Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Urtarrilak 18, Ondarroa anti-heterosexualizatzera!

Ondarroan jaio eta hazi nintzen, gaur egun Donostian bizi naiz. Donostian bizitzeko erabakia hartzeko arrazoi asko dauden arren, nire kasuan pisu gehien izan duena hiri horretan komunitate feminista transmaribollo bat aurkitu izana da. Nire afektu sareak Donostian gizonik gabeko espazioetan finkatzen dira eta, horrek erregimen heterosexuala apurtzen ez duen arren, bertan bizitzea ahalbidetzen didan lubaki bat bermatzen dit. Herritik hirirako ihesaldi queer-ari “sexilioa” deitzen zaio, genero disidentziatik egindako erbesteratzea.

Euskal Herriko herri txikietako hainbat kide transmaribollorekin partekatzen dudan esperientzia da sexilioa, ia inork ez du gorroto bere herria, baina inork ez du itzuli nahi, ez bada bisitan. Batzuetan, itzuli nahi ez izateko arrazoia espazio seguruen falta da, gure herrietan dagoen LGTBIQ+ fobiarekin bukatzeko lan asko falta delako oraindik. Baina normalean hori ez da izaten arazo nagusia, LGTBIQ+ fobia berbera aurkitzen baitugu hirietan.

Nire ustez, transmaribolloak herri txikietatik ihes egiteko arrazoi nagusia komunitate eta dibertsio falta da. Nik asko maite dut nire kuadrilla historiko heterosexuala, baina larunbatero plan berdina dago: guapa jantzi (masa kontsumo logikak agintzen duen modura), herriko eskaparatea den poteo gunean trago batzuk hartu, eta gero nerabe matxiruloz jositako taberna batera joan gehiago edatera edo han topatu dezakezun tontoenarekin follatzera; eta gainera, ezin dut gizonek ematen duten nazkaren inguruko txantxarik egin, gizon hauek nire kuadrillakoen lagunak, bikoteak edo anaiak direlako. Ez dut uste azalpen gehiago behar denik ulertzeko bollera butchek, trabesti femmek eta marika histrionikoek ez dutela lekurik dinamika horietan.

Komunitate heterosexual horren aurrean herri txikietako hetero disidenteok dugun aukera bakarra antolakuntza bidez beste zerbait sortzea da. Elkarren artean batu eta heteroek kondena gisa inposatzen diguten asperduraren aurkako oasiak sortzea. Nire eskualdean funtzio hori betetzen duena Lea Artibai eta Mutrikuko “Desbiauk” asanblada autonomoa da. Asanbladak, ekainaren 28ko manifestazioa antolatzeaz gain, gure eskualdea bizigarri bihurtzen duten hitzaldi, mahai-inguru, formakuntza eta festak antolatzen ditu. Hurrengoa? Urtarrilaren 18an Ondarroako gaztetxean, ez galdu!

Egitaraua 18.00etan hasiko da. Bertan, “Transmaribollo borrokarako gakoak” deituriko solasaldian, herri txikietan bizi dugun egoeraren analisia egin eta politika antiheterosexualak egiteko garatu behar ditugun estrategiez hitz egingo dugu taldean. Ondoren, “Antes muerta que sencilla” ile-apaindegi eta makillaje tailerra egingo dugu. Transmaribollook argi dugunez melenak, bizarrak, gonak eta purpurina maskulinitatea eta feminitatea adierazten duten protesi politikoak direla, gure helburua tailer horretan hori desitxuratzea izango da. Bi rol horiek apurtu eta beste zerbait izateko janztea, ez gizon, ez emakume, baizik eta zure aitak ikusi nahi ez duen munstro queer, itsusi, nazkagarri eta beldurgarriak bihurtzea. Ondoren, azaldu ezin dudan eta Ondarroa astinduko duen makrosorpresa batekin kaleak hartuko ditugu, benetan, ezin duzue galdu! Arratsaldeko egitarauaren ostean, jaia egingo dugu gaztetxean, gure inguruko artista queer-ekin beteko dugu gaua. Donostiatik bisitan etorriko diren Fulanaren eta Labarren kontzertu pintxada egongo da, ondoren herriko gazteenek osatzen duten Lumatzak taldearen show-a izango dugu, eta azkenik, gaupasa maite duenarentzat, Sargori Dj-a.

Genero disidente oro gonbidatzen dugu gurekin batera urtarrilaren 18an Ondarroa hartzera, gure helburua ez delako herriak gu onartzea, baizik eta guk herria eraldatzea. Batu gurekin transmaribolloon borrokara! •