Hil berri den Jean-Mari Le Penen hitzak ideologia baztertzailearen isla dira
Bazterkerian oinarrituriko ideologia zuen hil berri den Jean-Marie Le Pen-ek. Ekintzetan ez ezik, hitzetan ere isla zuen ideologia hori. Isun ugari jaso zituen lider ultraeskuindarrak esandakoengatik. Beti ildo beretik, arrazakeria, nazien aldekoak, homofoboak... Jean-Marie Le Pen-en ahoberokeriak.

Hil berri den Jean-Marie Le Pen-en ideologia bazterkerian oinarritutako faxismoa zela ezaguna da. Egun Europa osoan oldarraldian bizi den eskuin muturraren aitzindaria izan zela esan daiteke, hauteskundeetan garaipenik lortu gabe agenda politikoan immigrazioaren kontrako mezuak txertatu dituelarik. Ideologia eta bizimodua uztarturik izaten dira, eta Le Pen-en kasuan ahoberokeria nagusi zen, epaitegietan zigor ugari, 30etik gora, jaso zituelarik. Bere ahotik atera ziren esaldi polemikoenak bilduko ditugu.
«Gas-ganberarik ez»
Alemaniako naziek egin zituzten sarraskiak ukatzea eskuin muturraren ildoetako bat izan ohi da. Negazionismoa deitzen zaio horri. Kontzentrazio eremuetan izan ziren gas-ganberak nazien sarraskiaren lekuko dira.
«Gas-ganberak Historian izandako detailetxoa baino ez dira», bota zuen Jean-Marie Le Pen-ek 1987ko irailean. «Ez dut esango gas-ganberarik izan ez zenik. Nik ezin izan dut bat ere ikusi. Gaia ez dut sakonean aztertu, baina Bigarren Gerrate Mundialeko historian detailetxo bat baino ez direla esango nuke», gaineratu zuen.
Hitz hauengatik salatu zuten eta 1991n milioi bat libera ordaintzera zigortu zuten. Adituek diotenez, hitz hauek Errepublika frantseseko presidente izateko zituen asmoak zapuztu zituzten.
Epaileek zigortu bazuten ere, Le Pen ez zen damutu. Hitz berak bota zituen 1997an Munichen eman zuen mintzaldi batean, Alemaniako lege ugari urratuz. 2008an aldizkari batean egin zioten elkarrizketa batean gauza bera esan zuen berriz, eta 2009an Europako Parlamentuan errepikatu zuen esaldia. Azken aldia 2015ean izan zen, BFM telebistan egin zioten elkarrizketa batean. Azken honengatik 30.000 euroko isunarekin zigortu zuten.
«Arrazak desberdinak dira»
Jean-Mari Le Pen ultraeskuindarraren ideologiaren oinarrietako bat arrazakeria da. Horregatik, ez da harritzekoa zenbait mezu hedatzea; hala nola arraza batzuek besteek baino eskubide gehiago dituztela, batzuk besteak baino trebeagoak direla, adimentsuagoak, etab. Gizakien artean arraza desberdinik ez dagoela ahaztuz, noski.
Fronte Nazionalak (Le Pen-ek sortu zuen alderdi ultraeskuindarrak) 1996an antolatu zuen udako unibertsitatean bota zuen ahoberokeria horietako bat. «Arraza guztiek ez dituzte ahalmen berberak, ezta eboluzio maila bera ere», esan zuen. Estatu frantseseko ikasle juduak biltzen dituen elkarteak salaketa jarri zion. 10.000 liberako isunarekin zigortu zuten.
Aljeriako gerran parte hartu zuen Le Pen-ek. Sarraski ugari egin zuten bertan frantsesek bere herriaren askatasunaren alde borrokatzen zutenen kontra. «Azpiko arraza» bateko kidetzat jotzen zituztela jakinda «ulertzen» dira gauza asko.
Okupazio nazia eta Petain
Bigarren Gerrate Mundialean, Estatu frantsesaren zati handi bat Alemaniako nazien okupazioaren pean izan zen. Beste zatia nazien kolaboratzailea zen Phillippe Petain mariskalaren Gobernuaren kontrolpean izan zen. Garai ilunak izan ziren populazioaren gehiengoarentzat. Ez, ordea, Le Pen bezalako ultraeskuindarrentzat. Garai horiek ez zirela «hain txarrak» izan bota zuen behin baino gehiagotan FNko buruzagiak. «Frantzian okupazioa ez zen bereziki ankerra izan», esan zuen.
2012an bete behar izan ez zuen hiru hilabeteko espetxealdiarekin eta 10.000 euroko isunarekin zigortu zuten okupazio naziaren garaietan gizateriaren kontrako krimenik izan ez zela esateagatik. Historialari guztiek krimen horiek izan zirela frogatu dute (juduen kontrako jazarpena edo Okzitaniako Orador de Glana herrian izandako sarraskia -642 biztanle akabatu zituzten- kasu). Estatu frantsesean oinarrizko kontsentsu politikoari zaplaztekoa eman zion Le Pen-ek hitz hauekin.
«Niretzat, Petain mariskala ez zen inoiz traidore bat izan», esan zuen 2015ean, oinarrizko kontsentsu politiko frantses horri beste zaplazteko bat emanez. Orduan, FNko kideentzat ere gehiegikeria zirenez hitz hauek, alderditik kanporatzea erabaki zuten. Ordurako Marine alabaren gidaritzapean zegoen alderdia. Gas-ganberari buruzko bere iritzi polemikoa bazter guztietan zabaltzeak ere ez zion Jean-Marie zaharrari alderdiaren barnean zuen boterea mantentzen laguntzen.
Homosexualitatearen kontra
Benetako faxista edo ultraeskuindar batek ez du homosexualitatea onartzen. «Marikoiak dira», pentsatzen dute. Egia da (bitxia ere bai) azken urteotan alderdi ultraeskuindarretan kide homosexualak dituztela. Baina hori ez da oso «onargarria» Jean-Marie Le Pen bezalako aspaldiko ultraeskuindarrentzat.
1984an, Jean-Marie Le Pen-ek honakoa esaten zuen: «Homosexualitatea ez da delitua, baina, argi eta garbi, arazo biologiko eta soziala da».
Dena den, urteak ez dira alferrik pasatzen, eta Marine alabak alderdiaren zuzendaritza hartu zuenetik, FNko kide askok homosexualak zirela adierazi zuten. Ustez, Jean-Marie zaharrak egoera onartu zuen, baina barnean betiko pentsamolde baztertzailea mantentzen zuen.
Horrela, 2016an, Marine Le Pen-en laguntzaile nagusia zen eta bere burua homosexual bezala azaltzen zuen Florian Philippot-ekin tirabirak izan zituen Jean-Marie-k.
Hitzetan gelditu ez eta ekintzetara pasatzen zen horietakoa zen Jean-Mari Le Pen, beti erasokor, bai jarreretan bai ekintzetan.
1997ko hauteskunde legegileen kanpainan, Paris inguruko hiri batera joan zen Jean-Marie Le Pen, FNko hautagai zen Marie-Caroline sostengatzera. Mitina egiten zuten aretoaren kanpoaldean ultraeskuindarren kontrako manifestazioa antolatu zen. Hor inguruan zebilen PSko hautagai Annette Peulvast-Bergeal. Le Pen-ek lepotik hartu zuen eta pareta baten kontra bota zuen. Peulvast-Bergeal-ek hiru eguneko baja medikoa izan zuen.
Guztia kameren aurrean jazo zen. Guztia grabatu zuten. Baita Le Pen bera ere, segurtasun-lerroen gainetik pasaz manifestarien kontra bortxa egiteko. «Zuregana noa, ikusiko duzu, zuk, ilegorria, marikoia!». Iraina eta indarkeria. Le Pen-en hitzak, pentsamoldea eta jardueraren laburpena.