Josu Narbarte

Ontziola veneziarrak, lehoi grekoak eta erruna nordikoak

Aukera zurea da. Eskultura bati begira gera zaitezke gizakiak moldaturiko harri puska soil bati bezala, eta aurrera segi; besterik gabe. Edo, zergatik ez. Beha dezakezu harria ondo, eta aztertu, bere historia amaigabean barneratzeraino, eta hala, mundu erdia zeharkatu, istorio ederrei tiraka, hasieran zentzugabea dirudien zerbaitekin liluratuta gelditu arte. Veneziako lehoi eskultura bati begira gelditu gara gu, eta bidaiatu, gerraz gerra, konkistaz konkista, Grezia eta Eskandinavia hari berarekin josi arte. Harrizko lehoiaren sorbaldan mundu bat kabitzen delako.

Pireoko Lehoia, Veneziako Arsenalaren atarian.
Pireoko Lehoia, Veneziako Arsenalaren atarian. (Josu NARBARTE )

Sorreratik, Veneziako Errepublika itsasora begira bizi izan zen. Bere interes komertzialak eta geopolitikoak ekialdeko Mediterraneoan egon ziren batik bat; Konstantinopolisko hiriburu inperialean, lehenik, eta Egiptoko nahiz Lurralde Santuko portuetan, gero. Bide horretan, veneziarrek hainbat lurralde menperatu zituzten Istrian, Dalmazian eta Egeo itsasoan, eta, horiek mantentzeko, ezinbestekoa izan zuen ontziteria handi bat sortzea eta mantentzea. Helburu horrekin sortu zuen, XII. mendeaz geroztik, hiriko lantegi publikorik handiena: Arsenal ontziola erraldoia, hain zuzen ere.

Gaur egun, Arsenaleko konplexuak 48 hektarea hartzen ditu, Veneziaren hedadura osoaren %15 inguru, hainbat mendetan egindako etengabeko zabaltzeen ondorio. Kanalez eta harresiz inguratuta dago, eta bi ate nagusi ditu: bata hegoaldean, Porta da Tera, eremua San Marco kanalarekin eta hiriaren erdigunearekin lotzen duena; eta bestea ekialdean, Porta Nova, zuzenean Lidoko portura eta itsaso zabalera daramana.

Lerro hauen gainean, Delosko lehoien indusketa, XIX. mende bukaeran. Jean-Charles Moretti, “1873-1913 Délos: Images d'une ville antique révélée par la fouille” (2018).

Lau lehoi

Turkiarrek Konstantinopolis -egungo Istanbul- konkistatu zutenean (1453), Veneziaren lehiakide zuzen bilakatu ziren ekialdeko Mediterraneoko merkataritzaren kontrolari dagokionez. Ondorioz, Errepublikako agintariek Arsenaleko konplexua berritzeko erabakia hartu zuten, izaera militarragoa emateko xedez. Garai horretan berreraiki zuten Porta da Tera, hirian Berpizkundeko arkitekturaren lehen adibide izango zena.

Atearen izaera monumentala azpimarratzeko, ondorengo mendeetan lau lehoiren eskulturak jarriko zituzten haren bi aldeetan, ontzioletako zaindariak bailiran. Eskultura horiek, neurri eta forma desberdinetakoak, hor daude oraindik ere, eta gorabeheraz jositako historia dute bizkar gainean.

Ateari begira jarrita, eskuinaldean hiru lehoi ikus daitezke. Horien artean, erdikoa da guztietan zaharrena. Egeo itsasoko Delos irlatik dator, eta K.a. VI. mendean egin zuten. Antzinaroan, Delosko agora edo plaza nagusira zihoan bide ertzean kokatuta zegoen, beste zortzi lehoiren eskulturekin batera; horietako bost bertan daude oraindik, aztarnategi arkeologikoan ikusgai. Veneziakoa, aldiz, Andrea Pisani almiranteak gidatutako konpainia batek ebatsi zuen XVIII. mende hasmentan. Handik urte gutxira jarri zuten Arsenaleko sarreran, 1716an veneziarrek turkiarren aurka Korfu uhartean izandako garaipena ospatzeko. Eskulturak ez zuen bururik, eta veneziarrek berri bat jarri zioten; behar baino handiagoa, nabarmen.

Deloskoaren ezkerrean dagoen eskulturak lehoi-burua du, baina hori bakarrik. Jatorrian zakur handi bat irudikatzen zuen, moloso bat. Hau ere Greziatik lapurtu zuten veneziarrek; K.a. IV. mendekoa da, eta Atenasko Akropolian zeuden hilobiak zaintzen zituen, ziur aski. Hirira XVIII. mendean ekarri zuten eta, aurrekoari bezala, lehoi-buru berri bat fabrikatu zioten.

Eskuineko lehoia da guztietan txikiena. Hau ere K.a. IV. mendekoa da, eta Atenasen du jatorria. Hefestoren tenplu ondoan zegoen, agoraren ipar-mendebaldean, eta bertatik abiatzen zen Pireoko portura zihoan bidea. Oinarrian daukan inskripzioaren arabera, 1687an iritsi zen Veneziara. Garai hartan, Errepublika gerra betean zegoen turkiarrekin, Grezia kontinentala nork kontrolatuko; eta, Francesco Morosini kapitainak gidatuta, garaipen handia lortu zuten Akropoliko Setioan. Argi dago, beraz, Atenas arpilatu ondoren lortutako botinaren parte izan zela lehoia, eta garaipenaren ikur gisa jarri zutela Arsenaleko atean.

Antzeko historia du atearen ezkerrean dagoen lehoiak. Ia hiru metroko garaiera du, eta jatorrizko burua mantentzen duen bakarra da. Jatorrian K.a. IV. mendean egina izan litekeen arren, Atenasko Pireoko portuko sarrera zaindu izan zuen, gutxienez, K.o. I.-II. mendeez geroztik. Kokapen horretatik, belaunaldiz belaunaldi Grezia gobernatu zuten potentzia guztiak ikusi zituen pasatzen: erromatarrak, bizantziarrak, gurutzatu frantziarrak eta aragoiarrak, turkiarrak eta, 1687ko setioaren ondoren, baita veneziarrak ere. Hain zen deigarria eskultura hori, ezen veneziarrek “Porto del Leòn” deitzen baitzioten Pireori. Hortaz, Akropoliko Setioaren ondoren, bere tokitik kendu eta Veneziara eraman zuten, Morosiniren loria handitzeko. Ez alferrik. Hurrengo urtean, Errepublikako doge izendatu zuten, arrakasta militar horren sari.

Veneziako Arsenalaren ikuspegia. WIKIMEDIA COMMONS

Erruna nordikoak

Baina, ordurako, Pireoko Lehoiak bazuen historia luze bat, bereziki interesgarri egiten duena. Veneziarrek berehala erreparatu zieten eskulturaren sorbaldetan grabatuta zeuden zeinu arraroei; baina inor ez zen gai haiek irakurtzeko, ez baitziren karaktere latinoak, ezta grekoak edo arabiarrak ere.

XVIII. mende bukaeran argitu zen misterioa. Johan David Åkerblad diplomazialari eta filologo suediarrak hiria bisitatu zuenean, ohartu zen Pireoko Lehoiaren markak fuþark alfabetoko errunak zirela, hau da, antzinako Eskandinaviako gizarteek erabilitako idazkera-sistema. Egun oso higatuta baldin badaude ere, oraindik bereiz daitezke, hurbiletik begiratuz gero. Herensuge kiribildu baten forma dute, mitologia nordikoan linnormr deritzon izaki fantastikoa eratuz.

Hala ere, oso zaila da errunek diotena zehaztea. Alde batetik, harria zinez higatuta dago, eta zeinu asko ezin dira irakurri. Bestetik, hizkuntza aldetik ere interpretazio arazoak daude.

Hala, Carl Christian Rafn eruditu daniarrak proposatu zuen testuaren lehen itzulpena, 1854an:

«[Eskuin aldean] Asmundek erruna hauek ebaki zituen Asgeir, Thorleif, Thord eta Ivar lagun zituela, Harold handiak aginduta, grekoek hala jakin eta debekatu egin zieten arren».

«[Ezkerraldean] Hakon, Ulf, Asmund eta Örn izan ziren portu hau konkistatu zutenak. Gizon horiek eta Harold Hafik isun handia ezarri zieten greziar erreboltariei. Dalk gatibu dago urruneko lurraldeetan. Egil eta Ragnar espedizioan joan dira Errumaniara eta Armeniara».

Ondorengo hamarkadatan, hainbat adituk ikerketa gehiago egin zituzten Pireoko Lehoiaren inguruan. Horiei esker, errunak XI. mende inguruan datatu ahal izan zituzten, eta Suediako Roslagen eskualdeko beste inskripzio batzuekin lotura dutela ondorioztatu.

1922an, Erik Brate filologo suediarrak beste itzulpen bat proposatu zuen: «Bere armadaren erdian akabatu zuten. Baina, portuan, gizonek errunak grabatu zituzten itsaso ondoan Horsi gerlari onaren oroimenez. Suediarrek hau izkiriatu dute lehoi honen gainean. Bere bideari ekin zion, aholku onei jarraiki. Urrea irabazi zuen bere bidaietan. Gerlariek erruna hauek grabatu dituzte, espiral apaingarria eratuta. Roslagen eskualdean bizi ziren Æskell, Þorlæifʀ eta beste batzuek grabatu zituzten. Ulfʀ eta [-]-k koloreztatu zituzten, Horsiren oroimenez. Urrea irabazi zuen bere bidaietan».

WIKIMEDIA COMMONS

Ipar urruneko mertzenarioak

Itzulpen bat edo bestea onetsi, argi dago inskripzioak Erdi Aroko Eskandinaviarekin daukan lotura. Zenbaiten aburuz, testua Haraldr harðráði (“gupidagabea”) buruzagi bikingoarekin lot liteke. Izan ere, 1030ean, hamabost urte zituela, zauri larriak jaso zituen Stiklestadeko guduan, errebel norvegiarren aurka borrokan. Horren ondoren, bidaia luze bati ekin zion Errusiako lautadetan zehar, eta 1035ean Konstantinopolisera iritsi zen.

Han, bere gizonak Zoe enperadore bizantziarraren zerbitzura jarri zituen, Baregoen Guardia delakoa osatuta. Hainbat sagak jasotzen dituzte Haralden ibilerak ondorengo urteetan, mertzenario-lanetan: Anatolian arabiarren aurka, Trazian eta Sizilian, besteak beste. Baliteke ibilera horietan iritsi izana Atenasera, tokiko greziarren errebolta zapaltzeko; horixe litzateke Veneziako lehoiaren sorbaldan irakur daitekeen pasadizoa.

1041. urtean, Migel V. enperadoreak preso hartu zuen Harald, berea ez zen botin bat gordetzea leporatuta. Baina buruzagi baregoak ziegatik ihes egin eta mendekua hartu zuen, enperadorea itsututa eta bere amaordea, Zoe, tronuan berrezarrita. Horren ondoren, 1043an sorterrira itzuli, eta 1047an Norvegiako errege bihurtu zen, 1066an heriotza iritsi zitzaion arte.

Bitxiak dira, batzuetan, historiaren jirabirak. Hala, antzinako Atenasen landutako eskultura batek bere azalean izkiriatuta daramatza XI. mendean Eskandinaviatik iritsitako mertzenarioek grabatu zizkioten errunak, Konstantinopolisko enperadoreen zerbitzura erreprimitutako errebolta baten lekuko. Lehoia eta errunak Veneziara eraman zituzten seiehun urte beranduago, turkiarren aurka lortutako garaipen handi baten ondoren, Errepublikako kargu gorena begiz jota zeukan kapitain baten anbizioa asetzeko. Eta han daude ordutik, Mediterraneoko ontziola-konplexu handienean, egunero aurretik pasatzen diren herritar gutxiren eta turista ugariren begien azpian ikusezin, higaduraren eraginpean pixkanaka desagertzen.