Pantailaren argiaren itsuan
Logelako atea itxi, txapinak erantzi, argia itzali eta ohera sartutakoan, erosoen deritzogun posturan kokatzen dugu gorputza, telefonoaren kargagailuak permititzen digun ertzean finkatzen ditugu ukondo-buruak, gora eta behera eragiten diegu hatz erakusleei, erpuruei. Begiak igurzten ditugu libratutako eskuarekin, tarteka. Eta pantailaren argiaren itsuan segitzen dugu pixka batean.
Aditu askori entzun izan diogun esana da ez duela mesederik egiten oheratu aurreko minutuak (orduak) mugikorraren pantailari beha igarotzeak. Ordea, egun osoko nekea gainean dugula oheratu eta lasai jarritakoan, ondo etortzen da norberarentzako tarte bat; deskantsatzeko, dibertitzeko, informatzeko, barre egiteko, ez pentsatzeko, deskonektatzeko. Edo hori sinetsi eta gustura xamar egoteko. Gero, loak gain hartzen digunean, gau-mahaian uzten dugu telefonoa, gertu, hurrengo goizean ezertan hasi baino lehen eskura izan dezagun.
Ez naiz ni urte berriari ekin eta asmo berrien zerrendak egiten dituen horietakoa. Baina asmo berri bat ezar daitekeen aukera oro aprobetxatzen dut neure buruari esateko loari merezi duen garrantzia ematen hasi behar naizela; urte berria, urtebetetze eguna, iraila, pertseiden gaua, opor osteko itzulera… Beti-beti erabakitzen dut, egun horretatik aurrera, behintzat oheratu aurreko ordubetean, ez dudala pantailarik erabiliko. Eta iratzarri osteko ordubetean, berdin. Aditu askori entzun izan badiogu, hala izango da, eta mesede egingo dit oheratu aurreko minutuetan beste modu batzuetan deskantsatzeak, dibertitzeak, informatzeak, barre egiteak, ez pentsatzeak, deskonektatzeak.
Kontua da, gaur-gaurkoz, ez naizela gai hori sinetsi eta ordubete huts horretan gustura xamar egoteko.•

