Nola ikusten duen munduak Europa
Aste honetan ECFR (Kanpo Harremanetarako Europako Kontseilua) ikerketa zentroak eta Oxfordeko Unibertsitateak Donald Trumpen agintaldi berriari buruz egindako inkesta argitaratu da. Mundu osoko herritar gehienek positibotzat jotzen dute Trumpen etorrera, bai estatubatuarrentzat, bai bere herrialdearentzat. Halaber, gehiengoak uste du ondorio positiboak izango dituela munduko bakearentzat, eta Ukrainako eta Ekialde Hurbileko tentsioa murrizteko balioko duela. EBko, Britainia Handiko eta Hego Koreako herritarrak dira agintaldi berria gehiengoz deitoratzen duten bakarrak.
Emaitza horrek harrituta utzi ditu goizeko irrati saio bateko tertuliakideak. Ez zekiten nola azaldu emaitza hori. Bitxia da, baina bat dator Txinara eta Mexikora erregularki bidaiatzen duen ezagun batek kontatzen zuenarekin. Bi herrialdeetan uste dute Trumpekin demokratekin baino hobeto konponduko direla. Horren arrazoia da, Trumpen erretorika sutsuez haratago, aurreko agintaldian akordioak lortu zituztela, eta Mexikoren kasuan, adibidez, oso onuragarriak izan zirela uste dute. Berriro gauza bera gerta daitekeela pentsatzen dute.
Beharbada Trump akordioak josten ohituta dagoen negozio-gizona delako izango da, nahi duena zehatz definitzen duen eta ordaindu beharreko prezioa adosten duen pertsona praktikoa. Tratu bat ixteko beharrezkoa da beste alderdia berdintasunez tratatzea: solaskideak ere aintzat hartu beharreko interes legitimoak ditu, beti ordaindu behar da prezio bat, alegia. Jarrera horrek ez du ezaugarritzen uztear dagoen demokraten administrazioa, ezta Europako elite politikoarena ere. Hauek ez dute aukera pasatzen uzten, bere balio moral gorenaz harro agertzeko. Gainerako herrialdeei bizkar gainetik begiratzeaz gain, bere harremanetan gaiaren substantziarekin zerikusi txikia duten baldintzak ezartzera ohitu baitira. Hego Globaleko herrialde askotan herritarrek diote nekatuta daudela, europarrek «sermoiak» botatzen dizkietelako.
Hala ere, balioekiko zaletasun hori kontu handiz gordetzen da interes praktiko bat edo herrialde ahaltsu bat tartean dagoenean. Esate baterako, pandemiaren erdian, EBk covid txertoen patenteen askapena blokeatu zuen, Palestinako genozidioan beste alde batera begiratu du, eta akordioak itxi ditu gutxieneko demokrazia estandarra eta giza eskubideen errespetua betetzen ez dituzten herrialde askorekin. Nagusitasun moralaren posizioan kokatu ohi dira Europako ordezkariak, beren ekintzekin bat ez etorriz, gainera.
Baliteke jarrera hori Europak kolonialismoan ikasitakoari edo misio ebanjelizatzaile berrituari zor izatea. Merezimenduaren ondorioz ere justifika daiteke. Hala ere, herri kolonizatuek jakin badakite bortxa sistematikoaren ondorioa dela. Kontua da Trumpen estiloak -indarrean oinarritua, baina arerioak aintzat hartzen duena- Europaren itxurakeria eta hipokrisia guztia agerian utzi duela. Baliteke inkestaren emaitzek diotena ez izatea munduak Trump nola ikusten duen, baizik eta munduak Europa nola ikusten duen. Horrek ez ditu Trumpen etorreraren arriskuak murrizten, baina Europak beste herrialdeak menderatzeko duen grinak betiko ahazteko beharra berresten du. •