«The Business Case»
Urtarrilaren 10ean ezagutu genuen Munduko Meteorologia Erakundearen urteko txostena. Azken hamarkada izan da beroena, erregistroak daudenetik. 2024an gainditu dugu 1,5 graduen langa. Hau da, lurrazaleko tenperatura 1,55 gradu beroagoa da egun, industriaurreko aroan baino. Zenbakiak badu esangura berezia. Erakusten du ez dugula bete Parisko Akordioan ezarri genuen helburua. «Ez dago dena galdua!», dio nazio batuen web orriak, Antonio Guterresen adierazpenei erreferentzia eginez.
Egun batzuk geroago, urtarrilaren 20an, ikusi dugu Trump presidente berriz ere. Oraingoan, diotenez, gauzak argiago ditu. Lehen egunean sinatu du AEB Parisko Akordioetatik ateratzeko agindu exekutiboa. AEB dira berotegi-efektuko gasen munduko bigarren igorlerik handiena. «The chant is drill, baby, drill», erantzun omen zion Joe Bideni Sarah Palinek (oroitzen?) 2008an. Historia bueltan dator, baina alderantziz, orduan komedia zena orain bihurtu da tragedia. Pentsatuko dute Kalifornia hegoaldean…
Batera edo bestera, gakoa omen da, beti bezala, dirua mugiaraztea. The Business case. Proiektuarekin bat egiteko arrazoiketa taxutzea, aintzat hartuz etekinak, kostuak eta arriskuak. Baina, kasu honetan, ardatza ez da ingurumena, baizik eta etekina, diruaren mugimendua.
Abiapuntua diagnostikoa da. Hainbat adituren arabera, bi graduko beroketatik gora merkatu finantzarioen krisia dator. Labur azaltzeko, merkatu finantzarioentzat aseguruak segurtasun oihalak dira. Pertsona batek edo entitate batek inbertsio bat egiten duenean, arrisku bat hartzen du. Arriskua gauzatzen bada, ondorio ekonomikoa dago. Aseguruak arriskua arintzen du eragin ekonomikoaren ardura bere gain hartuz. Bada, adituen arabera, bi gradutik gora arriskuak handiegiak izango dira, aseguruek inbertsioen ondorio ekonomikoak bermatzeko.
Ondoren ekintza planak datoz. Baditugu erronkan aukera ikusten dutenak. Merkatu finantzario globalaren biziraupenak trantsizio berdea behar badu bizirauteko, badu motibazio bat ere inbertitzeko. The Business Case. Honela azaltzen omen da Next Generation funtsen finantzazioa, 750 bilioi euro. Bestetik leudeke bi graduen agertokia emantzat jotzen dutenak. Merkatu finantzario globala galdua bada, indartu behar da ekonomia nazionala. Bataila dira oinarrizko lehengaiak eta, noski, horiek dituzten lurraldeak. The Business Case. Armak eta gerrak. •