Pommelier
Adinean gora joan ahala, badago bizitzan zehar ezagutu ditugun gazte batzuekiko mirespen sentimendu bat harrotasunarekin ere nahasten dena. Adibide bat jartzeko: urtebete eman nuen irakaskuntzan eta Juanito San Martinen seme bat izan nuen ikasleen artean, Unai, nik ezagutu dudan ikaslerik despistatuena, etxetik ikastolara bidean dena galtzen baitzuen, etxeko lanak eta liburuak barne. Baina barruan artista bat gordetzen zuela sumatzen zitzaion eta beti defendatu nuen.
Urteak joan eta sariak pilatzen hasi zen arte plastikoetan, eta 2002an Espainiako Sari Nazionala eman zioten Grabatuan. Harrotasuna sentitu nuen.
Aipamenak bere anaia gazteagoa, Oier, ekarri dit gogora. Asteburuak Jaizkibelen indusketak egiten ematen zituzten aitarekin, eta astelehen goizetan bere ikasmahaiaren gainera igo eta sekulako abenturak kontatzen zituen. Egun batean ura edateko erabiltzen ziren kantxil edo potin haietako baten muturra erakutsi zien ikaskideei, antzinako gizonaren pitilin fosilizatua aurkitu zutela esan zien, eta sinistu egiten zioten, noski.
Harrotasun hori muturreraino joaten da gure seme-alabek balentriaren bat egiten duten bakoitzean. Orain hiru bat hilabete alaba ikusi nuen Tabakaleran Galder Izagirrerekin, bakoitza bere bateriarekin duoak egiten, eta egoa puztuta ibili nintzen pare bat egunetan.
Nik ez nuen harreman berezirik izan Haritz Rodriguezekin. Elkarrekin lan egin genuen, eta hori ez da gutxi. Eta harridurarekin jarraitzen nituen berari buruzko berriak, orain gutxi American Cider Association delakoak Pommelier titulua eman diola jakin genuen arte. Harrigarria da izendapena, munduan titulu hori daramatenak 122 bakarrik direla jakinik. Hain bitxia iruditzen zait Haritzen curriculuma, non norbaitek familiartekoren bat Zubietan jokatzen hasi dela eta Sansen bukatu duela esaten didanean, ibilbide guztiz arrunta iruditzen zaidan, nahiz eta errentagarritasun aldetik interesgarriagoa izan daitekeen.
Haritzenak poztu egin nau, eta bi aste barru Zapiainera urtero egiten dugun bisitan basoa altxatzen dudanean (oraindik basoaren aldekoak baikara), isilka bada ere, “Hi haiz, hi” ahapeka esanez egingo dut topa bere alde. •

