Itsasoaren ardora begietan

Itsasoan zoazela, ura beltz-beltz ikusten da, eta halako batean, dirdira. Arrainak, martxan, buztanarekin ateratzen duen argiari, horri deitzen zaio ardora. Justo Silbeti (1935) Getariako arrantzalea eta Aitor Arregi (1971) Elkano jatetxeko patroia daude tertulian mahaiaren bueltan, begietan itsasoaren ardora dutela. Sukaldariak izugarri gozatzen du adineko arrantzalea entzuten, bizirik dagoen liburu bat hitz egiten ariko balitzaio bezala. Justok, berriz, sukaldariak itsasoan harrapatutako gertuko arrainak pentsaezin diren moduetan erre edo prestatzen dituelarik, omenaldia sentitzen du mokadu bakoitzeko. Eta halako egoeratan, isilik egon eta zapo arrain aurpegia jartzea da antropologoaren erabakirik onena, landa lanak izaten dituen momentu berezi horietako bat gozatzea.
«Arratsalde on», agurtu du Aitorrek Justo, goiza bada ere. Badaki arrantzale jubilatua izanagatik, albarako jaikitzen dela. Gaur, 5.45ean martxan zen: bizarra moztu, dutxatu, kafea hartu, GARA egunkaria erosi eta irakurri, baratzean aritu... «Ni ez nauk ona, gaiztoa ere ez: Justo nauk», aurkeztu dit bere burua kostako umorez. Sarrera honekin, elkarrizketak asko emango didala sentitu dut. «Antxoa dagoenean, sarea bota, Josu!», esan ohi dit Aitorrek.
Itsasokumea itsas herrian
Sei urterekin itsasoan sartu eta txibitara joan zen lehen aldiz: «Orduan mareatu egin nintzen, orduz geroztik ez». 1946ko urtarrilaren 22an hasi zen lanean itsasoan Silbeti, 11 urte zituela: txalupa mutila izatea gizon izatea zen, ia. Galtza luzeak, txapela, bota handiak eta labana patrikan: petxua bost zentimetro puztuta, oroitzen da lagunengana harro-harro eginda azaldu zela, «nirekin ojo al kristo!» irribarre batekin, atzo izan balitz bezala. Orduz geroztik ia beti eraman du labana patrikan, erreminta moduan: korapiloak askatzeko, sokak mozteko, jateko... gorputzeko beste parte bat izan da labana arrantzalearentzat.
-Lehen egunean bisiguetara atera eta 17 arroa harrapatu genituen: 170 kilo. Frakzioa zen, baina arroa deitzen genion - esan du Justok.
- Gogoratzen al zara, ba?
- Joe, begien bistan.
Umea izanagatik, txalupa mutilak lan asko egiten zuen. Patroia txalupa mutilarengana joaten zen gauean, deika: «Justoooo...!!!». «Bai» esan arte ez zen errenditzen. Gero, txalupa mutilaren lana zen marinelak esnatzea herrian zehar. Farolik gabe, izarren argipean. Ixkotera joateko goizeko 2.00etan, Gaztelu edo Lakraiztara 3.30ean, eta barruko kalara, 5.00etan. Moilan elkartu, eta barkura eramaten zituen txalupan, baita aparejuak ere.
Igandero, sarea zabaltzen zuen txalupa mutilak Getariako balearen magalean. Eta hilean behin, kotoizko sarea tindatu egin behar.
- Hori ez dut inoiz entzun, Justo - deskubritu du Aitorrek.
- Kotoizko sarea, itsasoan zebilela, zuritu egiten zen. Eta tinta-lekuan tindatzen zen. Tinta, harri modukoa, irakiten jarri eta urtu egiten zen. Sarea handik aldameneko harraskara mugitzen zen, eta ostera, sikatzera.
Morroi txiki bat zen txalupa mutila: enkarguak egiten zituena, lan txiki askoren ardura zuena... Mutikoak erdia kobratzen zuen, nahiz eta lan asko egin. Otorduko orduan ardo zahatoa bueltan hasten zenean, «hik bigarren bueltan!», esaten zioten; txalupa mutilak bitik trago bat. Hala ere, malezia pixka bat lagun, zahatoa betetzera behera bidaltzen zutenean, berak han sartzen zuen pasa-txanda egindako ardo tragoa.
Ardoa 11 urterekin, eta urtebetera puru okerra ahoan. Gurasoek bazekiten erretzen zuela eta herriko jaietan purua jarri zioten bazkalostean. Aitak esan zion, «bazekiat erretzen duala, erre ezak», amaren begiradapean. 14 urterekin, «akeita, txola eta txokorra», (kafea, kopa edari batekin betea eta purua). Gogoan du irudia: aita-semeak berriketan eta purua errez. Aita mareatu, ordea, eta siestara joan zen. Justok gustura erre zuen aitaren purua, oraindik satisfazioaren ke zapore hura ahoan balu bezala gogoratzen du.
Itsasoa lantoki
Errespetu hura lortzeko lan asko egin zuen. Balenciaga, Mater Dolorosa, Ama doloretakoa, Kukuarri eta Haizetsu itsasontzietan aritu zen. Lehen, begi, belarri eta buruarekin arrantzatzen zuten. Gaur egungo teknologiarik ez zen garaian, jakintza, transmisioa eta interpretazioa ziren tresna. Txoria ikusten bazuten, han izango ziren arrainak, eta norabide hura hartzen zuten, edota balea ikustean, bazekiten atunak izango zirela. Belarriarekin ere arrantzatzen zuten: txartaa. Ez da ikusten iluntzean, baina soinua sumatzen da: «Sardina ta-ta-ta-ta... eta belarriak gidatu behar zaitu, norabidea sentitu eta sarea bota». Barkuak txanalak zituen, pertsona bateko txalupa txikiak, eta hangoek esaten zuten nora bota.
Bisigua, antxoa, zimarroia, hegaluzea... horrela antolatzen zuten urtea: «Santa Catalina noiz da, bisigutarako goiz da». Ba, hortik aurrera. Eguberri ostean, bisigua airatu egiten zen, hondotik gorantz joan, antxoa txikia jaten hasten zelako. «Bitsuran aritzen ginen orduan, bi ofizioetan: bisigua eta antxoa. Azalera botatzen genuen, eta fallo ematen zigunean, antxoatan segitzen genuen», oroitzen da. Ez zen dirua irabazteko garaia bisiguarena: arrain-partea banatu eta getariar gehienek bisigua jaten zuten egunero. Dirua irabazteko baino, goserik ez pasatzeko zen bisigu arrantza. Dirurik ez zuten izaten neguan, eta tabernetan zorretan apuntatzen zituzten, poituak hasten zirenean kitatzeko. Hala ere, oroitzen da Patricio Echeverria enpresariak ere 3400 langilerentzako gabonsarirako bisigua erosten zuela Getarian, eguberrietan. Urte batean, lehen bisigu egunean ez zuten ezer harrapatu, bigarrengoan ere ez... eta hirugarrengoan Zarauzko hondartzan, izugarri pila. Askotan estraperloan, hots, joan eta blas, sarea botata, harrapatuko zutenaren esperantzan. Itsasominez, azken bisiguaz oroitzen da: «1964. urtean harrapatu nian azkena». Jada ez da bisigurik Getarian.
Antxoarekin hasten zen saltsa. Antxoa asko harrapatzen zen, Zumaia, Zarautz eta Orioko bokan. Lau antxoa fabrika zeuden, eta herriko emakume eta haur asko aritzen zen haietan denboraldian. Alde zaharrean ere, etxeetako etxabeak antxoatarako bodegak ziren. Antxoekin batera, batzuetan arrain zakarra: antxoa artean beste zerbait harrapatzen zenean, horri esaten zitzaion zakarra, txitxarroari, adibidez. Txitxarro marikoia, kasa-txitxarroa, txitxarro beltza...
Sanprudentzioetan zimarroietan hasten ziren, eskuko aparejuekin, txitxarroa jarrita. 50 eta 100 kiloko piezak. Eta gero, atunetan: «Txibizale amorratua duk atuna. Irekitzen genuen, pota bazuen (txibia bezalakoa), behetik etorri den seinale». Eta hemen, antxoa eta sardina zuten barrenean. Hemen ez bazen, Azores aldera joaten ziren harrapatzera. Eta oroitzapen haiekin, egun gogorrak ere etorri zaizkio burura: arrantzale bati nola atera zion amua begitik. Ezin izan zuten ezer gehiago egin begia salbatzeko.
Hitzekin batera arrainak galduz
«Papalardoa, bere izena du japuta; katuarrainak, erdia hezurra. Tolla, marrazo kasta. Kiloko panekai deitzen genion abarka. Barbaina... Arrain asko galdu da hemen. Lehen itsasoko kosta aberatsagoa zen: harraldera joan eta legamuztua, farolekin joaten ginen harrapatzera, haitz gainean kandela jarri eta ateratzen zenean, txast! Zarauzko hondartzan gastaka asko harrapatzen zen. Mazopa, lantesa... salberak ere bai. Salberak eztena dauka bizkar gainean; eskorpioi arraina da. Orain botika-kutxa erabiltzen da, baina orduan ez. Zizta eginez gero, bere gibela hartu eta eztena sartutako lekuan jarri behar zen sendatzeko», laburbildu du di-da batean.
Bestelako bizimodu bat zen: egun batzuetan Askizu eta Mutrikuko baratzeetara joaten ziren arrantzaleak arto azalak, malutak biltzera. Maluta onenak egosi, eta lixibatan jartzen zituzten, kasamatxak egiteko, arrantzarako. Eta hainbeste hitz berrirekin, burua lehertu zidan Justok, itsasotik gertu eta urrun bizi naizela gogoraraziz. Hitzak galtzen ari dira, haiekin batera bizimoduak eta jakintzak. «Aitorri esan nion erreboiloa ez zela, guk erromona esaten genuela, eta hurrengo egunetik gaur arte erromona erabiltzen du», oroitu da. Eta Aitorren etxean, bereziki zainduko da herriko hiztegia: solairua da bogabantea, barbaina salmonetea... eta esaera batekin lagunduko du ahoz, txokorroa zerbitzatzen duenean, esaterako: «Txokorro hutsa baino arinago al hago?», esaten zitzaion xelebre zebilenari.
Getarian arrapalari antxirria deitzen diote. Antxirri horretan almejak, ixkirak... eta harraldean 100 lapa bildu eta haiek gordinik jaten zituen Justok, eta penaz kontatzen du: «Dena galdu da. Zeinek galdu du?», airean utziz galdera.
Malenkoniaz hitz egiten du batzuetan, garai onenak beraiek bizi izan balituzte bezala. Herri arrantzalea zen Getaria, plazara baino, moilara begira zegoena: «Alkateari ere esaten diot, lehen festa guztia moilan izaten zen». Moilan arrantza egiten zuten, hain zen ur garbia non hondoa ikusten baitzuten, eta pantxoak harrapatzea egunerokotasunaren parte zen. Bere hitzetan, garbitasunaren izenean, itsasora zerrikeria asko botatzen da: lixiba eta likido desberdinak... dena itsasora.
Eta galduz doaz, hitzekin batera, toponimia, ilargia, mareak, itsasoa... interpretatu edo sentitzeko moduak. «Mila korapilo klase dakizkigu egiten, lehen asko erabiltzen ziren eta. Orain bat ere ez da ikasten, zapatilena justu-justu», bota du hordagoa. Amua, garranga, pendela... eskuetan dudan honek oilo-ipurdia izena du. Duela bospasei urte, Magi senegaldarra ikusi zuen moilan aparejua egiten. Begira, ahoa bete hortz: «Ez dira herrian bost lagun egongo hori egiten dakitenak», esan zion. «Handik etorri diren gehienak ofizioa ikasita etorri dira».
Itsasontziko sukaldetik Elkanora
Justok bere bizierak eta ikuspegiak konpartitu ditu, eta esker onez, bazkaltzera gonbidatu gaitu Aitorrek bere etxera.
- Lantesa jango al duzu, Justo? Atrebituko al zara?
- Ez dut nahi lantesa, Aitor.
Animatu da, ordea, eta irribarrea atera zaio. Gustura jan du, zerbait berria deskubritu izan balu bezala. Oraindik oroitzen du Aitorrek zimarroi gordina dastatzeko eman zion eguna. Hemen, bizirik bagaude, denoi lehertzen zaigu burua tarteka.
- Orain amona Joxeparen arrain zopa, arrain zuria oinarrian, tipula potxatua eta zopakoa - ari da Aitor ilusioz-. Justo, haitzeko arrainak gustuko al dituzu? Barbaina arraro jartzen badut probatuko duzu?
- Aitor, nik ez dut horrenbeste merezi.
- Gu desiratzen gaude zu entzuteko, zuek duzuen memoriatik gu laguntzeko.
- Dakidana kontatzea ezin dut ukatu.
Itsasoko txoriak ere jan izan ditu, arrantzale zela. Kaioa ez, baina bai txirrina edo kolupia. Tollaren gibela jarri amuan eta harrapatzen zituzten: itsasoko ehiza. Bazkaritan, behin baino gehiagotan errepikatu du «itsasoa earra da» esaldia. Itsasoa izan du bere bizitza, eta oraindik ere moilara goizero joaten da, herri eta itsas giro hori arnastera. Itsasontzian 11.30ean bazkaltzen zuten, eta 18.30ean afaldu: «Bazkaltzeko atuna patatekin, eta afaltzeko patata atunarekin», kresaldun umorea erabiltzen du. Sardina kaxa, barrutik karearekin estalita, parrilla zen. Bertan ikatza bota eta gainean hegaluzea egiten zuten. Egunero pizten zen parrilla itsasontzian, egur ikatza erabiliz. Itsasontzitik etxera bueltan, taberna gehienek parrilla pizten zuten. Arrantzaleek beraien arrain partea egiten zuten libre, ardo eta sagardo tragoak ostatuari ordainduz. «Guk balkoian ere parrilla genuen, atera kontuak!», esan du. Getaria eta parrilla elkartzea atzoko kontua ez dela gogoraraziz, arrainburua eskuekin hartu eta zurrupatzeari ekiten dion bitartean. Itsasoan tenedorerik ez zuen ezagutu. Koilara, egurrezkoa.
- Tenedore onena eskua -irribarre batekin bota du-. Ni zurrupatzeagatik ez nauk lotsatuko, nahiz eta gero errieta entzun. Arraina jaten ikasi behar duk, ahoan ondo mastekatu, hezurrik ez geratzeko.
- Zer eman dizu itsasoak, Justo? - galdetu diot.
- Itsasoa egin behar zaizu gustatu, bestela alferrik da. Gustukoa ez bada, edozein lanbide da gogorra. Ni orain berriro jaioko banintz, berriro itsasora joango nintzateke, hori seguru dakit. Itsasoak eman dit jakintasuna, asko ikasi dut bertan. Nik ezin dut esplikatu zer den itsasoa niretzat.
Egun pozgarria izan da berarentzat, baita Aitor eta biontzat ere. Bihar, egunero bezala, azken 79 urtetan egin duen bezala, bere egunerokoan deskribatuko du eguna. 28.835 egunetako kronika du idatzita, eta agian, horrek mantentzen du hain bizi.
- Hor liburu bat zegok, Aitor - esan diot.
- Liburu bat ez, hor zegok bizitza bat -balioa eman dio.
Justok, ordea, abesti batekin eman nahi izan dio amaiera egunari:
En época de invierno, Getari honetan,
Se ve poca gente, gauaz tabernetan,
Es que no hay dinero, gure patriketan,
A la madre pidiendo, beti errietan.
Somos afiladores, kutxiloarekin.
Vamoz al Artzape, patrika hutsakin.
Todas las piedras gastadas, ofizio horrekin,
Se afila suavemente, txistu pixkatekin.
Me gusta hacer merienda, nire lagunakin,
Cuando no hay besugo, kabratxoriarekin.
Cogidos con el anzuelo, ta tollan gibelakin,
Se hace un buen guisado, patata biekin.
Ez dakit nori entzun nion behin, eta hori etorri zait burura: ezagutzen ez dena ez da maitatzen. Maitatzen ez dena ez da defendatzen. «Josu, bihar ere etorri!», agurtu nau Justok. Bai, gustu handiz.