Romualda Zuloaga, panderoari berba eginarazten zion galdakoztarra
Romualda Zuloaga (1913-1971, Galdakao) lehen lerroko pandero-jotzailea izan zen, plazan gizonezkoa nagusi zenean bere lekua egin zuena. Plazak dantza batean jartzen zituen panderoa astinduz, talentua zuelako eta festa maite zuelako. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak biografia josi dio, merezi duen lehen lerrora ekartzeko.

Galdakaoko Arteta auzoan jaio zen Romualda Zuloaga, 1913ko otsailaren 7an. Bere garaiko pandero-jotzaile puntakoa izan zen. Plaza publikoa gizonezkoen jabetzakoa zenean, bere tokia hartu zuen bertan. Bere helburu nagusia -inon inoren tokirik aldarrikatzea baino- ondo pasatzea zen; festa maite zuen, panderoa hizketan jartzeko gaitasuna zuen eta plazan lehen lerroa hartu zuen. «Ni ondo pasatzera etorri naiz», erantzuten omen zien punta zorrotzeko galderei. Garai hartan nahiko berritzailea ere bazen emakume batek ondo pasatzea bere lehentasunen artean jartzea. Eta Romualdaz egunotaraino iristen diren ahotsek horixe nabarmentzen dute: bere alaitasuna, festarako gogoa, nekaezinaren poza.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Soinuaren Liburutegia bildumako 17. alea Galdakaoko artistari eskaini dio. Gontzal Carrasco trikitilari eta historialariak ondu du “Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra” biografia. Hortaz, lehen lerrora ekarri du lehen lerrokoa izan zen artista, euskara eta euskal kultura bihotzean tatuatuta zituena.
Bere kasa ikasi zuen
Arteta auzoko Txapelgorri baserrian sortu zen Zuloaga, erromeria ikusgarriak antolatzen ziren inguruan. Akaso umetako auzo horretan piztu zitzaion panderorako eta festarako grina. Carrascok ondorioztatu duenez, segur aski autodidakta izan zen. «Ez dakigu oso seguru nola ikasi zuen. Bere garaiko pandero-jotzaileek etxean ikasten zuten normalean. Batzuek suertea zuten eta bazuten irakasleren bat inguruan, etxekoren bat edo lagunen bat, baina normalean autodidaktak izaten ziren. Erromerietara joan, ikusi pandero-jotzaileak nola jotzen zuen, etxera bueltatu eta plater batekin edo parean harrapatzen zutenarekin saiatu ikasten. Forma borobila zeukan edozerekin. Horrela ikasi ohi zuten».
Jose Ojangurenekin ezkondu zen, Galdakaoko Bekeako ermita inguruko Dorrearen Punta izeneko baserrikoarekin. «Jose umezurtza izan zen: aita hil zitzaion ama haurdun zegoela, eta bera jaio zeneko erditzean hil zitzaion ama. Romualdaren beraren auzokoak ziren izekoak eta osabak hazi zuten Artetan bertan. Umezaroa batera olgetan igaro ostean, ezkondu egin ziren», jaso du Carrascok bere liburuan.
Behin ezkonduta, Bekeara lekualdatu ziren eta bertan egin zuten bizitza. Biak ziren pandero-jotzaileak eta biek maite zuten festa, nahiz eta beren bizitza beti ez izan samurra. Lau seme-alaba izan zituzten: Lourdes, Rosario, Jose Miguel eta Maria Belen.
Rosario alaba 1936ko gerra krudelak hil zuen, sei hilabetetxo zituela. «Hegazkin ankerrak zerua zeharkatzen ikusten zituenean, Bekeako etxe alboko tunel batean babestu ohi zen Romualda bonbek jo ez zezaten. Gerra bereziki latza izan zen Romualdarentzat: alaba hil ostean, hiru egun behar izan zituen lurperatu ahal izateko».
Gerrak latz kolpatu zuen Zuloagaren eta Ojangurenen familia eta gerraostea ere ez zen samurretik joan Etxebarri baserrian. «Ekonomikoki ez zen oso familia boteretsua. Baserritarrak ziren, ortuak ematen zuenetik bizi ziren eta apopiloak hartzen zituzten etxean diru pixka bat ateratzeko. Ahal zuten moduan ateratzen zuten bizimodua aurrera».
Frankismoaren lehen urte haietan, Estatu espainoletik langileak ari ziren iristen Euskal Herrira, geroago gertatu zen industrializazioaren lehen urrats modura. Galdakao ere baserri inguru bat izatetik hirigune izatera pasatzeko prozesuan hasia zen, 30.000 biztanlera iristeko geroago. Romualda Zuloaga horren guztiaren lekuko izan zen, bere etxean hartu zituen apopiloen hizkuntza eta kultura ohituretan bertan.
Gontzal Carrascok bere biografian kontatzen duenez, Etxebarri baserrian senar-emazteak, hiru seme-alabak eta apopilo hartutako hiru langile bizi ziren garaian, Romualda goizaldeko bostetan joaten zen auzoko garbitokira etxeko guztien arropak garbitzera. Auzoko emakume batek -Francoren aldeko familia batekoa- kargu hartu zion, bera garbitokira joaten zenerako ura zikin topatzen zuelako, «etxean dekozuzan makakoen zikinkeriagaz beteta». Eta Zuloagaren erantzuna, «Zer esaten zabiz, Juana? Zuk Franco asko gure dozu, ezta? Ba Franco baino makako handiagorik ez dau. Nire etxeko beharginak Francoren, zure eta nire antzekoak dira».
Era horretako kontakizunek erakusten dute Romualda Zuloaga berritsua eta etorri handikoa zela. «Edozein egoeratan irtenbidea aurkitzen zuen. Artista hutsa zen, aurkitzen zuen edozeri buelta emateko gauza zen».
Bere izateko moduak lagunduko zion plazan lasai paratzen, gehienetan gizonen artean emakume bakarra izan arren.
Euskal kulturaren entziklopedia
Umetatik baserrian jaso zituen euskara eta euskal kultura, eta bizitza osoan saiatu zen horiek zaintzen. «Romualda baserritarra zen eta etxean jaso zituen euskara eta euskal kultura. Kultura horrekiko maitasunak eta begikotasunak eragina izan zuen bere izaeran eta ibilbidean. Oso ondo ezagutzen zuen kultura hori», kontatu du Carrascok. Bere etxean euskal dantzak irakasten zituen, eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldea eratu zenean, berak josi zituen jantziak. «Euskal folklorearen inguruko entziklopedia bat izan zen, adar guztiak kontrolatzen zituelako; trikitixa, euskal dantzak, jantziak, euskara, abestiak...», nabarmendu du historialariak.
Euskararen eta kulturaren ezagutzaile, maitale eta zaindari izan zen Romualda Zuloaga. Baina ingurua erabat liluratzen zuen panderoa astintzen zuenean. Gontzal Carrascok bere biografia liburuan kontatzen duenez, «inguruko begirasun guztiak bereganatzen zituen bere kasa ikasitako Romualdak. Berba eginarazten zion panderoari. Atzamar guztiekin jotzen zuen. Lortzen zuen soinua bestelakoa zen. Joten eta porruen estrofa bakoitzean aldaketak sartzen zituen, eta ez zituen abesti berean zati bi berdin jotzen. Bazuen sena nortasunez parte bakoitzean ukitu ezberdina sartzeko. Piezaren melodiaren arabera gauzatzen zuen Romualdak erritmoa era batean edo bestean. Buruz ikasitako letrei ere berak asmaturiko zatiak gehitzen zizkien». Panderoari inork espero gabeko birak ematen omen zizkion Zuloagak, eta bere saltzo eta irrintzi sutsuak ere sonatuak ziren. Bere senar Jose Ojangurenek ere panderoa jotzen zuen, baina ez Zuloagaren mailan.
«Teknikoki oso ona zen Romualda. Agian gaurko pandero-jotzaileekin konparatuz gero ez hainbeste, baina kontuan izan behar dugu sasoian ez zirela hainbeste trikitilari eta pandero-jotzaile ikusten eta maila desberdina zela. Testuingurua ere beste bat zen. 70eko hamarkadara arte trikitia herri kulturan babestu zen eta ez zuen beste inon garatzeko aukerarik izan. Testuinguru horretan, Romualda Zuloaga oso pandero-jotzaile ona izan zen. Trebea zen eta oso ondo jotzen zuen. Senarrarekin ere jotzen zuen, Jose Ojangurenekin, eta nabaritzen da Romualda abilagoa zela. Bada argazki bat biak elkarrekin panderoa jotzen ageri direna. Jose begira-begira dauka Romualdak, miresmenez. Haien alaba Beleni aipatu nion ‘maiteminez’ begiratzen ziola aitak amari argazki horretan. Eta Belenek esan zidan ezetz, Jose Romualdari begira dagoela haren erritmoari jarraitzeko. ‘Hain trebea zen panderoarekin, ez zen erraza berari jarraitzea’», kontatu du Carrascok.
Jose Ojanguren pertsona garrantzitsua izan zen Romualda Zuloagaren bizitzan. Garaiko jendartean gizonek hartu ohi zituzten roletatik apartatu zen eta horri esker pandero-jotzailea lasai ibili zen gustatzen zitzaiona egiten. «Gaur egun bortitza gertatzen da esatea senarra ‘malguagoa’ zenez Romualdak gustatzen zitzaiona egin ahal izan zuela. Gaur egunetik begiratuta, gogorra egiten da hori esatea. Belenek, haien alabak, asko nabarmentzen du hori. Tristea da hori onartzea, baina egia da sasoian, generoaren araberako rolen banaketan, badirudiela Josek gizonei inposatzen zitzaien rol horretatik alde egiten zuela. Emaztea panderoa jotzera joaten zen munduan barna beste gizonezko batekin, eta berak animatu eta bultzatu egiten zuen, eta bera etxean geratzen zen seme-alabekin. Jose Romualdaz harro zegoen. Berak ere panderoa jotzen zuen eta konturatzen zen Romualdak berak baino hobeto jotzen zuela. Gainera, Romualdak saltzoak egiten zituen eta koplak kantatzen zituen. Jose jakitun zen Romualda artista puska bat zela, abila zela. Bere garairako gizon modernoa izan zen, eta baita Romualda ere», uste du Carrascok.
«Inguratzen zituzten trikitilari guztiak gizonak ziren arren, ez pentsa Romualda batere kikiltzen zenik. Berak ez zuen panderoa jotzea balentriarekin lotzen, plazara lotsarik gabe ateratzeak ez zuen ausart bilakatzen. Askotan Jose eta umeak etxean utzita irteten zen kalera berak gura zuena egitera. Ganorabakotzat izango zuten askok, baina Romualda argia zen, eta jakingo zuen helduko zitzaizkion iruzkinei hanka egiten. Berak panderoari ekin eta koplak botatzea besterik ez zuen gura». jasotzen da biografian.
Albokariak eta trikitilariak
Albokariekin eta trikitilariekin aritu zen bikote Zuloaga. Mariano Barrenetxea albokariarekin plaza dezente egin zituen, gertukoak ziren. Barrenetxeari esker iritsi dira egunotaraino albokaren inguruko zehaztapen historiko eta morfologikoak. Horrez gain, Romualda Zuloagari buruzko kontuak ere jaso zituen Barrenetxeak, Gontzal Carrascok berak liburuan nabarmendu duenez. «Bere lerroetan Romualdaren inguruko pista ugari utzi zizkigun albokariak, pandero-jotzailea baino hamarkada batzuk beranduago hil zenak. Informazio-iturri oparoa da guretzat Mariano, berari esker ezagutzen ditugu Romualdaren kontu ugari. Oso begiko zuen pandero-jotzailea albokariak».
Antonio Aiesta, Silvestre Elezkano “Txilibrin” eta Martzelo Arrieta “Borlas” bidelagun izan zituen askotan.
1960ko hamarkadan, herritik hirira egin zuen salto Zuloagak, urte pare bat eman baitzituen Ballet Ollaeta eta Dindirri dantza taldearekin pandero-jotzaile. Carrascok liburuan kontatzen duenez, «Jose Luis Bengoa Zubizarreta kazetariak fitxatu zuen Romualda Olaetarako. Liluratu egiten zuen Bekeakoaren indarrak, idatzi zizkion hamaika albistetan adierazi bezala. Miretsi egiten zuen». Zubizarreta irratian ere aritzen zen kazetari, eta askotan aipatzen omen zuen Romualda. Bere heriotzaren berria irratian emateaz Zubizarreta bera arduratu zen.
Galdakaotik Bilbora egin zuen salto, ermita eta mendialdeko erromeriatatik antzoki eleganteera pasatu zen Olaeta eta Dindirri bezalako konpainia sonatuekin. Panderoa inguru horietara pasioz eraman zuen, baina ez zen inoiz apartatu Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldetik. 1955ean sortu zen eta beti topatu zuen magala bertan Zuloagak. Pare bat urtetan Bilboko konpainia horiekin aritu ondoren, berriz bueltatu zen Andra Mari ingurura. Eta imajina ezineko tokietaraino iritsi zen bere panderoarekin Andra Mariren eskutik, Gales eta Ingalaterrara kasu.
Mariano Barrenetxea eta Romualda Zuloagak Europako hainbat herrialdetara bidaiatu zuten Andra Mariko dantzariekin batera, eta Galesko Llangollen jaialdian sarituak izan ziren.
«Galesen egon zen behin seguru eta agian bitan. Sari batzuk eskuratu zituzten Marianok eta berak. Harrigarria da, 1965. urtea zen, Franko hiltzeko hamar urte geratzen ziren oraindik, eta emakume batek irabazi zuen saria, panderoa jotzen eta euskaraz abesten, seme-alabak eta senarra Galdakaon zeudela. Euskal jendarteak jakin beharko genukeen zerbait da zalantzarik gabe. Baina, tamalez, Romualda nahiko ezezaguna da», bota du hausnarketa Carrascok.
1964an lehen edizioan eta 1967an bigarrenean, Romualdak eta Mariano Barrenetxeak “Alboka: bailables vascos” diskoa argitaratu zuten; bat albokari eta bestea kantari eta pandero-jotzaile.
Ez zitzaion pila amaitzen
«Romualda oso pertsona alaia zen eta asko gustatzen zitzaion jaia eta ondo pasatzea», nabarmentzen du behin eta berriz Gontzal Carrascok. Bere biografiaren izenburura «panderoaren bidaia hilezkorra» ideia ekarri du horregatik, Zuloagaren izaera hori goratzeko. «Euskal folklorearekin lotutako jaiak, erromeriak, panderoa, trikitia.... asko gustatzen zitzaizkion. Arraroa zen emakume bakarra izatea hainbeste gizonen artean, baina denaren gainetik ondo pasatzea gustatzen zitzaion berari. Ondo pasatzeko grina zen bere izaeraren oinarria. Ematen zuen pila ez zitzaiola inoiz agortzen, ez berari ezta bere ingurukoei ere. Galesera joan ziren behin baino gehiagotan. Atzerritarren aurrean jotzen aritzen ziren, haiek seko txundituta utziz. Eta kontatzen dute euskaldunek ez zutela inoiz amaitzen jotzen; jo, jo eta jo. Azkenerako parean zituztenak etxera joaten ziren lotara, euskaldunei -tartean Romualdari- ez zitzaielako pila amaitzen. Nekaezinak ziren», esan du Carrascok.
Etxekoek ere halaxe gogoratzen dute, alai eta festarako prest. Bere alaba Belen Ojangurenek kontatzen duenez, «gaitzak jota zegoenean, panderoari ekiteko eta kantatzeko ohetik altxatzen zenean, sinesgaitza zirudien izaten zuen eraldaketa. Goitika ibiltzetik ingurukoak goititzera igarotzen zen amen batean. Romualdaren ikusleek pandero-jotzailea osasunez makal ote zegoen egiten zuten duda izaten zuen orduan alabak gogoan, bera besterik ez baitzen egoten amaren gaixotasunaren jakinaren gainean. ‘Jakingo ote dute lehentxoago ohean etzanda eta gonbitoka ibili dela?’».
1971n pausatu zen Romualda Zuloaga, gazte. Garaian sonatua izan zen arren, urte askoan itzalean egon da bere bizitzaren istorioa. Baina azken urteotan saiakera berezia egiten ari dira Galdakaoko Udaletik eta herritik Romualda Zuloagari bere tokia emateko. Bide horretan, 2017ko martxoaren 8an inauguratu zuten Urreta auzoko Romualda Zuloaga Artetxe plaza. Eta murala ere egin diote bere herrian pandero-jotzaile talentudunari. Zuloagaren aitortza egiteko bidean, Gontzal Carrascoren biografia beste gailur bat izan da.
Egileak aitortu duenez, informazioa biltzea ez da erraza izan; besteei buruzko informazioaren barruan begira egon behar izan du, bigarren lerroari begira. «Hori da liburu guztiaren tesia, era batean. Emakumea izateagatik, 60ko hamarkadan ibili zelako, ez dago informazio asko Romualdaren inguruan. Gizona balitz informazio gehiago izango zen. Romualdaren kasuan, bi iturri mota erabili ditut; dokumentalak eta ahozkoak. Dokumentalak informazio osagarria baino ez dira izan, apenas dagoelako bere inguruko informaziorik. Eta ahozkoetan elkarrizketak izan dira liburuaren funtsa, alabarenak eta bilobarenak». Belen Ojanguren eta Desi Sanchez ama-alabak izan dira, beraz, informazio iturri preziatu hori.
Romualda Zuloagaren bizitzaren berri jasotzean, beste gogoeta bat pizten da bidean: Maurizia Aldeiturriagaz gain, izan ziren emakume pandero-jotzaile gehiago -Mauriziak eta Romualdak elkarrekin jo izan zuten-. «Maurizia Aldeiturriagaren inguruan informazio gehiago daukagu. Eta bada zapalkuntza patriarkalaren adibide bat. Emakume bat eta bakarra da, mitifikatu egin duguna. Eta eredu bihurtu dugu. Maurizia bat izan da beste askoren artean. Batzuetan ematen du emakume bat goratzean beste guztiak ordezkatuak daudela horrekin, ñabarduraren beharrik gabe bezala. Maurizia bakarra da eta berarekin betetzen ditugu emakume guztiak, ordezkatu egiten ditugu. Bakoitzak bere historia dauka eta beste emakumeei ere ahots propioa ematea beharrezkoa da», iritzi dio Carrascok.
«Plazan ibiltzen ziren emakumeak normalean gero etxera joaten ziren zaintza lanetara edo beste gauzetara, gizonek plazan eta tabernan jarraitzen zuten bitartean. Emakume izatea traba izan da bere inguruko informazioa lortu ahal izateko, baina hori ezin da izan aitzakia emakumeek itzalpean segitu dezaten. Historialarion lana ere bada historiografia feminista eraikitzeko ahalegina egitea», amaitu du ikertzaileak.