Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Datorren iraultza

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Europak agintzen du arkitekturaren egitekoaren norabidea. 2050 urtearen epemugan, eraikuntzaren oinarriak eraldatu nahi dira, Europar Akordio Berdean adostutakoa lortzeko bidean. Azken helburua “gizarte erresiliente” bat erdiestea da, eta sektore bakoitzak bere gida orria zehaztuko du, elkarrekin trantsizio-energetikorantz jotzeko. Eraikuntza alorrean deskarbonizazioaz dihardugu, eta eraikin berrietan eta eraikitako parkean eragin nahi da; energia eta uraren kudeaketa eraginkor bat burutu, eraikinaren baliabide horien beharra txikituz eta beharraren erdiestea eraikinak berak hornitzeko. Eraikina kontsumo zeroko zirkuitu bat izan dadila, alegia.

Aldaketarako diru mordoa inbestitu nahi da, eta akzio-estrategiak nagusiki bi dira: eraikuntza berrietarako zertifikazioak exijitu (lobby handi bat dago dagoeneko zertifikazioak lortzeko sistema eta neurgailuetan, zertifikatzen denaren jarraipenerako) eta dauzkagun eraikuntzen berrikuntzarako pizgarri ekonomikoak eman. Eta bien bitartean, informazio eta formakuntza iturriak zabaltzen ari dira, lortu nahi diren emaitzak zein modutan egin behar diren azaltzeko. Erronka handia da 25 urtetan iraulketa burutzeko. Adi, gas instalaziorik gabeko etxeak hobetsiko dira bakarrik, eta gaur egun etxeen %70 inguruk gasa darabil.

Berritasun handikoa da ekonomia zirkularraren txertaketa, eta, beraz, Eraikinaren Bizitza Zikloarekin lan egitea. Arkitekturaren sistema, material edota xehetasun bat erabakitzeko unean, eraikina osatzen duten elementuen berritze aukerak esan nahi du produzitzeko erabili den ur kantitatea, bere ekoizpenean ustiatutako baliabideen iturria eta sortzen duen hondakin kopurua kuantifikatzea eta neurtzea. Horretarako software espezifikoak daude eta informazio kantitate erraldoia mugitu behar da material unitate bakoitzetik, beharrezko datuek programa informatikoa elikatzeko (eta datuak egiazkoak diren zertifikatzeko fiskalizazio enpresak sortu). Honek ez du esan nahiko material kutsakorrik erabiliko ez denik, baizik eta balantzean nota egoki bat ematen duen erabaki-sorta bat egingo dela parametro horien arabera.

Eraikinaren Bizitza Zikloan material/energia xahutze handia egiten da, batez ere baliabideen ustiaketan eta erabilera faseetan. Erabilerako bizitzan, instalazio, ekipazio eta barne banaketaren berriketetan burutzen den birziklapen eta ordezkatze lanak oso urriak dira, eta ohitura hau penalizatu egin nahi da.

Interesgarria, baina teorikoegia ez ote da? Zailtasun handia ikusten diot, arkitekturaren erabakiaren unean, datozen 50/75 urteetan gerta daitezkeen egoera materialen aurreikuspen konpleto bat egiteari eta ziurtatzeari gaur egungo material eta elementuen osaketetan dauden piezen ordezko industria egongo dela. Gainera, ez dakit Alemaniako eraikuntza sektoreko artisaugintza nola dagoen, baina gurean hiltzen ari den ofizioa da. Uste dut, zertifikazioaren bide administratiboaz gain, eskuekin adabatu daitekeen berregite-jakintza sustatzea funtsezkoa dela. Sistemak hondoratutakoak salbatuko du sistema akaso. •