Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria

Iragana ez da inoiz etxean egon

Emakumeak lanean, Portugalgo jatetxe batean.
Emakumeak lanean, Portugalgo jatetxe batean. (Horacio VILLALOBOS | CORBIS via GETTY IMAGES)

Lehen bezala izan dadila, buka daitezela gauza moderno hauek guztiak». «Lehenera itzuli behar dugu, gauzek ondo funtzionatzen zuten garaira». Haurtzaroarekin ere gertatzen da, badugula halako nostalgia bat, dena marabillosoa izan balitz bezala. Hori da guk gogoratzen duguna askotan, noski, haurrak ginelako, denboraren zatirik handiena olgetan pasatzen genuelako eta guztien irribarreak jasotzen genituelako. Halako zerbait gertatzen zaie feminismoak urduri jartzen dituenei. «Zer dira gauza moderno hauek guztiak? Zer da anabasa hau?». Agian historia beti izan da korapilatsua, ez da inoiz egon zuk imajinatzen duzun iragan lasai eta ordenatu hori.

Gure amak azkar batean itzuli ziren lanera gu jaio eta aste gutxira, emakume langile izatea zaintza lanaren gainetik ulertzen baitzuten orduan, emakume aske izateko zuten ideiari lotuta. Gure amamek, etxeko txikiak zaindu, etxeko lanak egin eta ondoko baserri edo pisukoei laguntzearekin batera, etxean enkarguak egiten zituzten, kanpoan lan egiten ez zutenean. Izan beste emakume batzuek eskatutako joskintza lanak, izan lantegietako lanen azpikontratazioa. Gure birramonek 20ko hamarkada zoriontsua delakoa ezagutu zuten, batez ere emakume gazteentzat urrezko garaiaren hurbileko zerbait izan zena, orain ehun urteko lanpostu moderno haietan askatasun ekonomikoa eta lagunekin aisialdian ibiltzeko oniritzia irabazi baitzituzten.

Belaunaldiz belaunaldi jo dezakegu atzera, ikusiz nola emakumea etxean irudikatu duen nostalgia patriarkala, praktikan, ez den inoiz existitu. Jo dezakegu XIX. mendearen bukaerara, non emakumeen gauetako lana debekatu baitzen. Normalean langile mugimenduaren lehen lorpenetakoa bezala ulertu dena (umeen lana ere debekatu baitzuten) praktikan emakumeak etxera bidaltzeko enegarren saiakera bezala ere uler daiteke. Atzerago ere joan gaitezke, XV. eta XVI. mendeetara, ikusteko nola gremio askotan emakumeen lana debekatu zen. Erdi Aroko eskulangileen gremioei buruz eskolan erakusten den ikastun-ofizial-maisu sekuentzia horretan, ikastunen artean neskatoak inbisibilizatuta geratzen dira, ahaztu egiten da langile gizonezko kontratatuez gain familiako emakumeek ere tailerrean lan egiten zutela eta senarra hiltzean, haren emazteak hartzen zuela maisuaren tokia.

Jarrai dezakegu gero eta iraganerago joaten. Ikusiko dugu nola erromatar gizartean ere, topikoak topiko, emakumea ez zegoen etxean. Eliteko emakumeek jabetzak eta negozioak maneiatzen zituzten, eta askotan, baita haien seme eta senarren ibilbide politikoak ere. Langileen artean, emakumeak orotariko lanpostuetan ageri dira, baita errementari bezala ere, Vulkano oso maskulino irudikatzen dugun arren. Pentsa dibortziorako aukera bazegoela, eta, familiak hala erabakiz gero, baita abortua praktikatzekoa ere.

Emakumezko historialariek eta genero ikuspegiak izugarri aberastu dute gure iragana ikusteko modua, eta gure orainaldiko topiko, nostalgia eta aurreiritziak ulertzeko ere bideak ireki dizkigute. Nerea Aresti, Eider de Dios, Bakarne Altonaga, Aintzane Rincon... euskaldunon artean ere horretan diharduten historialari bikainak ditugu, zorionez.