Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA
[DATORRENA]

Ultraeskuin kontserbadore eta bizkortzaileak

Aste honetan Denis Merklen soziologo uruguaitarra etorri zaigu bisitan. Ipar Hegoa Fundazioaren eskutik etorri da, Pablo Seman argentinarrarekin batera. Merklenekin biltzea tokatu zitzaidan niri, eta bere analisietan egiten dituen ñabardurek galderak birpentsatzera behartzen zaituzte. Laster elkarrizketa argitaratuko diogu egunkarian.

Halere, berarekin elkartu nintzenez geroztik, bere gogoetetako batean pentsatzen aritu naiz. Olatu erreakzionario globalaren kontura, internazional autoritarioak mundu osoko gazteak nola interpelatzen dituen galdetu nion, mugimendu erreakzionario horiek guztiak lotzen dituen mezu global batekin.

Merklenen ustez, ordea, Ozeano Atlantikoaren alde batean eta bestean ultraeskuin horren izaera oso desberdina da. Ameriketan, Argentinako Javier Mileirekin hasi eta AEBetako Donald Trumpekin amaitu arte, lidergo autoritario horien joera bizkortzailea eta biderkatzailea da. Agintari ultraeskuindar horiek estatu-egiturak suntsitzeko agenda bat dute, neoliberalismoa beste estadio batera eramaten duten programekin, erakundeak eta zuzenbide-estatuak lehertzea helburu duten proposamenekin.

Aitzitik, Europan, mugimendu hauen jatorriei eta programei begiratuta aniztasun handia izan arren, ultraeskuinak sustrai kontserbadoreagoa du, orokorrean. Beren helburua askoz ere tradizionalagoa eta ideologikoki transbertsalagoa da: boterea hartu nahi dute, ezkerrak hartu nahiko lukeen bezalaxe.

Zentzu horretan, Europako ultraeskuinak beste lotura bat du herrialde bakoitzeko botere-egitura historikoekin, aurretiazko diktadurekin, establishment tradizionalekin. Haien familiak gobernuetan, goi-mailako funtzionariotzetan eta enpresa-kontseilu nagusietan egon diren leinuen parte dira. Aldaketetara moldatzeko gaitasuna izan dute, masa-mugimendu politiko bihurtzeko eta, kasu batzuetan, baita agintera iristeko ere. Erakundeak erreformatu nahi dituzte, kontserbadore on gisa, tradizio politiko luzea duen programa politiko baten parte gisa.

Amerikar autoritarioen kasuan, ordea, iraganarekiko erreferentzia ideologiko eta kulturalek baino askoz pisu handiagoa du bere proposamenen izaera disruptiboak. Jatorri erreakzionario-kontserbatzailearen gainetik, aldaketak bizkortzeko ideia hori nabarmentzen du Merklenek. Trumpek eta bere aliatuek zaharkitutzat jotzen dituzte indarrean dauden egiturak, eta ez dute horiekin itundu nahi, ezta haiekin elkarbizitza bat antolatu ere. Beren programak bizkortzeko tresna gisa baino ez dituzte erakundeak nahi. Egia esan, ordeztu egin nahi dituzte.

Izaera disruptibo hori ulertzeko, testuinguru teknologikoa determinantea da. Gil Duran kazetariak azaltzen duenez, hor kokatzen da oligarken eragina. Adibidez, Peter Thiel negozio-gizonaren eta J.D. Vance lehendakariordearen arteko harremana argigarria da. Egia da, lobby gisa, oligarka hauek beren interes partikularren alde ari direla -sindikatuen, eskubideen, zergen… kontra-, baina beren ideologia harago doa.

Auziei aurre egin ahal izateko, errealitatea ondo identifikatzea hil ala bizikoa da. Horregatik egin zait hain interesgarria Merklenen ikuspuntua. •