Emakume zientzialariak hazia ereiten, baita Informatika Fakultatean ere

Hiru helburu nagusirekin sortu zuten 2017an Emakumeak Zientzian ekimena, Donostia inguruko ikerketa zentroetako emakume gutxi batzuek: emakume zientzialarien ikusgarritasuna handiagotzea, estereotipoak haustea eta bokazio zientifikoak sustatzea. Gerora, beste asko batu gara; “Hazia erein” lelopean izan berri den 2025eko ekitaldian, 35 erakunde aritu gara. Zientzia emakumeentzat toki goxoagoa egitea, ezin helburu hori ere burutik kendu…
UPV/EHUko Informatika fakultatean ekimen horretara 2021ean batu baginen ere, urteak generamatzan lorezaintzan: hazia erein, ureztatu, ongarritu eta ingurunea zaindu. Izan ere, “e-makumeak” taldea 2000. urtean sortu genuen, eta ordutik, hainbat ekimeni eman diogu bultzada fakultateko emakume askok eta gizonezko solte batzuek.
Bokazio zientifikoak sustatzeko asmoz, haur eta gazteei zuzendutako ekintzak egin ditugu. 2016-2018 urteetan kode-ordua eskaini genuen hainbat eskoletan, 10 urteko haurrek, neskek ere bai, programatzeko gai direla ikus zezaten, eta JolasMATIKA proiektuarekin informatika eta pentsaera konputazionala lehen hezkuntzako (LH) zein bigarren hezkuntzako (DBH) ikasleengana eraman ditugu hainbat urtetan. Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan, bisitariak izan ditugu Informatika fakultatean: LHko ikasleak zenbaketa bitarra eta algoritmoak dibertigarriak izan daitezkeela ikastera etorri dira, eta DBHkoak gailu elektronikoetan kriptografia erabiliz informazioa babesteak duen garrantzia ulertzera eta mezuak zifratzera. Eskoletara ere joaten gara informatikari buruzko tailerrak ematera; berriki, eta gutxi diren arren, gure fakultateko ikasle neskak tailer horiek ematera animatzen hasi zaizkigu.
Jarduera horietan guztietan, hezurretaraino sartuta ditugun estereotipoei buruzko hausnarketatxoa egiten dugu gaztetxoekin batera. Nolakoa da informatikaria? Zein arlotan egin dezake lan? Nabaria izan ohi da errealitatearen eta norbere ideien artean dagoen aldea: estereotipo okerrak gailentzen dira. Ba, ez... Informatikan dihardugunok ez gara denok gizonezko zuri betaurrekodunak!
Emakume zientzialarien ikusgarritasuna bultzatzen ere badihardugu: 2014tik hilabete oro GAUR8n teknologiari buruzko artikulu bat idazten dugu; euskarazko Wikipedian emakume informatikarien artikuluak sortzeko saioak antolatzen ditugu; irratsaioetan parte hartzen dugu; Puntu.eus-ekin batera Gladys del Estal saria antolatu dugu azken 4 urteetan; etab.
Ekimen horiek bultzatzeak taldea egin du eta beste esparru batzuetan gertatzen ez den lankidetza eta babesa lortzea ekarri du. Gainera, “Emakumeak Zientzian”-i esker, beste jakintza-arloetako zientzialariekin saretzeko aukera izan dugu, horrela, elkarri indarra emanez; genero arrakala txikitzeko ahaleginean ari diren emakumezkoak eta gizonezkoak ezagutzeko aukera aparta da. Komunitatea sortuz edota haziz doa.
Otsailaren 11 “Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna” da, zientzia nesken kontua ere badela aldarrikatzeko eguna. Handia izaten da telebistan, irratian, prentsa idatzian eta sare sozialetan izaten duen oihartzuna. Modan ere egon ginen, Janus Lesterrek 2023an sortu zuen “ERTZAK - Emakumeak Zientzian” abesti ederrari esker, bat harrapatu egiten baitu! Hala ere, urtean behin halako “kolpea” entzutea baino, hobea litzateke gure egunerokotasunean zientzia nesken kontua ere badela erakustea, naturaltasun hori haur eta gazteei eta haien ingurukoei transmititzea, horrela bakarrik lortuko baitugu ereindako haziak sustrai sendoak garatzea eta neskak ikasketa eta lanbide zientifikoetara gerturatzea. •

San Patrizio egunaren ospakizunak, Irlandar harrotasuna ospatzeko

Mahmud Khalil ikasle palestinarraren atxiloketak alarmak piztu ditu AEBetan
Nolakoa izango da kartzelarik gabeko mundua?
Adinak
