Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
Emakumeek betidanik jokatu izan dute pilotan, baina jendaurrera irtetea, historikoki gizonezkoentzat soilik izan den plaza horretan lekua egitea, oztopoz beteriko bidea izan da. Pauso hori ematera ausartu zen duela 140 urte Josefa Ignacia Albisu lazkaotarra, frontoian ere gizonezkoak baino gehiago zela erakusteko.

Nazioarteko Emakumeen Eguna bilakatu aurretik, martxoak 8 batean pilotaren historiako partida garrantzitsuenetako bat jokatu zen Lazkaon. 1885. urtea zen, eta plazako pilotalekuan bildutako jendetzaren aurrean, Josefa Ignacia Albisu Aranburu izeneko emakume batek gizonezko baten aurka neurtu zituen indarrak esku huska. Garaiko kazetarien harridurarako, Albisuk aise menderatu zuen bere aurkaria, eta lorpenak hautsak harrotu zituen hurrengo egun eta asteetan. Plazara jendaurrean jokatzera irten zen lehen esku pilotaritzat hartzen da Albisu, “Joxpinaxi” ezizenez ezaguna.
Ezarritako aurrekaria horren ederra eta baliotsua izan arren, “Joxpinaxi”-ren historia ez da batere ezaguna, eta ez da batere erraza informazioa lortzea. Orain arteko ikerketa lan mamitsuena Iñaki Arriaran idiazabaldarrak egin zuen duela zenbait urte, 2020an "Bertsolari" aldizkarian erreportaje formatuan argitaratu zuena. Eta Arriaranekin izandako harremanaren ondotik, Santiago Lesmes pilotaren ikertzaileak ere ("La increible historia de la pelota vasca" liburuaren egilea) artikulu zabala eskaini zion Josefari bere interneteko atarian.
Kontuan izan behar da Lazkaoko partida historiko hura duela 140 urte jokatu zela, eta gaurdaino iritsi den informazioa garai hartako testuinguruan ulertu behar dela, halabeharrez. Alde batetik, garaiko egunkari eta aldizkariek argitaratutako kronikek ez dutelako datu askorik eskaintzen; zenbait kasutan datu nahasgarriak ere argitaratu izan direlako -Lazkaoko partida 1881ean jokatu zela edota Josefa Ignacia eibartarra zela, esaterako-; eta garaiko kazetariek, garaiko jendartearen isla, emakumeak erabat gutxiesten zituztelako.
Ñabardura horiek guztiak eginda, dakiguna jakinda, eta daturen bat agian erabat zehatza ez dela izango argi utzita, ukaezina da “Joxpinaxi”-ren historia kontatzea merezi duen horietakoa dela.
PRESTAKETAK
Josefa Ignacia Albisu Aranburu Lazkaon jaio zen 1859ko martxoaren 19an: historiara pasako zen partida 25 urterekin jokatu zuen, beraz, 26 bete baino egun batzuk lehenago. Eta bere haurtzaroaz dakigun bakarra garaiko kroniketan aipatzen den datutxo bat da, “Joxpinaxi”-k tifusa izan zuela gaztetan eta gaitzaren ondorioz hortzak eta ilea galtzera iritsi zela.
Era berean, 1885eko martxoaren 8ko desafioa nola sortu zen ezagutzeko azalpen bakarra 1938ko irailean "Fotos" aldizkari falangistan argitaratutako erreportaje batean jasoa dago. Kontakizun horrek bere izaeraren zertzelada batzuk eskaintzen ditu: «Indartsu nago eta ongi tratatzen naute Errukietxean. Denak hil ziren, baina nik oraindik pilotan jokatuko nuke jenderik ez balego», dio ordurako 79 urte zituen “Joxpinaxi”-k. Hori bai, tentuz hartu beharreko dokumentua da, erreportajea partida jokatu eta 53 urtera idatzi zelako eta aipatzen dituen hainbat datu okerrak direla badakigulako.
Artikulu horretan kontatzen denez, Josefa Ignacia Albisu Labetxea baserrian bizi zen, pilotalekutik hurbil, eta Mateo Lasa izeneko gizon batek, hura ere han gertuko baserri batekoa, etengabe zirikatzen omen zuen, emakumeei barre eta burla eginez. Antza denez, Albisuk ezin zuen gehiago jasan, eta egun batean desafioa bota omen zion Lasari: «Nahi duzun lekuan pilota partida bat jokatu dezakegu, eta baietz nik irabazi».
Desafioa jendaurrean egin zuenez, gizonezkoa ez zen ausartu atzera egiten, eta hitzordua jarrita geratu zen: martxoaren 8an Lazkaoko pilotalekuan. Gizonak galtzeko beldurra zuela pentsa daiteke, lehenik eskuko arazoren bat tarteko partida atzeratzen saiatu zelako, eta garaiko egunkariek ziotenez zalantza nagusia norgehiagoka noiz jokatu izan zelako: “Joxpinaxi”-k arratsaldez jokatu nahi omen zuen, ahalik eta ikusle kopuru handienarekin, apustu gehiago ere egingo zirelakoan, ziur asko -argitaratu zenez, bere aitak, Jose Joakin Albisu Arresek, behi bat jokatu zuen alabaren alde, eta bi aurkarik urre ontza bat jokatu zuten, baina Iñaki Arriaranek sinesgarritasuna kentzen dio datu horri bere ikerketan-; Mateo Lasa goizez jokatzearen aldekoa zen, kanpotik jende gutxiago ingura zedin edo. Azkenean, partida goizez jokatu zen, eta "La Voz de Guipuzcoa" egunkariak egunaren hainbat xehetasun jaso zituen.
GARAIKO KRONIKA
Partida goizeko bederatzietan zen jokatzekoa, eta ordubete lehenagotik Lazkaoko plaza jendez gainezka omen zegoen. Donostia, Tolosa, Segura eta inguruko beste herri batzuetatik auto asko iritsi omen ziren, eta trenez ere bai, mendi bideak baliatuta. Partida hasi baino hamar minutu lehenago, Guardia Zibilak eta mikeleteek lekua egin behar izan zuten, partida jokatu ahal izateko.
Ikusleek oihuka eta txapelak jaurtiz eman zioten ongietorria Albisuri. Kronikariak deskribatzen duenez, perkalezko gona eta txaketarekin azaldu zen frontoira, galtzerdi zurien gainetik alpargatak jantzita. Eta buruan zapi iluna, lehen aipatu dugun tifusaren ondorioz ilea moztua zuelako. Aurkaria minutu batzuk lehenago iritsia zen, eta, alkandoraren mahukak igota, zain zegoen pilotalekuan.
Kronikak kontatzen duenez, gizonezkoak txanpon bat jaurti zuen airera sakea erabakitzeko, baina txakur txiki bat zela ikusita, Josefa Ignaciak txanpon hura ostikoz jota itzuli omen zion bere jabeari, poltsikotik duroko pezeta atera eta hura jaurtitzeko. Lehen sakea gizonari egokitu zitzaion.
Alfer-alferrik, ordea, saketik falta egin zuelako. Eta hortik aurrera Albisu erabat nagusitu zen. Kronikak dioenez, horma-bikoarekin tanto onak egin zituen, atzera jota mordoxka bat, sakez beste hiru... Emaitza 30-11koa izan zen, eta hogei minutu eskas iraun zituen. Kronikak dio trenean beranduxeago iritsitako jendea haserretu egin zela partida horren azkar amaitu zelako. Baina ez zuten horretarako arrazoi handirik, Josefa Ignaciak arratsaldean beste partida bat jokatu zuelako Lazkaon bertan, eta hurrengo egunean, martxoaren 9an, hirugarren bat ere bai, Tolosan.
DATU GUTXI
Beste bi dema horien inguruko informaziorik ez dago apenas. Arratsaldeko partida ere Josefa Ignaciak irabazi zuela, gutxi gehiago. "Fotos" aldizkariko erreportajean aipatzen da alkateak eskatu zuela aurkariren bat bilatzeko, eta "Prancheas" -edo "Pranchesa", bi modutara idatzia dago- ezizena zuen batek jokatu zuela. Hurrengo egunean ere, Tolosan, «frantses bat» izan omen zuen aurkari Albisuk; beraz "Prancheas" izen hori "frantses" hitzetik zetorrela pentsa daiteke.
"Bertsolari" aldizkarian, Iñaki Arriaranek dio aurkariak nor izan zitezkeen ezin dela zehaztu, baina pista batzuk ematen ditu: «Gizonezko hau nor zen zehazki jakiterik izan ez badugu ere, dakiguna da garai hartan Paristik etorritako organo-konpontzaile batzuk egon zirela inguru horietan. XIX. mende amaiera organo erromantikoen goraldiaren garaia izan zen, eta, Felipe Gorriti organo-jotzaile tolosarrak sustatuta, Tolosako Santa Maria parrokian organo berria inauguratu zen 1885eko apirilaren 12an. Organogileak Stoltz Freres etxeko langileak ziren, eta bazter hauetan lanean ibili zirenak Edouard Stoltz eta Fernand Prince gazteak izan ziren. Tolosako organoa egiteaz gain, inguruko herri askotan izan ziren organoak konpontzen. Litekeena da, beraz, komentuen eta elizaren artean lau organo zituen Lazkaon ere lanean egon izana, edo partidaren berri izan eta hura ikustera Lazkaora joan izana».
Hortik aurrera, “Joxpinaxi” famatu egin zen, eta badakigu maiatzaren 25ean beste neurketa bat jokatu zuela Bilbon, inauguratu berria zen Abandoko pilotalekuan -5.000 pertsona inguru sartzen ziren eta pilotaren historiako lehen frontoi industrialtzat hartzen da-. Ordizian ere beste partidaren bat jokatu zuela aipatzen du Lesmesek, eta Amerikara joateko eskaintza jaso zuela, garaiko 6.000 durokoa zehazki, baina ezetz esan zuela ez zuelako Euskal Herritik alde egin nahi. Bere irudia duen margolan bat ere egin zuen R. Gorrotxategi artistak, nahiz eta horrek ere baduen bere misterioa. “Lazkao 1982” urtekarian margolanaren argazki bat argitaratu zen, baina ez dakigu gaur egun non dagoen.
Argi dagoena da Albisuk bidea ireki zuela. Arriaranek nabarmentzen duenez, urte horretatik aurrera hasi ziren emakumezkoen lehen pilota partidak egunkarietan aipatzen: 1896an Abandoko pilotalekuan, 1897an Valentziako Jai-Alai eta Bartzelonako Condal pilotalekuetan...
BALENTRIAREN OIHARTZUNA
Deigarria egiten da, partidak horrelako ikusmina piztu arren, garaiko egunkarietan ez dela inoiz Jose Ignacia Albisuren izena aipatzen. «Una muchacha» («guapa por cierto» gehituz), «ella» (jatorrizkoan ere letra etzanez), «la protagonista»... aipatzen dute. Eta neurketa ere «partido raro» eta «desafio raro» bezala deskribatzen dute, norgehiagokari kirol balioa kenduz.
“Joxpinaxi”-ren balentriari bertsoak ere jarri zizkion Ramos Azkarate Otaegi tolosarrak. "Lazkauko pelotari neskatx bati jarriak" izenburupean, sei bertsoz osatutako sorta da 1931ko azaroaren 8ko "Bertsolariya" aldizkarian argitaratu zena. Bertso horietan ere ez da Josefa Ignaciaren izena inondik inora aipatzen, eta Azkaratek harridura eta asaldura nahasten ditu bere ahapaldietan.
Aurreneko bertsoak halaxe dio, adibidez: «Lenguan bi partidu Lazkauban izanik/ kantatu gabe nola egon ixilik/ oraintxen ere nago ezin sinisturik/ mirabe batek ala jokatu zuenik,/ otedu besterik bere parekorik/ bi partidu ain errez jango dituenik/ ain baldin balitzake bera bakarrik».
Baina hirugarrenaren hasierak argi uzten du nola ikusten zuen bertsoaren egileak gertatutakoa: «Emakumeak jartzen badira nagusi/ ez giñazke iñola soseguz bizi/ ezkerrak diradela pelotari gutxi/ eta ezin liteke askora iritxi...»
Hori zioten gutxiespenetik idazten zutenek, baina zuzenean kritikara jo zutenak ere izan ziren. Lazkaoko partidek izan zuten oihartzunaren erakusle da, adibidez, Andaluziako "El Guadalete" egunkarian 1885eko martxoaren 22an argitaratutako iritzi artikulu batean egiten den aipamena. "¡Mujeres!" izenburupean eta N.B. inizialekin sinatuta, emakumeen «inposaketa» salatzeko, Lazkaoko pilota partidak jartzen ditu adibidetzat, gertaera lotsagarri eta lehenbailehen moztu beharrekotzat joz.
“Joxpinaxi”-ren ibilbideaz ez daukagu beste datu askorik, baina zorionez emakumeek pilotan jokatzen jarraitu zuten hurrengo urteetan, eta arrakasta handiena XX. mendeko lehen hamarkadatan izan zuten, erraketistek goia jo zuten garaian. Hain zuzen ere, “Joxpinaxi”-ren lorpenak gaur arte iristearen arrazoietako bat 1938an Donostiako Gros auzoko pilotalekuan egin zioten omenaldia da, eta garai hartan argitaratutako kazetaritza-dokumentuak.
Josefa Ignacia Albisu Aranburu 1950eko otsailaren 4an hil zen, Donostian, 90 urterekin, merezitako errekonozimendurik jaso gabe.
Margot Hainaut-ekoa, Tita Azantza edo Maria Unzueta, beste katebegi aitzindariak
Emakumeek betidanik jokatu dute pilotan Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan. Besterik da, batez ere adin batetik aurrera, hainbat garai historikotan gaizki ikusia zegoela, zer esanik ez jendaurrean jokatzea. Zorionez, izan dira oztopo horiek gainditu eta ezarritako arauak apurtzea lortu zuten aitzindariak.
Santiago Lesmes-ek «La increible historia de la pelota vasca» liburuan egindako datu bilketa mardulak erakusten duenez, Antzinarotik aurki daitezke emakumeak pilota mota desberdinekin jokatzen erakusten dituzten marrazki eta irudiak. Behin Erdi Aroan sartuta, ugariak dira Euskal Pilotaren «senidetzat» har daitekeen Jeu de Paume jokamoldean aritzen ziren emakumeen inguruko erreferentziak, kasu gehienetan aristokraziari lotuak.
Izen propioak aurkitzea, ordea, askoz gehiago kostatzen da. Izenez ezagutzen den lehen emakume pilotaria Margot Hainaut-ekoa izan zen. 1405 eta 1449 artean idatzitako «Journal d’un bourgeois de Paris» eguneroko anonimoan aipatzen denez, 1427an iritsi zen Frantziako hiriburura Valoniako eskualde horretatik, 28 eta 30 urte artean zituen, eta Garnier Saint-Ladre kalean jokatzen zituen partidak. Lesmesek gehitzen duenez, 1424 inguruan Parisera joateko deitua izan zen Margot Borgoinako Dukearen aurrean jokatzera, eta bere izena historiara pasatu bada, sekulako maila erakutsi zuelako izan da: garaiko pilotari onenak menderatu omen zituen, gizonezkoak ere bai, eta diru asko irabazita itzuli zen bere jaioterrira -ezagutzen den lehen emakume pilotari profesionaltzat har daiteke-.
Euskal Herrira etorrita, Tita Azantza edo Tita Kanbokoa da izen-abizenez dokumentatuta dagoen lehen emakume pilotaria, XVIII. mendearen amaieran. Azantza pilotari famatuaren (Jean Pierre Sorhainde) arreba zen Tita, eta Jean Martin Hiribarrenen «Eskaldunak» poema luzean aipatzen da bere trebetasuna: «Azantza izatu da, pilota botatzen,/Parerik etzuena Frantzian aurkhitzen./Bazuen arreba bat gizon iduriko,/Jakak khenduz geroztik, ona pilotako», esaten da «Ur bereziak» izeneko atalean. Baionako Euskal Museoan bada margolan bat, Federico Amadeok 1937an egina, Tita Azantza erakusten duena pilota eta eskularrua hartuta eta gerriko gorria jantzita.
Mende bat beranduago, 1878an, jaio zen Maria Unzueta Echebarria eibartarra, lehen emakume puntistatzat hartzen dena. Berak zortzi urte zituela, familia Bilbora joan zen bizitzera eta bere aitak hiriko hainbat frontoiren ardura hartu zuen. La Amistad izenekoan, Maria ederki moldatzen omen zen xisterarekin 12 urte betetzerako, eta hamalaurekin mutil gazte onenen pare jokatzen omen zuen. Hainbat eskaintza jaso zituen profesional bilakatzeko, baina ez aitak ez anaiek -haietako bi pilotari profesionalak- ez zioten «baimenik» eman. Hori dena Cleto anaiak utzi zuen idatzita, 1974an -Maria hil eta 26 urtera-, «Eibar» aldizkarian.
Zorte hobea izan zuten XIX. mende amaieran Valentzian -”Chiquita del Turia”, “Vivita”, “Excelsior”, “Chiquita de Murla”- eta Bartzelonan -Elvira Biosca “Chuiquita de Sans”, Rosa Cristal “La Pedros” Antonia Clotet “La pequeña de Gracia”, Josefa Colomer “La Catalana”- profesionalki jokatu zuten puntistek. Handik 15-20 urtera famatu egingo ziren erraketisten aurrekaritzat har daitezke, katebegi aitzindariak denak ere.

Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
