Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria

Zunda globoak?

Javier Milei eta Giorgia Meloni, Donald Trumpen kargu hartze ekitaldian.
Javier Milei eta Giorgia Meloni, Donald Trumpen kargu hartze ekitaldian. (CONTACTO | EUROPA PRESS)

Gazteleraz, «zunda globoa bidali» erabiltzen da ideia bat airera bota eta horrek sortzen duen harrabotsari erreparatzeko praktikari. Horrela, iritzi publikoaren erreakzioak aurreikusi daitezke, hein batean. Urteak dira enpresarien elkarteek halakoak erabiltzen dituztela lan baldintzak “malgutzeko” aitzakiarekin, 2000ko eta 2010eko hamarkadetan pairatu genuen bezala. Izugarrizko astakeria bota, denok beldurtu eta, ondoren, gobernuak behartu gure baldintzak gutxika okertzera haien onura hutserako.

2020ko hamarkadarako taktika aldatu du goi klaseak. Izan ere, haiek bai badutela aski finkatua klase kontzientzia. Eskuin muturrari erabateko babesa ematea erabaki dute. Horretarako, eskuin muturrak beti erabili duen zunda globo berezia ere babestu dute, hau da, erabateko gezurra. Mundua konspirazio ezkertiar batek gidatzen omen du eta konspirazio horren helburua gure haurrak sexuz aldarazi, zuriak azal ilunagoa dutenengatik ordezkatu eta munduan komunismoa ezartzea omen da. Barregarria irudiko luke, ez balitz orain ehun urte gauza bera gertatu. Garai hartan, mundua kontrolatu nahi zuen konspirazio judu-boltxebikea zen mamua, arraza puruak desagerrarazi nahi zituena.

Zentzu horretan, badago gure artean ere zabalduta ideia oker bat, pentsarazten diguna faxismoak bazuela nolabaiteko klase kontzientzia eta, iraultzaz hitz egiten zuenean, nola edo halako iraultza soziala ere amesten zuela. Baina haien iraultza izpirituala bakarrik zen, nolabaiteko langile kontzientzia zuten faxistak azkar baztertu zituztelako haien artetik eta iraultza faxista hark etsai argia zuelako: langileria antolatua. Praktikan, faxistek amesten zuten gizarte idealean garrantzitsuena ordena eta hierarkia finkatzea zen, baita ordena sozioekonomiko kapitalista ere. Beste gauza bat da haien iraultza izpirituala praktikara eramatean mundu mailako kaosa haizatu zutela eta, azkenean, goi klaseak faxismotik ihes egin zuela, bere burua babesteko.

Zentzu horretan, bai goi klasearentzat bai oro har iritzi publikoarentzat, faxisten paranoia konspirazionistak barregarriak izan ziren hasieran. Hitlerren gobernuko lehen urteetan ere, alemaniar gizarteak harriduraz ikusten zuen agintari berriek juduen aurka zuten herra. Baina noizbehinkako astakeria multzoa zena, juduen aurkako eraso mugatuak eta haiek baztertzen zituzten lehen arauak, urte gutxitan esterminazio politika ofizial bihurtu zen. Zunda globoa zirudiena, errealitate.

Badirudi Gazan XXI. mendeko Benidorm eraikitzea zunda globoa dela, edo inork onartuko ez duen astakeria. Baina eskuin muturrak, boterera iristen denean, erabat ezinezko zirudiena egia bihurtzen duela erakusten du historiak. Argentinako presidenteak ezkertiar guztiak, dauden lekuan egonda ere, deskantsurik gabe erreprimituko dituela dioenean bezala, hots, aurreko belaunaldian Argentinan bertan edo Txilen egin zuten bezala. Goi klaseak, beste behin, gizartearen gehiengoaren aurkako gerra abiatu du, horretarako berriro ere eskuin muturraren zaldi gezurtia babestuta. Ez dira zunda globoak, gerra da.