Euskararen eta Euskal Herriaren maitasunak gidatutako bizi bide-orria
Amale Arzelus Arrieta (Donostia, 1924-2015) euskararen maitale grinatsua izan zen. Umetan aitak transmititu zion maitasun hori, eta behar zen tokian haizatu zuen; jendaurrean lau urterekin, irratian zortzirekin eta etxean sortu zuen ikastolan urte luzez. Bere memorietatik abiatuta, liburua ondu du bere seme Jonan Zinkunegik.

Badira kontatzea merezi duten bizitzak. Amale Arzelus Arrietarena (Donostia, 1924-2015) horietako bat da zalantzarik gabe. Baina, segur aski, ez da behar adina hitz kopuru erabili donostiarraren bidea azaltzen.
Bizpahiru datu bere bizitzaren mamiaren erakusgarri: lau urte eta erdi zituela eman zuen bere lehen hitzaldia jendaurrean (bere aita Ander Arzelus “Luzear” idazleak prestatzen zizkion); zortzi urte zituela euskaraz irratian aritu zen lehen emakume esataria izan zen (Donostiako “Union Radio” irratian), eta 88 urte zituela ordenagailuz idatzi zituen “nere oroimenak” izenekoak. Bertan jasota utzi zuenez, «euskera eta euskalerriaren maitasuna barren-barrenen sartu zidaten gertakizunak adierazten saiatuko naiz».
Jonan Zinkunegi Arzelus bere semeak jaso ditu orain amaren bizitzako xehetasunak “Arzelus Arrietatar Amale, Nere oroimenak” liburuan. 88 urte zituela amak egindako zirriborro horretatik, euskarari eta Euskal Herriari emandako bizitza baten ñabardurak jaso ditu Jonan Zinkunegik. Amaren bizitzako gauza asko bazekizkien, baina ez horrelako detaile ederrez.
1924ko otsailaren 19an jaio zen Amale Arzelus Arrieta hainbeste maite zuen Donostian. Ander Arzelus “Luzear” eta Amalia Arrietaren alaba zaharrena zen. Oso inguru abertzalea ezagutu zuen umetatik, eta aitak arrasto handia zuen berarengan, bere memoriatan sumatzen denez. Luzearrek Donostiako Kutxan egiten zuen lan; «Baina ortik kanpo bazuan makina bat zeregin. Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea zan», Amaleren beraren zehaztapena. Luzear idazlea zen; artikuluak, hitzaldiak, antzerki obrak... askotariko lanak sortu zituen euskaraz eta euskararen alde.
Alaba Amale plazan eta jendaurrean ondo moldatzen zenez, propio hari hitzaldiak eta antzerkiak idazten zizkion aitak. Hortaz, lau urte eta erdi zituela , “Poxpolinak” dantza taldearekin zebilela, jendaurrean bere lehen hitzaldia eman zuen Amale txikiak (garaiko hainbat egunkaritan jasota dagoenez).
“Poxpolinak” dantza taldea Ramon Laborda apaizak sortu zuen gerra aurretik, Donostiako haurrei euskaraz ondo pasatzeko aukera emateko helburuarekin.
Era berean, Luzearrek espresuki idatzi zion alabari “Neskamearen marmarrak” izeneko antzezlana, bere bizitzan barna hainbestetan antzeztu zuena Amalek. Eta irrati esatari bezala ere aitaren bultzadaz hasi zen, zortzi urte zituela. Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek jarri zituzten martxan Donostian euskarazko lehen irratsaioak “Union Radio” irratian, eta Amale aritzen zen aurkezle edo “speaker” lanetan, berak esaten zuenez. «Oso saio atseginak ziran euskaldunentzat, ez baizan orrelakorik orduan», utzi zuen idatzia Arzelusek. Bere memorietan aitortzen duenez, bere bizitzaren garai zoriontsuena zortzi urtetik hamabi urte bitartekoa izan zen, guda hasi arte.
Hamabi urte zituela hasi zen gerra. Donostian egon ziren irailaren hasierara arte; «Donostiatik ateratzeko ordua iritsi zitzaigun», kontatu du. Lehendabizi Bilbora joan ziren, eta bertan eman zituzten sei-zortzi hilabete. Egoera gero eta arriskutsuagoa zenez, 1937ko lehen hilabeteetan “La Habana” itsasontzian uretaratu ziren ama eta lau haurrak. Ipar Euskal Herriko toki desberdinetan eman zituzten hiru bat urte, 1937-1940 bitartean. «Negua Donibane Lohizunen egiten genduan eta udara Azkainen, Donibane udaran oso garestia baizan».
Aspaldiko lagun zituzten Oñatibiatarrak eta Zinkunegitarrak ere bertan ziren. Familien artean adiskidetasun ederra sortu zen, eta tartean zen Andoni Zinkunegi, gerora Amaleren senar izango zena.
1936an atera zen Donostiatik eta 1940an bueltatu zen, 16 urte zituela. Aita Burgosen zegoen preso, hasiera batean heriotza-zigorrera kondenatua, eta gero, 30 urteko espetxealdira. 1943. urtean, ezustean, aske utzi zuten Luzear. Inola ere espero ez zutela agertu zitzaien aita Donostiako etxera, eta amari ondoeza eta guzti sortu zitzaion ezusteko handi horrengatik. Hori hasieran, gero poza etorri zen, noski.
Baina aita Donostiara etorri eta berehala erbesteratzeko agindua eman zioten, 200-300 kilometro urrutiratzeko agindua, eta Madrilera joan zen familia osoa. Urte eta erdiren buruan bueltatu ziren Donostiara, 1944. urtean. Amale Arzelusek berak kontatzen du Elvira Zipitria andereñoari esker topatu zuela lana Lazkaoko fraideek zuten inprimategi batean, bulegoan.
ESKUTITZ BIDEZKO HARREMANA
Ordurako Andoni Zinkunegik eta biek laguntasun harreman ederra zuten, eskutitz bidez elikatzen zutena. «1943ko Gabonak Donostian pasa nituan eta, Madrilera joan baino leen, Zarautza ikustaldi bat egitera joan ginan Zinkunegitarren etxera. Nere adiskidea Ane zan, alaba zaarrena... Berriketan ari ginala Zinkunegitar Joseba eta semea Parisen zirala eta pozik artzen zituztela eskutitzak, eta idazteko esan zidan amak. Neri Andoni, semea, gogoko zitzaidala aitortua det».
Andoni Zinkunegi iheslaria zen, ez zen Francoren gudarostean egon eta ezin zuen Donostiara bueltatu. 1948an Francok indultu bat eman zuen arte ezin izan zuen Hego Euskal Herrira bueltatu.
Eskutitz bidez hasi ziren harremanetan Amale Arzelus eta Andoni Zinkunegi. Haien semeak jaso duenez, 1944-1948 bitartean haien arteko harremana ia osorik gutunen bidezkoa izan zen. «Gutun guztiak gorde zituzten eta gure eskuetan dira gaur egun». Gutun horietan jasotako informazioak lagundu dio Jonan Zinkunegiri bere amaren bizitzaren istorioa hari finagoz josten. Eskutitz horiek bi hizkuntzetan ematen ziren; gazteleraz eta euskaraz.
«Oso zaila zen eskutitzen bidez harremantzea. Andonik idatzi zion bigarren gutuna lauzpabost hilabetera iritsi zitzaion Amaleri. Alemaniarrek eta espainiarrek ez zuten korreoa erabiltzen uzten. Gainera, gazteleraz idatzi behar izaten zuten zentsura pasatzeko. Horrela jarraitu zuten 1948. urtera arte. Ez zen erraza», kontatu du Jonan Zinkunegik bere gurasoen harremanari buruz.
Amalek bere memorietan idatzia utzi duenez, posta ofizialaren bideak erabiltzen zituztenean gazteleraz idazten zuten. Aldiz, denborarekin alderdiak posta bide propioak sortu zituen, ezkutukoak, eta eskutitz horietan euskaraz idazten zioten elkarri.
«Bi gutun klase daude; gazteleraz eta euskaraz. Oso gai desberdinak daude eskutitz batzuetan eta besteetan. Batzuek zentsura pasa behar zuten eta kontu handiz zaintzen zuten zer kontatu eta nola. Askotan erdizka kontatzen zituzten gauzak. Aldiz, euskaraz idazten zutenean lasaiago eta garbiago hitz egiten zuten. Gutun horietan kontatzen zuten egoera politikoa, eta nola sufritzen zuten jazarpena. Amalek bere jardueren berri ematen zion Andoniri; antzerkia, katixima, abesbatza, ibilaldiak mendira... antzerki taldea sortu zutenean sekulako komeriak izaten zituzten antzezlanak egin ahal izateko, eta horri buruz hitz egiten zion Amalek Andoniri».
Poliziaren jardunaren inguruko detaile asko kontatzen zituen Amalek. Adibidez, behin antzezlan bat egitea debekatu nahi zieten bertan jarritako loreak gorriak, berdeak eta zuriak zirelako, ikurrinaren kolorekoak. «Amak kontatzen du poliziek esan zietela ezin zirela hiru kolore horiek elkartu, ea zergatik ez zituzten lore gorriak eta horiak jartzen».
1945ean lortu zuen Andoni Zinkunegik astebete Donostian pasatzea Amale Arzelusekin. Oso modu bitxian lortu, gainera. «Kontxako estropadak baliatzen zituzten elkarrekin egoteko. Lehen igandean, aita Iparraldeko itsasontzi batean sartzen zen, estropadak ikusteko aitzakian. Donostiako uretan, bertako itsasontzi batera egiten zuen salto eta, handik, lehorrera. Aste osoa ematen zuen Donostian Amalerekin, eta hurrengo igandean, Kontxako estropadako bigarren jardunaldian, kontrako bidea egiten zuen. Horrela egin zuten urte batzuetan».
Zinkunegi-Arzelustarren etxean oso garrantzitsuak izan dira geroztik Kontxako estropadak, festa ederrak egiten zituzten bi igande horietan. «Gurasoek ez zituzten gauza asko kontatzen. Nik gauza asko jakin ditut beraien artean idazten zituzten gutunak irakurri ditudanean. Nik dauzkat orain gutun horiek denak», zehaztu du Jonan Zinkunegik.
Gutun horiei esker deskubritu ditu Zinkunegik 1940-1948 bitarteko gertaera asko, bere aitak eta amak elkarri kontatu zizkioten kontu horietatik atera baititu.
IKASTOLA ETXEAN
«Gu anai-arreba guztiak (bederatzi seme-alaba izan zituen) ikastolan jaio ginen. Ezkondu eta gero inprimategiko lana utzi zuen eta Elvira Zipitriak proposatu zion etxean ikastola bat jartzeko. Ordurako Zipitriak bazuen berea. Ez ziren legezkoak, isilpeko ikastolak ziren. Geroago, bere ahizpa Itziarrek ere jarri zuen ikastola. Ni, hiru-lau urte bitartean, Izeba Itziarren ikastolara joan nintzen, eta bost-zortzi urte bitartean, Zipitriarengana. Gero erdarazko kolegioetara joaten ginen. Amak bizitza osoan jarraitu zuen etxean ikastola izaten. Ume ikastola utzi zuen 1968an, ikastolak legeztatu zirenean. Gero helduei klaseak ematen jarraitu zuen etxean».
Hortaz, 1949an hasi zen ikastolarekin bere etxean Amale Arzelus, eta lehen semea urte horretan bertan jaio zen. Bigarrena, Jonan Zinkunegi bera, 1951n. Azken seme-alaba 1964an izan zuen, guztira bederatzi haur. «Etxean bertan jaio ginen bederatziak eta amak eskolak ematen jarraitu zuen. Ikastolako andereñoa zen, etxekoandrea eta gure ama», nabarmendu du Zinkunegik.
«Gure ama denerako gai zen. Gu ez ginen inoiz etxean geratzen asteburu bakar batean, mendira edo edonora joaten ginen. Bazkaria hartu eta haur guztiekin joaten zen edozein lekutara. Hondartza ondoan genuen eta udaran beti hondartzan egoten ginen. Egia esan, ez dakit nola moldatzen zen, ez zen geldirik egoten. Umetan ama beti haurdun ezagutu izan dut. Izugarria zen zeukan indarra eta ekimena».
Ander Arzelus Luzearrek transmititu zion Amaleri euskararekiko eta Euskal Herriarekiko maitasuna, eta berak segida eman zion soka horri bere seme-alabekin. «Gure etxean euskaraz egiten zen beti. Nahitaezkoa zen eta txikitatik oso barruan sartu ziguten bai amak eta bai aitak euskara zaintzea zein beharrezkoa zen. Gero, Zipitriarekin, pentsa... Gu horrela jaio ginen eta hor hazi ginen», gogoratu du Jonan Zinkunegik.
Bera haurra zeneko Donostia eta gaurkoa «oso desberdinak» dira. «Guk kalean geure artean egiten genuen euskaraz, ikastolako lagunen artean. Bestela, ez zen euskara entzuten inon. Geroztik jakin dudanez, ‘jende arraroa’ bagina bezala begiratzen ziguten, euskaldunak ginelako eta euskaraz egiten genuelako. Txikitan hor mugitzen ginen. Gero, zortzi urterekin, erdal eskolara joaten ginen, eta lagunartea zabaldu eta erdaldundu egin zen. Baina guk etxekoekin beti euskaraz egiten genuen eta horregatik ez genuen galdu euskara. Baina jende askok euskara galdu egiten zuen ikastolatik ateratzean. Donostian oso gutxi hitz egiten zen euskaraz».
1949TIK AURRERAKOAK
Jonan Zinkunegik hunkituta kontatzen duenez, «lortu dugu amaren historia argitaratzea». Sabino Arana Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du horretarako.
Amale Arzelusek berak idatzita utzitako memoriek 1949. urtera arteko garaia jasotzen dute nagusiki. Bere aita Luzear bizi zen garaiko kontuak detaile biziz jasotzen ditu Arzelusek, baina bere aita hil ondorengoak nahiko labur biltzen ditu. Bere seme Jonan Zinkunegik jaso ditu zehatzago garai horretako kontuak.
«Kontuan hartu behar da urte haietako egoera: alde batetik, estatu frankistak euskarari ezarritako zapalkuntza eta, bestetik, bederatzi seme-alabok 1949tik 1964ra bitartean erditu gintuela, halabeharrez gure heziketa bere ikastolarekin partekatuz; beraz, Amalek, amatasuna, irakaskuntza eta etxekoandretza uztartu behar izan zituen garai hartan. Ez dakit nola egin zuen, baina sekula ez zuen hiruretako bat ere albora utzi», jaso du Zinkunegik.
Gaztaroan aitaren espetxealdiak sufrimendu latza ekarri zion Amaleri, eta gero ere ikusi behar izan zituen etxekoak kartzelan. 1967ko Aberri Egunean, Andoni Zinkunegi, bere senarra, atxilotu zuten, eta hiru egun eman zituen komisarian. 5.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Handik bi hilabetera, berriz atxilotu zuten Zinkunegi, orduko hartan 16 urteko bigarren semearekin. Ustezko delitua legez kanpoko ekintzen argazkiak ateratzea zen. Zehatzago, EGIk Tolosako eliz dorrean jarritako ikurrinaren argazkiak ateratzea. Andoni Zinkunegi, Amale Arzelusen senarra, argazkilaria zen. Aita-semeak hiru egunez egon ziren Gobernu Zibilean Meliton Manzanasen eskuetan. Urtebetera, auzia artxibatu egin zuten.
Eta 1968ko Aberri Egunean, berriz estuasuna Zinkunegi-Arzelustarrenean. Bigarren semea berriz atxilotu zuten, 17 urte zituela. Oraingoan EGIren “Gudari” aldizkaria zabaldu izana izan zen delitua, “propaganda ilegala” poliziaren hitzetan.
Urte berean, ETAk Meliton Manzanas hil ondoren, Gipuzkoan berriz salbuespen-egoera ezarri zuten egunean, semea eta senarra atxilotu zituzten. Bi hilabete eta erdi eman zituzten preso Martutenen. Handik, Carabanchelera, epaituak izateko. Semeak hiru hilabete eman zituen preso, eta senarrak, lau hilabete. Guztira 30.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuten, eta Amale 4-18 urte bitarteko beste zazpi seme-alabekin bakarrik geratu zen etxean.
Jonan Zinkunegik amaren inguruko liburuan jaso duenez, «aitonaren eta aitaren bideari jarraituz, Amale ere bizitza guztian zehar sabindarra izan zen: EAJko kidea izan zen gaztetatik, Francoren garaian isilpean, eta hura hil ondoren ere Alderdian jarraituz denbora batez. Ondoren, EA sortu zenean, bertan sartu zen. 1995. urtearen inguruan, ezker abertzalearen aldera inguratu eta bertan jarraitu zuen bizitzaren amaierara arte».
EUSKAL PRESOEKIKO ELKARTASUNA
Oso umetatik ezagutu zuen errepresioa eta kartzela Amale Arzelusek. Maite zituenak kartzelan ikusi zituen askotan. Hartara, elkartasunaren taupada indartsua zuen bere barnean. «Azken garaian, bere sendiko inor preso egon ez arren, haien alde antolatzen ziren ekimenetan parte hartzen zuen, Arantzazuko taldean, esaterako». Hortaz, eskutitzak idazten zizkien preso zeuden euskal herritarrei. Horien denen erantzunak mimoz jasota utzi zituen Arzelusek. Eta presoen aldeko elkarretaratzeetan ere parte hartu zuen bere azken egunetara arte.
EUSKERAZAINTZA
Euskarak ardaztu zuen Amale Arzelusen bizitza, euskararekiko maitasunak. Euskerazaintzako kide izan bere sorreratik, 1979tik, 2011. urtera bitartean. Akademiako bilera ia guztietara joan zen. 1994an Euskerazaintzako akademiko izendatu zuten. Euskerazaintzaren helburua zen euskarak bere euskalkietan (gipuzkera, bizkaiera...) iraun zezala, euskara batuaren bidearekin ez baitzetorren bat. Amale Arzelus «h» letraren erabileraren kontrakoa zen, bere memorietan jasota geratu denez. Berak nahiko lukeen bezala jaso ditu amaren memoriak Jonan Zinkunegik, «h» letrarik gabe eta bere euskalkian.