Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
LAU TULIPANEN KONTRAKO SEGADA

El Salvadorren 1982an Armadak hil zituen lau kazetari holandarren auzia epaiketara eraman dute

Koos Jacobus Andries Koster, Jan Corenlius Kuiper Joop, Johannes Joop Willemsen eta Hans Lodewijk ter Laag kazetari holandarrak, «lau tulipanak», El Salvadorren hil zituzten gatazka armatuaren testuinguruan, 1982ko martxoaren 17an. Indar Armatuetako Antonal Batailoiko patruila baten segadan erori ziren, Chalatenangora zihoazela. Ikerketa duela lau urte zabaldu zuten berriro, eta iazko abuztuan epaitegi batek auzia epaiketara eraman zuen.

Holandako lau kazetariak, lau «tulipanak», Comunicandonos Fundazioak igorritako artxiboko irudi batean.
Holandako lau kazetariak, lau «tulipanak», Comunicandonos Fundazioak igorritako artxiboko irudi batean. (FUNDACIÓN COMUNICÁNDONOS)

Koos Jacobus Andries Kosterrek Teologia ikasi zuen Amsterdamen, baina kazetaritzarekin maitemindu egin zen Holandako irrati emandegi batean lan egiten ari zela. Horrek Latinoamerikako errealitatea gertutik ezagutzeko aukera eman zion. Txilen Augusto Pinocheten diktadura indarrean zegoela, atxilotu egin zuten. Ondoren, Perura, Mexikora eta El Salvadorrera joan zen, non Oscar Arnulfo Romero San Salvadorreko artzapezpikua elkarrizketatu zuen. 1980ko martxoaren 24an hil zuen Romero heriotzaren eskuadroi batek, meza ematen ari zen bitartean, giza eskubideak eta adierazpen askatasuna defendatzeagatik eta, berdintasun eza, heriotzaren eskuadroiak eta sarraskiak salatzeagatik. Bere homiliak etxe guztietan entzuten ziren. Romeroren heriotzak gogor kolpatu zuen Koster, eta El Salvadorreko errealitatera gehiago hurbildu zuen gertaera horrek. 1982ko otsailaren 23an, 46 urte zituela, El Salvadorrera iritsi zen Mexikotik, hiriburuko egunerokotasuna eta gatazka armatuaren guneak IKON telebista katerako jasotzeko asmotan. Berarekin batera, Jan Kuiper, Joop Willemsen eta Hans ter Laag joan ziren.

Martxoaren 28an Biltzar Konstituziogilea aukeratzeko hauteskundeak iragarrita zeuden El Salvadorren. Nazioarteko 700 kazetari inguru zeuden Erdialdeko Amerikako herrialdean gatazkari eta hauteskundeei jarraipena emateko.

Bi urte lehenago, 1980ko urriaren 10ean, FMLN (Frente Farabundo Martí para la Liberación Nacional) sortu zen. Bost talde politikok eta gerrillariek osatzen zuten: El Salvadorreko Partidu Komunistak (PC); Askapenerako Herri Indarrak (FPL); Herriaren Armada Iraultzaileak (ERP); Erresistentzia Nazionalak (RN) eta Erdialdeko Amerikako Langileen Alderdi Iraultzaileak (PRTC).

El Salvadorrek eta FMLNren borroka iraultzaileak nazioarteko herrialdeen arreta bereganatu zuten. Hedabide garrantzitsuenek korrespontsalak zituzten, nahiz eta garai horretan El Salvadorren kazetaria izatea arrisku handiko lanbidea izan.

Iturri batzuen arabera (Mugarik Gabeko Kazetariak), 17 kazetari hil zituzten eta beste bat desagerrarazi zuten El Salvadorreko gatazka armatuan. Beste iturri batzuek, ordea, Prentsa Askatasunaren Behatokiak adibidez, 1980tik 1992ra 36 kazetari hil edo desagerrarazi zituztela diote. Heriotzaren eskuadroiak izan ziren erantzuleak kasu gehienetan, baina enfrentamenduetan eta segadetan ere hil zituzten. «Gure betebeharra zen miseria horretara itzultzea. Itzuli behar genuen ez bakarrik informatzeko, baizik eta boteretsuak gure presentziarekin gogaitzeko», adierazi zuen Gijs Wandersek, Kosterren lankide eta lagunak.

Lau kazetarien heriotzak jasotzen dituen «La Emboscada» liburuaren aurkezpena El Salvadorren. (FUNDACION COMUNICANDONOS)

1982ko hasieran, heriotzaren eskuadroiek 35 kazetarien izenekin zerrenda bat utzi zuten irrati emandegi batean. Heriotza mehatxuak jasotzen zituen zerrenda hura hoteletako pasilloetan eta prentsa bulegoetan azkar batean zabaldu zen. Izendatuta azaltzen ziren kazetariei gerrillaren aldekoak izatea eta nazioarteko komunismoa zabaldu nahi izatea leporatzen zieten.

“The New York Times”, “The Washington Post”, “The Miami Herald”, “Newsweek”, “The Associated Press”, “ABC”, “NBC”, “Voice of America”, “British Broadcasting Corpo” eta “United Press International” hedabideetako kazetariak, besteak beste, zerrendatu zituzten. Baina egun gutxitara hil zituzten lau kazetari holandarrak ez ziren zerrenda horretan ageri.

Atxilotuak astebete lehenago

Hil zituzten egunean, 1982ko martxoaren 17an, Chalatenangora zihoazen FMLNren kanpaleku batean erreportaje sorta bat egitera. Haiekin, Martin izeneko gerrillari bat zihoan. Segadatik bizirik atera zen bakarra izan zen. Kazetari bezala identifikatuta egon arren, eraso egin zieten.

Soilik astebete lehenago, martxoaren 11n, atxilotu egin zituzten San Salvadorreko Alameda hotelean. Haien logelak goitik behera miatu zituzten.

Antza, Kosterrek FMLNeko kide batekin harremana egin zuen. Informazio iturri bat izan zitekeelakoan, paper zati txiki batean bere izena, telefonoa eta hotelaren helbidea idatzi zituen -«enHotelAlamedahabitación418tel239999holandés»-. Hiru izar eta bost solairu zituen Alameda hotela San Salvadorreko erdigunetik kotxean lau minututara zegoen. Egiaren Batzordearen arabera, militarrek gerrillari hura jarraitu zuten eta ihesean papertxoa erori zitzaion.

Komisarian kazetariei egin zieten galdeketaren aktak beste bertsio bat jasotzen du. Horren arabera, militarrek Jorge Luis Mendez izeneko gerrillaria hil zuten eta poltsiko batean papera atzeman zioten.

Bake Akordioak sinatu arte indarrean egon zen Ogasun Poliziaren hamar polizia Kosterren bila joan ziren zibilez jantzita Alameda hotelera. Kuartel nagusira joateko «gonbidapena» luzatu zioten. Bere lankideek berarekin joatea erabaki zuten.

Kosterrek FMLNrekin loturarik zuenik ukatu egin zuen eta ez zuela «terroristarik ezagutzen» nabarmendu zuen. Galdeketaren ostean, aske utzi zituzten. Momentu hura betiko erregistratu nahi izan zuten, eta gerora ikono bihurtu den taldeko argazkia atera zuten -ezkerraldeko orrialdean ikus daitekeena-.

Oscar Perez, Comunicandonos fundazioko presidente-zuzendaria. (FUNDACION COMUNICANDONOS)

Egiaren Batzordearen arabera, martxoaren 16an Infanteriaren Laugarren Brigadaren Estatu Nagusiko ofizialek bilera eguna zuten, horien artean Mario A. Reyes Mena koronela eta eliteko Atonal Batailoiko buruak zeuden. Inteligentzia-zerbitzuen txostenek jasotzen zutenez, lau kazetariek gerrillariek elikagaiak eramateko egiten zuten bidetik pasatzeko asmoa zuten, Santa Ritatik gertu. Ogasun Poliziak jarraipenak egin zizkien lau kazetariei gerrillariaren poltsikoan aipaturiko paper zatia atzeman zutenetik. Tiroz josi zituzten, bai beraiek baita beraiekin zihoazen bi gerrillariak ere. Hirugarren batek ihes egitea lortu zuen. Lurrean motxilak, arropa, pelikula zintak… barreiatuta gelditu ziren.

Lau «tulipanen» gorpuak Amsterdamgo Schipholeko aireportura iritsi ziren 1982ko martxoaren 27an. Hiletak irratian eman ziren zuzenean, telebistako albistegietan ere oihartzun handia izan zuten. Arratsaldeetan, Holandako irrati publikoak lau kazetariek El Salvadorren egindako grabaketak zabaldu zituen.

Hans van Gerven eta Jan Schmeitz kazetari holandarrek errekonozitu behar izan zituzten gorpuak. «Hauteskundeen testuinguruan, kazetari asko geunden El Salvadorren. Interes handia nuen ulertzeko nola bizirauten zuten pertsonek egoera diktatorialetan. Zein zen askapenaren teologiaren eragina eta Romero apezpikuarena, batetik, eta klero kontserbadorearena, bestetik. Jende arruntaren eta pobrearen biziraupenaren aldeko borroka puri-purian zegoen. El Salvador mundu mailako arazoa zen garai horretan. Inteligentzia-zerbitzuek gertutik jarraitzen gintuzten. Hoteleko hall-ean geundenean, adibidez, beti zegoen norbait gu behatzen. ‘Mendebaldeko kazetari guztiak hil beharko lituzkete’, esan zuen ozen batek. Horretaz primeran gogoratzen naiz, zeren Koos eta bere lantaldea atxilotu zituzten egun berean izan zen. Jan Schmeitz eta bioi egokitu zitzaigun gorpuak errekonozitzea. Ondoren hotelez aldatu ginen, Camino Real-era joan ginen, bertan nazioarteko kazetariak egon ohi ziren. Gau horretan, kazetarien izenekin osatutako zerrenda beltzak zeuden zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Hilketak oso ondo planifikatuta zeuden, iritsi zen lehen informazio sailaren arabera», gogoratu zuen Van Gervenek “La emboscada” liburuan.

Haien azken lana La Marionan

Erbesteratu behar izan zuen Roberto Cuellar abokatu salvadortarrak hitz hauekin gogoratzen du Koster: «Nortasun urduriko tipoa zen, bere kontaktuetan ausarta zen, mugimendu iraultzaileekin, militarrekin, alderdi politikoetako funtsezko pertsonaiekin harremanak zituen eta. Herbehereak demokrazia kristau indartsuaren sorleku izan ziren eta bandera horrekin kazetari batzuk iritsi ziren, horien artean IKON katea».

Lau kazetarien azkeneko lana 1982ko martxoaren 14an La Esperanza o Marionako espetxean preso zeuden hamar sindikalistei egindako elkarrizketa izan zen. Handik bi urtetara, 1984an, aske utzi zituzten eta Holandak babes politikoa eman zien.

«Oso lagunkoiak iruditu zitzaizkigun. Preso politikoen egoera eta espetxeetako errealitatea zein zen jakin nahi zuten. Kosterrek galderak egiten zituen. Preso politikoen batzar txiki bat eratu genuen, argazkiak atera genituen. Horietako irudi batean, aurpegia eta hankak azidoarekin erre zizkioten kide bat ageri zen. Ziegak grabatu zituzten. Sei pertsonentzat ziren arren, garai horretan ziega bakoitzeko hamabi lagun geunden. Bi astero, Polizia Nazionala, Guardia Nazionala, Armada… gu kolpatzera etortzen ziren. Kazetari holandarrek gure bizi baldintzak ezagutu nahi zituzten. Sekula ez genuen pentsatuko bisita hura izan eta egunetara hilko zituztenik. Ostegun goiz batean, guardiek ahoz behera jartzera behartu gintuzten eta gure gainean ibiltzen hasi ziren. Fusilen kulatarekin gu jotzen hasi ziren, behin eta berriro. Bat-batean, guardia bati entzun nion ‘hauek dira igandean kazetari holandarrek elkarrizketatu zituzten horiek’. Beste guardia batek zera erantzun zion: ‘Horiek atzo hil ziren enfrentamendu batean’. Orduan jakin genuen hil egin zituztela, eta espetxean sartzen zergatik utzi zieten pentsatu genuen berriro, hedabideei ez baitzieten espetxean sartzen uzten, are gutxiago atzerritarrei», esan zuen Alfredo Hernandezek, preso zegoen sindikalistetako batek.

Segada izan zen lekura kazetaritza ikasleekin egiten duten txango bat. (FUNDACION COMUNICANDONOS)

1993ko martxoaren 20an onartu zen Amnistia Legearekin auzia itxi zuten. 2016ko uztailaren 13an, El Salvadorreko Auzitegi Konstituzionalak indargabetu zuen, eta 2018ko martxoaren 13an, Comunicándonos Fundazioak eta Giza Eskubideen Aldeko El Salvadorreko Elkarteak (ASDEHU), Herbehereetako enbaxadaren sostenguarekin, lau kazetarien heriotza zela-eta salaketa bat tartekatu zuten.

Akusatuak ondorengoak ziren: Jose Guillermo Garcia Defentsa eta Segurtasun Publikoko ministro ohia -bera karguan zegoen bitartean, 1978tik 1983ra, zibilen kontra Indar Armatuek egindako 41 sarraski dokumentatu dituzte-; Francisco Antonio Moran Ogasun Poliziaren zuzendari ohia; Mario Adalberto Reyes Mena, Infanteriaren IV. Brigadaren komandantea garai horretan; Rafael Flores Lima, Indar Armatuetako Estatu Nagusiko buruzagia -2020. urtean hil zen San Salvadorren. El Mozoteko (1981) eta El Calabozoko (1982) parte izan izana leporatzen diote-; eta jada hilik dagoen Mario Canizales Espinoza, kazetariak hil zituen Atonal Batailoiko patruila zuzendu zuen Ameriketako Eskolan ikasi zuen sarjentuak.

2022ko urriaren 14an, epaileak Jose Guillermo Garcia, Francisco Antonio Moran eta Mario Adalberto Reyes Mena atxilotzeko agindua eman zuen. Azken hau Estatu Batuetan bizi zenez, estraditatzeko eskaera egin zuen. Iazko abuztuaren 22an, epaiketari bide emateko auzia osoko bilkurara eramatea erabaki zuen. «42 urtez lau kazetarien hilketa inpunitatean egon da. Lehenengo aldiz goi mailako militarrak eta Defentsa ministroa izandakoa eseriko dira akusatuen eserlekuan. Biktimak erdigunean jarriko dira eta ez biktimarioak, lehen aldiz hori ere. Epailearen erabakia oso garrantzitsua eta historikoa da guretzat. Epaiketa honek, gainera, beste batzuk bultzatu ditzake. Fiskaltzak egia eta justizia eskatzen duten 200dik gora salaketa ditu esku artean», adierazi du Oscar Perezek, Comunicándonos Fundazioko presidente eta zuzendariak, GAUR8rekin telefonoz eginiko elkarrizketan.

Kazetarien kontrako segada «oso ondo pentsatuta eta antolatuta egon zen. Ekintza horrekin, egia isilarazi eta adierazpen nahiz prentsa askatasuna eragotzi nahi zuten. Agintarientzat Gobernuaren eta Indar Armatuen irudia “zikintzen” zuten eta Ameriketako Estatu Batuek El Salvadorri ematen zioten laguntza militarra arriskuan jarri zezaketen».

«El Salvadorreko Indar Armatuek estatubatuarrek Vietnamdik ekarritako lur suntsituaren politika aplikatu zuten. Arrainari ura kentzea esaten zioten. Arraina gerrilla zen, eta ura, zibilak. Sarraskien, jazarpenen, bonbardaketen... garairik okerrena izan zen. Zibilak ihesean atera ziren, horietako asko Hondurasen babestu ziren kanpalekuetan. Testuinguru horretan, kazetari holandarrek klase ertaineko familia bat elkarrizketatu nahi zuten San Salvadorren, non gerrarik ez zegoela eta den-dena oso ondo zegoela esaten zen, eta bestetik, gerra eremura joan nahi zuten biztanleriaren sufrikarioa jasotzera. Torturak, bonbardaketak, desagerpenak, hilketak... jasaten zituzten zibilak elkarrizketatu nahi zituzten. Eta bide batez, gerrillariekin mintzatu. Baina lanaren bigarren zati hori ezin izan zuten egin, zeren FMLNren kanpalekurako bidean hil zituzten. Nazioarteko korrespontsalen lana oso garrantzitsua izan zen garai horretan, zeren El Salvadorreko hedabideak Gobernuaren eta Indar Armatuen aldetik baldintzatuta zeuden. Nazioarteko kazetariei esker, munduak ezagutu ahal izan zuen bizi genuen egoera lazgarria zein zen. Haiei esker, El Mozoteko sarraskiaren eta beste sarraski batzuen berri izan genuen. Garesti ordaindu zuten, ordea: 30etik gora kazetari salvadortar eta atzerritar hil zituzten gatazka garaian».

Inpunitatea eta memoria

Esan bezala, 43 urte hauetan inpunitateari aurre egin behar izan diote auzia bizirik mantentzeko. «Borroka desorekatua izan da. Tarte honetan, Arena talde politiko eskuindarraren lau gobernu, FMLNren bi eta Nayib Bukeleren bat pasa dira. Hamarkada hauetan inpunitate sare bat josi da eta oso zaila da gizateriaren kontra eta gerra krimenetan aurrerapausoak ematea. Ez dago justizia trantsizionalik. Biktimarioak beti erdigunean egon dira. Beti boterean edo boteretik gertu egon dira, edo boterean daudenen lagunak dira. Memoria ezabatzea nahi dute. Baina, laster edo beranduago, egia eta justizia gailendu egingo dira eta espero dut epaiketa hau inpunitatea apurtzeko lehen urrats bat izatea», nabarmendu du Perezek.

Holandako «lau tulipanen» memoria bizirik mantentzeko eta haien heriotza ahaztu ez dadin, kazetaritza ikasleei zuzenduriko bisita gidatuak egiten dituzte,, esaterako, segada izan zen lekura, memoria historikoaren astea eta bestelako ekimenak antolatzen dituzte. Helburua, egiaren eta justiziaren bidetik, kazetariak «memoria historikoaren militante» bihurtzea da.

«Etengabeko inurri lan bat da, belaunaldi berriek batzuek borratu nahi dituzten orrialde horiek irakur ditzaten», plazaratu du.

Koos Jacobus Andries Koster, Jan Corenlius Kuiper Joop, Johannes Joop Willemsen eta Hans Lodewijk ter Laag kazetarien omenez ipinitako arrosa zuriak. (FUNDACION COMUNICANDONOS)