Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía
{ DATORRENA }

AEBetako perestroika

Aste honetan albistea izan da AEBetan arrautzak falta direla. Unitateak dolar bat balio du dagoeneko, eta supermerkatu batzuetan pertsona batek eros dezakeen gehieneko kopurua murrizten ari dira. Apalategi hutsak ikusten dira, SESBen bezala. Gogorarazten dit Moskun, 1989 inguruan, ezinezkoa zela arrautzak aurkitzea: ikasturte osoan dozena bat jango nituen, asko jota. Baliteke arrautzak krisi handi baten adierazle ezin hobeak izatea.

Gaur egungo egoeran, perestroikarekiko paralelismoak saihestezinak dira. Orduan, Moskutik zetozen aireek jokoz kanpo harrapatu zituzten Varsoviako Ituneko aliatuak. Beti gauza bera gertatzen da mendekoekin: nagusiaren diskurtsoa errepikatzen dute, eta nagusiak aldatzea erabakitzen duenean, galduta geratzen dira. Trumpek Ukrainako gerrari amaiera ematea erabaki du, eta Europaren mendekotasuna agerian utzi du. Are okerrago, jendea konturatu da Europako herrialdeek ez dietela kasu handirik egiten munduan. AEBetako bozgorailu lanak egiten ohituak, uste baino oihartzun txikiagoa dute munduan. Okerrena da Europak hartu duen jarrera militarista lotsagarria: hobe guda on bat bake txar bat baino.

Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak Bruselan egindako hitzaldiak mezu argi bat helarazi zuen. Esan zuen errealitate estrategiko berriak AEBei eragozten diela Europako segurtasunaren bermatzaile nagusia izatea. Bi hitzetan: hor konpon! Argi dago NATOren etorkizuna ere ukituta gelditu dela, nagusiak beste lehentasun batzuk dituelako.

Beste horrenbeste gertatu da USAID (Nazioarteko Garapenerako Estatu Batuetako Agentzia) jardunaren etenarekin. SESBen amaierari jarraitu zion internazional komunistaren desegitea bezalakoa da, baina oraingoan, nolabait esateko, desegin dena internazional liberala da. Aitzitik, zaila da pentsatzea erabat desegingo dutela; ziur aski helburuak eta tresnak birdefinituko dituzte. Izan ere, Estatu idazkari berriak, Marco Rubiok, AEBetako Kongresuan aitortu zuen mundu multipolar batean gaudela, «planetako hainbat lekutan potentzia handiak dituena». Inplizituki onartu zuen AEBak jada ez direla nagusigoa. Hortik abiatuta, ematen du beste botere handi batzuekin dituen harremanak birdefinitzen ari dela. Paradoxikoki, egoera horretan gehiago hitz egin behar du bere etsaiekin orain arte aliatuak ziruditenekin baino. Azken finean, nagusiak enplegatuengana jotzen du zer egin behar duten agintzeko, ez negoziatzeko. Branko Milanovic-ek aspaldi idatzi zuen bere aliatuentzat Trumpen etorrera Mijail Gorbatxovena bezalakoa izango dela.

Muga-zergen ezarpenak ere harremanak birkonfiguratzen ditu, kasu honetan ekonomikoak. Gobernuak egin dituen kontuak errazak dira: herrialdea industrializatzeko, hemen ekoiztera behartu behar da, eta horretarako, muga-zergak ezarriko zaizkie AEBekin superabit komertziala duten guztiei. Dirudienez, nahiko zaila izango da politika horrek funtzionatzea. Estrategia ekonomiko gisa ahula da, Errusian laurogeita hamarreko hamarkadan aplikatu zuten shock-terapiarekin parekatu daiteke, eta hark emaitza oso txarrak izan zituen. Barne politikan, Trumpek antz handiagoa du Boris Yeltsinekin eta hura inguratu zuten oligarkekin: orduan haiek jabetu ziren jabetza publikoaz, orain hauek Estatua bereganatu nahi dute.

Ematen du Trumpen taldea hegemoniaren amaieraren kudeaketa egiten ari dela. AEBek jada ez dute basailurik nahi, edo, agian, ezin dute mantendu, eta askoz harreman pragmatikoagoak bilatzen dituzte. Horrek ez du esan nahi AEBek munduan triskantzarik eragiten jarraituko ez dutenik; litekeena da lehen baino oldarkorrago bihurtzea, hitzetan behintzat hala da. Aldea da orain inposaketa modu lotsagabean egiten dutela, Palestinarekin egin ari diren bezala. •