Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Mangaldering

Gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko badago zer egin oraindik.
Gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko badago zer egin oraindik. (GETTY IMAGES)

Gizonek emakumeei zerbait azaltzen dietenean, besteak ezer ez baleki bezala edota era paternalista batean, «mansplaining» egiten dela esaten da. Matxismo mota horretan erori nahi ez dudanez, “arzalpenak” ematearen ordez, interesatzen zaizkidan galdera batzuk eginda konformatuko naiz. Izan ere, “kristalezko sabaia” benetako fenomenoa da, milaka andrazkori egunero eragiten diena, eta ez gara ezer deskubritzen ari. Galdera hauek egiteko gogoa hurbileko kolektiboetatik dudan ezagutzatik dator: fisioterapeutak, sukaldariak, zaharren egoitzetako langileak, kultura-gizarte taldeak. Kolektibo hauetan guztietan, oro har, emakume kopurua altuagoa izaten da gizonena baino. Halere, gizonek duten presentzia edo entzutea, nolabait esateko, nabarmen handiagoa izaten da.

Bizitzan zehar talde ugaritan "endredatzen" ibilitakoa naiz ni, gizarte, politika edota kultura kontuetan nagusiki. Haietako askotan, emakume kopuru altua izan arren, fenomeno bera errepikatzen zen: asanbladetan, esate baterako, hitza hartzen zutenak gizonezkoak zirela. Andrazkoen parte hartzea ez zegoen debekatuta, bistan da; are, taldeotatik, zenbaitetan, emakumeen parte hartzea handitzea apropos bilatzen zen. Baina praktikan, bileretan, hitz egiteko txanda hartzeko altxatzen ziren atzamar gehienak gizasemeenak izaten ziren. Gizonek galdera gehiegi egiten dituztelako?

Fisioterapeuton artean, bestalde, %80 inguru dira emakumeak. Baina sare sozialetan, fisioterapiarekin lotutako edukien egileen artean, alderantzizko proportzioa aurkituko duzu. Baita elkargo, zuzendaritza, katedra edo bestelako goiko postuetan ere. Komunikabideetan ere, kolaborazioak egiten dituzten fisioterapeuten artean gizonok gara nagusi, izparringi honetan bertan duzu adibidea. Emakumezkoak gogoz kontra parte hartzera bultzatu behar al ditugu?

Zaharren egoitzetako langileen artean, generoen arteko aldea are handiagoa da: emakumezkoak dira %95etik gora. Desproportzio hau zaintzaren ardura tradizionalarekin eta gutxiespenarekin lotuta dago. Izan ere, zaharren zaintzan garrantzi gehien duten langileak (presentzian zein kopuruan) klinika-laguntzaileak dira; baina askotan, zuzendaritzatik gehiegizko lan karga ezartzen zaie. Zaintza negozio bezala hartzearen albo kalteak dira: gastuen eta etekinen arteko aldea handitu nahiarenak, alegia. Bistan denez, hau norbere osasunaren kaltetan da; baina baita egoiliarren arretaren kalitatearenean ere. Langile fina eta eroantsua izatea batzuetan kaltegarria ere izan al daiteke?

Sukaldaritzan ere, proportzioak bertsuak dira. Berriro, tradizioaren eraginez, arloa oso feminizatua dago (soldatapean zein ez), baina ospearen izarrak gizonezkoendako izaten dira. Negozioan ardurak banatu behar direnean ere, gizonak aukeratzeko joera nabarmena dago, nahiz eta ekipoan emakume gehiago egon. Erosoagoa al da aginduak jasotzea, ematea baino?

Kasu hauen guztien artean, amatasunaren faktorea dago. Emakume guztiek ez dute haurrik izaten, noski; baina haurrak izaten dituzten gehienak, oraindik, emakumeak dira. Beraz, ardura postuetarako izendatua ez izatearen arrazoi nagusietako bat da hori, nahiz eta ahoz gora ez adierazi. Horren aurrean, Administrazioak bultzatutako neurriak dira gakoa; baina baita haurgintzarekin lotutako absentismoa gizonen gain uztea ere: gurasotasun baimenak, jardunaldi murrizketak, medikuarenera eramateko orduak... Baina norbere umea beste batek haztea gogorra egiten zaie askori; “ama txarra” izateko beldurra gainditu beharko litzateke? •

www.abante.eus