Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Sutxo

Ateak itzaltzen ditu, haize ematen duelako. Bazkaria prestatzen du. Leku batean itzali eta bertze batean pizten da. Xurgagailua eta hozkailua konpontzen ditu. Gurekin egiten du lo, geure buruan, eta bere ametsak gurekin konektatzen dira. Umea da, ez da handitzen. Sudurra du, baina begirik ez, eta ez du ikusten. Horregatik, esku gainean ibiltzen dugu. Maite dugu. Paseatzen ibiltzen da geure buruan, pentsamendu onak izaten laguntzen du. Amets pila bat ditu politak, baina batzuk itsusiak, eta ez da haserretzen itsusiekin. Ez da katuarekin izutzen, bere laguna du. Beltza da bere kolore gustukoena.

Sendatu egiten du. Marrazkiak paretan jartzen ditu. Haize emanda errepidean barna ibiltzen da. Batzuetan erosketak egitera joaten da. Txakurrak ere gustatzen zaizkio. Anitz freskatzen du. “Putxo” egiten du kontent, baina pixka bat haserre. Esku ume-umeak ditu. Ukitzen ahal duzu.

Oraingoan ikusezin bihurtu da. Haize ematen badiozu ikusezin bihurtzen da. Horregatik mugitzen da alde batetik bertzera: orain kuxinean, orain leihoan, gero aitatxiren buruan, gero mahaian... Ezkutaketan arituko gara.

Sutxo Unaxen burutik jaio zen. Nire eskuak transkribatzaile hutsak izan ziren. Une zail batean nengoen, sabela ixten duten itxaronaldi horietako batean, eta Sutxok konpainia ona egin zidan. Txundituta, pentsatu nuen Sutxo izan daitekeela barneko bizipoz hori, motibo jakinik gabe irribarrea ateratzen diguna eta bihotza betetzen diguten gauzak egiten ditugunean biziagotzen dena.

Sutxo izan daiteke urte berriko bazkari zoragarri horretan justu mahaian jarri ginenean izar formadun oinarri baten gainean piztu ziguten kandela ttikia, bere inguruan kantatu eta otordua bukatu genuenean zeremoniaz itzali genuena. Sutxo izan daiteke norberaren aldarea, bertako landare, harri, egurtxo, hazi, usain eta taupadak, musukatu eta ohoratu nahi ditugunak. •