Ilbeltza
Ilbeltza joan da eta hemen da inauteri garaia. Lurra kolpatzekoa, dantzatzekoa, naturari gogoraraztekoa iratzarri behar duela, bizitza deituriko honek aurrera jarraituko badu. Hasi da lurra esnatzen, errituak dira berritu. Negua baita loa, atsedena, ezinbesteko itzaltze bat, sekula lorerik etorriko bada.
Erraza dirudi maskarak, joareak edo mozorroak jantzita natura esnatzeak, berez etorriko dela badakigun horri modu sinbolikoan deitzeak, geronek ere gogora dezagun bagarela eta izango garela. Hain bukolikoak eta poetikoak balira esnatze guztiak… Ba, ez nintzateke testu hau idazten ariko.
Gure amonak urteko lehenengo hilabetea izendatzeko erabiltzen zuen hitzaren antzera igaro baitzaigu hilabetea bera: beltz. Dramatikoegia, akaso, begirada zilborretik mundura altxatzen duen edonorentzat; argigarria ere bai, erraietatik zutabera botaka egiteko.
Inork ez digu erakusten guraso izaten: norberak asmatu behar du bere erle-dantza propioa, zaintzaren eta hazkuntzaren neguak eta inauteriak egoki programatu, eta udaberrirako liliak polinizatzeko. Erlama batek ez du besterik nahi: bere erletxo txikiak lorez lore usainean ibitzea, nektarraren estasian, eta hala behar dutenean erlauntzara biltzea, besarkada eztitan. Erle zaharrentzat bigunegia den abaraskako gelaxka guztietara zabaltzea behinola bere gorputza izan zen etxearen teilatua.
Beti ez du lortzen, ordea; tarteka, erle txikiak kabitu ezinda bilatzen ditu erlauntzan, polen gozotan gazi, edozein dantzari entzungor. Eta, orduan, erlama ziztadaka hasten da; ez beti norabiderik egokienean, baizik eta ahal duen bezala.
Etorriko ahal dira loreak. •