Tolosaldeko hamalau mendizalek marraztutako zeharkaldiak, ehun urte
Heldu den ekainaren 7an, XIV Orduko Ibilaldiak ehun urte beteko ditu. Aralarko Adiskideak mendi taldeak hainbat ekimen antolatu ditu ospakizun horretarako. Mendi martxaren inguruko erakusketa zabaldu da Tolosako Aranburu Jauregian.

Tolosako Aralarko Adiskideak taldeak antolatzen duen XIV Orduko Ibilaldia mendi martxan parte hartu nahi dutenek hiru urte itxaron beharko dute. Izan ere, lau urtean behin, Olinpiadekin batera, egiten da ibilaldi hori. Gogoratu behar dugu Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituzten mendietan zehar egiten den txangoa dela, ia 70 km dituena.
Baina lerrook ez ditugu erabiliko aurrerapen hori egiteko, baizik eta ospakizun handi bat iragartzeko. Bai, XIV Orduak ibilaldiak ehun urte beteko ditu heldu den ekainaren 7an. Urteurren historikoa izango da, festa handi batekin biribilduko dutena.
Gogora dezagun 1925eko kirol ekitaldi horrek ikusmin handia sortu zuela Tolosaldeko hamalau mendizalek zeharkaldi zirkularra egitea helburu izan zutenean, Tolosan hasi eta Tolosan bertan amaitu zena. Hurrengo urtean, 1926an, maiatzaren 30ean, martxa hori errepikatu zen mendizale gehiagorekin. 1943an eta 1967an, Aralarko Adiskideak edo “Los Amigos de Aralar” elkarteak antolatuta, jada ibilaldi neurtu bezala egin zen, lehiarik gabe, biak ibilbide eta izen berarekin.
1972tik aurrera, Montrealgo Olinpiada zela eta, “XIV Orduko Ibilaldia” instituzionalizatu zen olinpiar urteekin kointzidituz, Euskal Herriko mendi ibilaldirik garrantzitsuena eta ezagunena bezala, betiere Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta.
2020an izan ezik, Covid pandemiagatik ez baitzen ospatu, milaka mendizale izan dira XIV Orduko martxaren hamahiru edizio «olinpikoetan», eta efemeride hori ospatzeko, Aralarko Adiskideak mendi taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurren biribil horren bueltan.
Hartara, joan den astean Tolosako Aranburu Jauregian ibilaldi horren inguruko erakusketa inauguratu zen. Ekainaren 7ra arte ikusgai egongo da bertan; asteartetik larunbatera, arratsaldeko 17.30etik 20.30era.
EZBERDINA
Inaugurazio ofizial horretan makina bat lagun bildu zen eta, oro har, ikusitakoaren inguruan hitz oso onak baino ez zituzten izan. Bai, alde guztietatik begiratuta, erakusketa historiko hori biribila da. Zalantzarik gabe, Xabier Agirre da ekimen horren alma materra. Hots, erakusketaren komisarioa. Tolosar honek ibilaldiaren inguruan egin duen ikerketa sakona eta dokumentazio lana ikaragarriak dira. Betiere, Aralarko Adiskideak taldearen laguntzarekin.
Erakusketaren planteamenduari dagokionez, Agirre «iraultzaile» bat ikusi dugu; izan ere, ikuspegi ezberdin batekin aurkeztu du bisita hori: «Mendi martxaren historia atzetik aurrera egin dut; hots, 2025ean hasi eta 1925ean amaitu. Urtez urte, gainera. Lortutako materialarekin urte bakoitza ‘apaindu’ dut. Garaiko jatorrizko dokumentuak, argazkiak, kartelen bilduma osoa, koadernotxo edo liburuxkak, diplomak, ordutegi kontrolen fitxak, parte-hartzaileei egindako opariak eta beste objektu edo dokumentazio batzuk erakusten ditugu. Esaten dudan bezala, ez da argazkien ohiko erakusketa bat; aipatu ditudan gai edo eduki horiek indar gehiago dute. Eta ez hainbeste argazkiek».
Horrek guztiak ikerketa lan handia egitera eraman du Agirre, eta Aranburu Jauregiak dituen areto ezberdinetan aipatutako guztia banatuta dago: «Kartel, diploma eta fitxa bana ditu urte bakoitzak, baina, ikusten denez, beira-arasetan martxa bakoitzean eskatzen ziren betekizunak jasotzen dira. Eta beste batean, izena ematerakoan mendizaleak jasotzen zituen opariak».
Bestalde, erakusketaren inaugurazioan gai bat hizpide izan zen, eta Agirre komisarioak horri azpimarra egin nahi izan zion: «Emakumezkoek egoera ezberdinak bizi izan dituzte. Adibidez, frankismoaren garaian debekatuta zuten parte-hartzea. Ni saiatu naiz haiek bistaratzen, batez ere, 1943tik aurrera. Hain zuzen ere, debeku hori saihestu zuen baten argazki bat ikusgai dago. Mendi martxa horretan Maritxu Lasa izan zen lehena. Bitxia da egoera, baina hor dago bere argazkia».
Argazkiak aipatu ditugunez, aurreratu behar dugu batez ere historikoak azaltzen direla eta ez hainbeste aro garaikidekoak: «Arestian esan dudan bezala, erakusketa hau ezberdina da; ikuspuntu hori eman nahi izan diot. 1925. urteko bost argazki daude, eta hurrengo urtekoa, berriz, bakarra. 1943tik aurrera gehiago daude. Baina gaur egungoak askoz ere gutxiago; horiek guztiak denon eskura daudelako. Ikerketa batean oinarrituta egon da lana; hori zen nire helburu nagusia. 1972tik 1988ra hutsune bat dago irudien aldetik, eta horregatik dei bat egin nahi dut, ezer daukatenek pasa diezaguten».
XIV Orduak mendi martxaren historiaren erakusketa zabalik dago. Eta berriro diogu: antolatzaileek eginiko lana bikain biribilduta dago. Bederen, dokumentazio guztiak hala azaltzen du. Horrez gain, areto batean bideo proiekzio bat dago modu jarraian.
HITZALDI-PROIEKZIOA
Erakusketarekin batera, Aralarko Adiskideak mendi taldeak beste ekitaldi bat antolatu du ekainaren 5erako: Francisco Tuduriren “XIV Orduko mendeurrenean” hitzaldi-proiekzioa. Hitzaldiarekin batera, argazkiak eta dokumentuak proiektatuko dira aldi berean. Jarraian, Pablo Dendaluzek egindako bideo bat ikusi ahal izango da da. Topic-en izango da, arratsaldeko 19.00etan.