Atletak bezala

Ondo dokumentatuta dago atleta batzuek, lesio bat dela-eta hilabeteak entrenatu gabe pasatu ostean, beraien markarik hoberena egin izan dutela, nabarmen gainera.
Psikoterapeuten kasuan, gripe baten ondoren edo ebakuntza bat eta gero, bueltan, gure gaitasunetan ere salto kualitatibo bat ematen dela esango nuke; pertsonalki zenbait datu zehatz (data, adina, gertaera…) borratzen zaizkit, baina nolabait terapeuta izateko softwarea aktualizatu egiten zait, eta hori nabaritzen dugu sentsibilitatean, jarrera pausatuan, sakontasunean eta konektatzeko gaitasunean.
Ez gara robotak. Artisautza da. Gaixo jartzen gara, hazi egiten gara, eta batez ere gure pazienteekin dugun konexio horretan, hazten direnean asebeteta bueltatzen gara etxera.
Hori da gure harribitxia.
Kontzientzian, espazio pribatu horretan sartzen gara.
Psikoterapeutak eredugarriak gara? Gehiegitxo eskatzea litzateke, baina gutxienez inspiragarriak izan beharko genukeela uste dut.
Autozaintzan, saiatuak eta ausartak izatea uste dut ezinbestekoa dela. Ezbeharren aurrean birkokatzen aritzea ere bai.
Martxoaren 8an inor zorionduko ez duen terapeuta bat aukeratzen dut nik.
Egun, psikologiak aurrerakuntza handiak egin ditu, hor ditugu EMDR, Brainspotting, IFS, A ... ez dago aitzakiarik profesional ona ez izateko.
Eskaintzen dizuten soluzio bakoitzeko arazo bat bururatzen bazaizu, hauek denak alferrik dituzu, halere. Terapia ez da zuretzat.
Sarritan entzun dut... “Ongi nagoenean (dirua, oreka emozionala, bikote harremana, lanpostua...) hasiko naiz joaten terapiara”. Zer zentzu du horrek? Ez al da ba alderantziz? Zulotik ateratzeko, erabakiak hartzeko orduan betiko baldintzapenetatik kanpo begiratzeko...
Nire pazienteak ez ditut kalean agurtzen haiek ni agurtu arte, horrela adostuta dugu. Ez baitakigu egoeraren arabera eroso egongo den bere sexologoarekin kalean hizketan.
Pribatua dena politikoa omen da.
Bai eta ez.
Zure fantasia erotikoak zureak direla diote, baina segun eta nolakoak diren, batzuetan ez. Fantasietan biolentzia baldin badago, orduan ez dira zure eskuetan egon behar, askoren ustez. Ulertzen dut nondik datorren hau. Nola sortu dira biolentzia-fantasiak?
Ados, gure kulturan sustraituta daude. BAINA fantasia horiek fantasia hutsak dira, ez dira beste inorenak, eta ez dute egia bihurtzeko asmorik. Nire paziente batek kezka handia zuen honekin; emakume izanik, ez zuen ontzat eman nahi horrelako fantasiak izatea. Baina ez ziren amesgaiztoak, bustita bukatzen zuen. Hortaz, nire galdera da noraino ari garen hitz egiten POLITIKOKI ZUZENA izateaz.
Politikoki zuzena dena eta askatasuna ez datoz bat. Pribatutasunean irudikatzen dugunak ez dauka politikoki zuzena izan beharrik.
Horrela eraiki dira hainbat harreman. Gure bi kide sexologok argi gogoratzen dituzte elkar ezagutu zuten garaiko espektatibak. Bai ala bai, sarketa egitera bultzatua sentitzen zen neska-mutil bikote hau, kunplitzeko. Baita damutu ere.
Horrela jarraitzen dugu. Zailtasun sexualak ideologikoak dira gehienetan. Ideia batek baldintzatzen ditu, ez dago besterik. Ez dira psikologikoak, fisiologikoak, neurologikoak... normalki. IDEOLOGIKOAK baizik. Zer espero dudan, zer erakutsi nahi dudan, nola izan politikoki zuzena. Orgasmoak izan bestea lasaitzeko, sarketa egin normal itxurak emateko, gau bateko harremanak bilatu desio mota egokia dudala auto-errelatatzeko.
Kontra-narratibak behar ditugu egunerokoan. Egiak. Zintzoa izatea norberarekin. Politikoki zuzenak izateari uztea. Ideologiak baztertu eta norbera izan. Zaila bezain beharrezkoa da.
Orgasmoak izateak ez du esan nahi askea zarenik. •