Oihana AZKUE - Amagoia MUJIKA TELLERIA

Peru Eizagirre, Olentzerok oparitutako bateria hartatik Manhattaneko Jazz Masterrera

Gaztea da Peru Eizagirre (Hondarribia, 1999), eta dagoeneko bizi esperientzia mamitsuak sartu ditu poltsikoetan, horietako asko musikari esker. Badira hiru urte New Yorken bizi dela, bertan egin baitzuen Manhattan School of Music Jazz Masterra. Jazzeko bateria-jotzaile profesionala da egun. Gabonetan Euskal Herrian izan da eta Donostiako Victoria Eugenian kontzertua eskaini du, bere konposizio propioak oinarri hartuta.

Jazz Masterra egin zuen Eizagirrek New Yorken, eta orain bertan bizi da.
Jazz Masterra egin zuen Eizagirrek New Yorken, eta orain bertan bizi da. (Jon URBE | FOKU)

Gabonen aitzakian etorri da New Yorketik Euskal Herrira Peru Eizagirre hondarribiarra. Eta, hain justu, Olentzerok parte handia dauka bateriarekiko sentitzen duen pasio horretan. «2010eko Gabonetan bateria bat eskatu nion Olentzerori. Olentzerok ekarri egin zidan eta harrezkero horretan nabil».

Etxean musikarekiko zaletasuna jaso du txikitatik, «gurasoak ez dira musikariak, baina bai musikazaleak. Betidanik musika mota desberdin ugari entzun dugu etxean. Sei-zazpi urte nituela, aitak ACDC jarri zidan eta hasieran ez zitzaidan gustatu», gogoratu du. Peru Eizagirrek garbi dauka: «Musikarekin beti izan dut konexioa».

Bateria ez zen izan bere lehen instrumentua, bost urte zituela pianoarekin hasi zen. «Bi urte nituela AEBetara joan ginen bizitzera, Houstonera. Hor hasi nintzen pianoarekin. Gustatzen zitzaidan pianoa jotzea, baina ez praktikatzea. Gero Quatarrera joan ginen bizitzera, eta hor izan nuen nire lehen harremana bateriarekin. Zortzi bat urte nituela, eskolan gure talenturen bat erakutsi behar genuen, eta gogoratzen naiz bateria jo nuela, erritmo oso oinarrizko bat. Sentitu nuen izugarri gustatu zitzaidala. Erabat autodidakta nintzen bateriarekin».

Artean Quatarren zegoela, eskolara Hegoafrikako danbor-jotzaile bat etorri zen. «Denak borobilean jarrita, berak jotzen zituen erritmoak errepikatzen genituen guk, eta buruan daukat erraza egiten zitzaidala. Berak galdetu zidan ea aurretik egin ote nuen. Danbor-jotzaile hark esan zidan ondo egiten nuela, pentsatzeko aukera horren inguruan».

Bederatzi-hamar urte zituela bueltatu zen familia Euskal Herrira, eta ordurako buruan sendo sartuta zeukan Eizagirrek bateria jo nahi zuela. Olentzero konplize hartuta, etxeko garajean agertu zen bateria, eta eskolatik bueltan ez zuen izaten besterik buruan, bateria jotzea. «Hasieran nire kabuz hasi nintzen. Saiatu ginen Hondarribiko musika eskolan, baina ez zegoen tokirik. Nik garbi nuen zer jo nahi nuen. Musika mota mordoa entzuten nuen eta eskolatik bueltan egunero bateria jotzen nuen. Hor ez neukan nagirik, pianoarekin bezala».

Hamasei urte zituela, orduko irakasle batek beti esaten omen zion «bateria jotzearena profesionalki egin beharko zenuke». «Niri une horretan beste gauza batzuk ere interesatzen zitzaizkidan, eta beti entzuten nuen inguruan musikaria izatea ez dela oso serioa».

Hamazazpi urte zituela, unibertsitatearen gaia inguruan sumatzen hasi zenean, bateria ikastea erabaki zuen hondarribiarrak. «Bi aukera nituen, jazz edo pop. Iruditzen zitzaidan jazz ikasten banuen aukera gehiago izango nituela bateriarekin. Finean, jazzaren bidez sortu zen bateria, oso instrumentu gaztea da, ehun urte inguru ditu. Iruditzen zitzaidan jazzak aukera emango zidala bateria sakonago ikasteko. Glasgowra joan nintzen, bertako kontserbatorio batera. Nire arreba zaharragoak Edinburgon egin zituen ikasketak, eta nik ere Eskoziara joatea erabaki nuen. Egia esan oso ondo atera zen».

Glasgown jaso zuen musika formakuntzak ez zuen norabide bakarra izan; akademikoa zegoen alde batetik, eta hiriak musika bizitzeko duen modua, bestetik. «Glasgow nahiko hiri txikia da eta musika zuzenean jotzeko aukera asko daude. Horrek esan nahi du lehen urtetik bertatik musika emanaldiak egiteko aukera duzula, bai hasiberriekin eta baita dagoeneko esperientzia dutenekin ere. Musikari onekin jotzeko aukera izatea ederra da», azaldu du..

Pauso bat emateko beharra

Glasgown ikasketak bukatu eta beste urtebetez geratu zen hirian lanean. «Musika eskola batean lan egiten nuen bateria irakasle gisa, eta kontzertuak eskaintzen nituen. Baina iritsi zen puntu bat non iruditzen zitzaidan sabaia jo nuela. Kontzertu onak jotzeko aukerak nituen, baina sentitzen nuen gehiago sakontzeko beste pauso bat eman behar nuela eta hori hiri handiago batera joanda lortuko nuela. Horregatik joan nintzen New Yorkera».

Hasieran helburua ez zen New York, baina aukera sortu zitzaion bertan Jazz Masterra egiteko. «Oso pozik nago aukera hori izan dudalako. Esperientzia izugarria izan da. Glasgown eta New Yorken oso jende mota desberdina dago. Jende asko iritsi eta maitemindu egiten da hiriarekin. Niri ez zitzaidan hori gertatu hasieratik. Hirugarren urtea da New Yorken, eta geroz eta gehiago gustatzen zait. Aukera asko daude, musika entzuteko aukera ugari, jende desberdina ezagutzen duzu».

Jazz Masterra egin du puntako irakasleekin eta maila handiko ikaskideekin. «Ikasturtea hasi eta gutxira masterclass bat izan genuen -puntako musikari bat gonbidatzen dute eta emanaldi txiki bat ematen du-. Hor eserita nengoela, ikaskideez inguratuta, pentsatzen hasi nintzen zer-nolako musikariak ziren, zer-nolako maila zegoen... Esperientzia horrek asko laguntzen du, zure belaunaldiko jazz musikari onenez inguratuta baitzaude».

Donostiako Victoria Eugenian kontzertua eskaini zuen Peru Eizagirrek duela egun batzuk. (Iñigo IBAÑEZ)

Jazzaren bidetik joatea erabaki zuen Eizagirrek ikasketak aukeratzeko garaian, eta bide horretan urrats handia da AEBetara joatea. «Guztiz lagungarria da jazzaren kulturara gerturatzeko. Lagunei beti esaten diet New Yorken musika esperimentatzea nolakoa den galdetzen didatenean: hemen Jazzaldiaz gozatu dezakezu astebetez, baina New Yorken jazz jaialdi batez goza dezakezu gauero, urteko 365 egunetan. Egunero goi mailako musikariak aritzen dira musika jotzen. Esperientzia hori izugarria da. Aukera izatea gauero goi mailako musikari erreferenteak ikusteko, jazz erreferenteak eta jazz masterrak ikusteko. Oso esperientzia baliagarria da».

Musika entzuteko ez ezik, musika egiteko aukerak ere ugariagoak eta anitzagoak dira New Yorken. Eizagirrek kontatu duenez, «hiru hilabete hauetan azken bi urteetan baino askoz gehiago ari naiz jotzen. Jazzean gertatzen da normalean proiektu batean baino gehiagotan zaudela murgilduta. Piano-jotzaile batekin askotan jotzen duzu, beste batekin noizean behin, gitarra-jotzaile batekin beste proiektu bat duzu... azken hilabeteotan sarea egiten ari naiz, gero eta jende gehiagorekin jotzen. Baina egia da nire kontu zerbait grabatzea gustatuko litzaidakeela. Akaso ordua da zerbait berria egiteko», aurreratu ditu bere asmoak.

Kontzertua Donostian

Hasi berria den 2025. urte honetan, dagoeneko egin du inoiz egin gabe zeukan gauza bat: pasa den urtarrilaren 3an kontzertua eskaini zuen Donostiako Victoria Eugenian. Alboan izan zituen Eneko Dieguez (saxo altua), Raul Perez (pianoa) eta Eric Surmenian (kontrabaxua).

«Berezia izan zen, musikari horiekin jotzen nuen lehen aldia izan zelako. Hemen ez dut kontzerturik eskaini inoiz, eta ordua zela sentitzen nuen. Musika berria zen guztia, ez dut aurretik plazaratu. Oso esperientzia polita izan zen, sarrerak hiru egunetan saldu ziren eta oso ondo pasatu nuen. Jendeari asko gustatu zitzaion eta hori garrantzitsua da».

Izan ere, konpositorea ere bada Peru Eizagirre. «Niri formakuntzak asko lagundu dit konposatzeko orduan. Gradua ikasi baino lehen, ez neukan jakintza hori. Belarri ona nuen, pianoan gauza xumeak konposatzen nituen, baina formakuntzak lagundu zidan ulertzen zer ari nintzen jotzen, nora eraman nitzakeen gauzak... Asko gustatzen zait konposatzea. Ordenagailuan badaude programak, eta batez ere hor hasi nintzen. Gauza sinpleak egiten hasi nintzen. Hori oholtzara eramateko eta beste musikariekin batera jotzeko, ikasi behar da partitura bat nola egin, pentsatu behar duzu instrumentuek beren artean zer-nolako harremana izango duten...».

Etxean bezala sentitu zen Eizagirre Donostiako kontzertuan, parean senide eta lagun ugari zituela. «Publiko oso adituaren aurrean jo izan dut askotan. Adibidez, New Yorken ohikoa da musikari mordoaren aurrean jardutea; denak eserita, denak zu aztertzen... Aldiz, batzuetan entzule ez hain adituak dituzunean, publiko berriago baten aurrean ari zarenean, zirraragarriagoa da. Nire esperientzian, askotan jo izan dut beste oholtza batzuetan Europan zehar, eta orokorrean jasotzen duzun feelinga publiko horren aldetik oso ona izaten da».

Berak ondo gogoan dauka 13-14 urte zituela Jazzaldian izandako kontzertu bat. «Guztira hiru ordu iraun zuela uste dut, baina programatua zegoen ordubete eta gehixeago. Kanta bat amaitzen zuten eta publikoa zutik jartzen zen, beste bat eta beste bat eskatuz».

Gabonetan Euskal Herrian egon ondoren, New Yorkera bueltatu da Eizagirre, bere musikari ibilbidea jarraitzera. (Jon URBE / FOKU)

Oholtzatik bizi izan dituen kontzertu bereziak ere baditu azalean. «Glasgown eman nuen azken kontzertua izugarria izan zen. Guztiz libre sentitzen nintzen, burua erabat aske, loturarik gabe... eta azkenean, zu horrela sentitzen zarenean, jendea ere horrela sentitzen da. Jendeari hori sentiarazi nahi badiozu, zu ere horrela sentitu behar zara jotzen duzun bitartean. New Yorken jende oso onarekin jo dut. Gogoratzen dut duela gutxi izandako kontzertu bat, areto oso berezi batean. Duela hilabete hor jo nuen oso musikari onekin. Ederra izan zen».

Bizi izan dituen kontzertu berezien zerrenda bizitzeko dituenekin osatzen da. Ametsetako kontzertua irudikatzeko eskatuta, nahiko garbi dauka: «Oso ondo egongo litzateke Trinitate Plazan Herbie Hancockekin jotzea. Orain laurogeitaka urte ditu eta jazz munduan piano-jotzaile izugarria da. Miles Davisekin jotzen zuen hogei urte zituenetik, eta musika munduko askorekin aritu da. Bere kasua gustatzen zait erakusten duelako ez zarela musika genero bakarrean geratu behar. Jazzaren bidez beste estilo batzuetara iris zaitezke. Hori da gustatzen zaidana».

Izan ere, Eizagirrek jazzaren bidetik jaso du formakuntza eta hortik ari da pausoak ematen musikari profesional bezala, baina bera estilo guztien zalea da. «Geroz eta estilo gehiago jo, geroz eta musika desberdin gehiago jo, aukera gehiago izan ditzakezu».

Hamar urte zituela eskolatik korrika bueltatzen zen etxera garajean bateria jotzera. Hor hasitako bidean jarraitzen du, orduko haur haren taupada barruan bizirik duela. Taupa-taupa. •