Garazi GOIA
Idazlea
3 BEGIRADA:

Londrestik mendira

Mendizaletasuna eta euskaldunak estu lotuta daude.
Mendizaletasuna eta euskaldunak estu lotuta daude. (Jon URBE | FOKU)

Londresen nire seme-alabei euskaraz hitz-egiten diedala entzutean, ignorantzia eta praktikotasun globalizatuko perspektibek tindatutako inora ez doazen hamaika elkarrizketa izan ditut. Euskaraz hitz egiten diedala ez da mintzagaia, espainiera baino lehen euskaraz hitz egiten diedala baizik.

«Zenbat pertsonek hitz egiten dute hizkuntza hori?», galdera egiten didate, eta, berez «espainiera mundu osoan 600 milioi pertsonek hitz egiten dutelarik, ez al litzateke hori zure seme-alabentzat erabilgarriagoa izango?», galdera egin nahi didate, eta beraien intentzionalitate baldarra garbi adierazten didate. Erabilgarritasuna hizpide erabiliz. Edo baliagarritasuna. Urruntasuna, Hego Amerikako azken puntara joan eta ulertuko dietelako. Zenbat. Milioka. Lana erraz lortzeko munduko edozein lekutan.

Nire semeak, bihar daukan aurkezpen baterako, “euskalduna” dela dioen testua idatzi du. «Ama, zer esango diet, euskara hizkuntza gutxitu bat dela?». Sei urteko haurrari dagoeneko buruan zimentatu dizkiodan printzipioak hor daudela jakiteak beti lasaitzen nau. «Badakite Arsenalekoa naizela, ziur esaten didatela han badaudela Euskal Herriko jokalariak». Hala da, azkenaldian Euskal Herriari erreferentziak futbolaren gaiari lotzen zaizkio; eta eztabaidarik gabeko eremuan sakontasuna eta benetan konektatzeko posibilitatea galtzen dira. Bide batez, Ingalaterrako gorengo futbol ligan Euskal Herriko lau (orain dela gutxi arte bost) entrenatzaile egoteak ez ote du inor harritzen? Norbaitek egin beharko du horri buruzko analisiren bat, ezta? Balio gutxiagoko aitzakiaz betetako milaka eduki badaude Netflixen. Orain arte sukaldaritzak betetzen zituen igogailuetako elkarrizketa xalo horiek; orain badirudi futbola ari dela aurre hartzen.

Itzul nadin konexio edo lotura horretara. «Mendia, pausoz pauso, elkarri egiak aitortzea ere badelako. Finean, oinez, mendizaletasun pausatuaren xendara itzuli nahi du, bidea partekatzera». Eñaut Tolosa zuzendari eta gidoilariaren laburmetraiaren aurkezpen deskribapenetik hartu da testua. Londresko laburmetraien festibaleko sail ofizialean aukeratua izan zen eta gaur erakutsi dute hemengo zinema ezagun batean. Euskaraz audioa, ingelesezko azpitutuluekin. Filmean zehar jendearen erreakzioek atentzioa eman didate, azpitituluetan galtzen zen esentzia beste nonbaitetik hartuko balute bezala. Euskal Herriko mendietan zehar filmatutako elkarrizketa haien atzean zeuden mezuak gertu sentituko balituzte bezala. Tolosa oholtzara igo denean, “benetako mendizale” eta “korrika egiten dutenen” arteko tentsioari egin dio erreferentzia, eta egiazko irribarreekin erantzun diote. Ulertuko balute bezala. Euskara eta mendizaletasunarekin lotura Londres erdiko ustekabeko leku batean. Zorionak, Eñaut. •