektiboak edo harremanezkoak gertatzen direnean», dio Daniel Ruedak. «Bizitzako arazoek, hala nola enpleguaren hauskortasunak, laneko espektatibarik ezak edo independentzia- eta etxebizitza-arazoek, eragin negatiboa dute beren egoerari irtenbiderik aurkitzen ez dioten gazte askoren osasun mentalean, eta horrek osasun mentaleko arazoak, isolamendua edo osasungarriak ez diren jokabideak eragin ditzake», gaineratzen du.

Zenaida Aguilarrek azpimarratzen duen bezala, «lagunartean egoteaz ez gozatzea edo deseroso sentitzea» dira pertsonengan bakardade sentsazioaren ondorioetako batzuk. «Isolatu egiten dira edo uko egiten diote harreman onak lortu ahal izateari, edo pertsonei etengabe eskatzen diete haiekin egoteko», gaineratzen du. Faktore batzuek are gehiago zaildu dezakete pertsona horien bakardade-sentsazioa, baldin eta hurbilekoek haiengandik urruntzea erabakitzen badute, eta nahi ez den bakardadeak osasun mentalean eta fisikoan dituen ondorioak indartzen dituzte; adibidez, estresa, tristura, larritasuna, apetitua galtzea, ariketa fisikorik ez egitea, sentimendu suntsitzaileak eta suizidio-saioak.

(GETTY)

Nola heldu bakardadeari

Oraingoz, ez dago estrategia bakar bat bakardadeari eta haren ondorioei heltzeko, batez ere kausak desberdinak direlako pertsona bakoitzaren arabera. Halaber, ez dago erantzun argirik ematerik errebote-efektuari, Gabonak bezalako gertaera berezien ondoren. «Gabonak burbuila baten modukoak dira: argiak, zoriona... hori bizi eta goza dezakeenarentzat plazer handia da. Baina amaitzen denean, urteko astelehenik tristeena dator, burbuila horretatik eroriko bat, benetakoa ez dena», azpimarratu du Zenaida Aguilarrek. «Zarata eta aldaketa azkarreko gizartearen aurrean, besteez arduratzea eta entzun eta lagundu ahal izatea gero eta jokabide ezohikoagoak dira. Hau da, bakardadea pairatzen duen adinekoak ez du horren berri ematen, ez duelako kezkarik eragin nahi edo erantzuna eman beharko liokeela uste duenarengan erantzun hori ez aurkitzeak beldurra ematen diolako», arrazoitu du, bere aldetik, Daniel Ruedak.

Horrek ez dakar soilik pertsona hori data seinalatuetan bakarrik sentitzea; horrez gain, arazoa larriagotuko du, jendez inguratuta zegoen bitartean bere sentimenduak ezin izan dituelako adierazi. «Inork faltan sumatu ez eta etxean hilda aurkitzen dituzten adineko pertsonen albisteak ez dira anekdotikoak. Gizarte honetan horrelako egoerak gertatzeak zera pentsarazi beharko liguke: ea indibidualismo, autonomia eta pribatutasunarekiko errespetua izan behar den benetan gizarteak, komunitateak, hurbiltasunak izan behar duenaren oinarri. Oztopo fisiko eta mental asko jartzen ditugu, elkarrengandik aldentzera eta hurkoarekiko interesik ez izatera garamatzatenak», dio.

Bakardadeari muga nola jarri

Nahi ez den bakardadearen konponbidea ez da erraza, ezta bakarra ere. Hala ere, sentipen hori gizarte indibidualista batean sustraitzen dela kontuan hartzen bada, non harremanak ez diren beti estuak izaten eta, askotan, interesatuak edo zirkunstantzialak izaten diren, bistakoa dirudi lotura enpatikoagoen alde egiteak bakardade-sentsazioa hobetzen lagun dezakeela, denok, neurri handiagoan edo txikiagoan, uneren batean senti dezakeguna. «Hiriko gizarteak, landa-eremukoak ez bezala, ez du zeharkakotasuna errazten; aitzitik, adinaren arabera bereizten du, eta bizi-zikloaren etapa guztietako pertsonen arteko desadostasunak, ezjakintasunak eta sintoniarik ezak nolabaiteko bazterkeria edo bazterketa-pertzepzioa eragiten dute. Biztanleria-segmentu bakoitzak bizi ditzakeen nahiak, irrikak edo arazoak ezagutzea eta horiekiko interesa izatea gero eta arraroagoa da. Errespetuak, esku-hartzerik ezak eta askatasunak gizarte zatituagoa, independenteagoa eta ez hain interdependentea egiten laguntzen dute», gogoratu du Daniel Ruedak.

Adituak nabarmendu duenez, bakardadea norbaitentzat arazo bihurtu bada, «pausorik egokiena profesionalengana jotzea da, eta horien artean osasun-arloko gizarte-langileak aldarrikatzen ditut, egoera bakoitzerako zerbitzurik eta baliabiderik egokienak elkarrekin diseinatzeko gai baitira».

Beraz, badirudi guztion zeregina dela Gabonak eguneroko bihurtuko dituen eredu sozial baten alde egitea: bakea, zoriona, maitasuna eta adiskidetasuna nagusi diren une baten alde. Agian politegia da benetakoa izateko, baina guztiz desiragarria pertsona askoren etorkizuna zailtzen duten egoerak saihesteko.