Paradigma aldaketa: Iraultza elektroteknikoa?
Krisi ekosozialaren eta klima larrialdiaren inguruko azterketek etorkizun aski iluna marrazten dute sarri askotan. Baina tarteka esperantza izpiren bat eskertzen da. Ember «think tank»-aren txostena, kasu.

Azkenaldian etorkizunak ilunabarraren itxura hartu duela dirudi, azken izpiena, eta klima aldaketak ekarritako azken albisteek iradokitzen dutena ez da gutxiagorako. Egoera egiazki larria da. Energiari dagokionez ilunabarraren tankera hartua du kontuak ere, ikusita gure herriak %85eko dependentzia energetiko fosila duela edo azken hamarkadotan petrolioaren akabailaren kezkak bahitua zuela eztabaida. Baina egia da ilunabarra eta egunsentia bereiztea ez dela beti erraza izaten. Beraz, azken izpiak ala lehenengoak, zer ikusten ari gara benetan ortzi-mugan?
Ember Erresuma Batuko think tank ezagunak energiaren mundua harritu du berriki, uda akabaila honetan karrikaratu duen txostenarekin: “The Electrotech Revolution. A Shape of things to come” (Iraultza Elektroteknikoa. Etortzear dagoena). Haiek egunsentiaren alde egiten dute: eraldaketa teknologiko izugarri baten hasieran, aro berri baten atean gaude, «erregai fosilak ehizatzetik eguzkia landatzera», haien hitzetan. Ember-ekoek, hain segur, ez dute denean asmatuko, baina, energiak dena baldintzatzen duela ikusirik komeni da behintzat entzutea eta konponbideei arreta gehiago jartzea. Txostena grafiko eta datu harrigarriz beterik dago, eta jarraian duzue laburpentxo bat.

PARADIGMA ALDAKETA
Ember-eko kideek paradigma aldaketa da proposatu dutena. Diotenez, fokua energia primarioan eta klimatikoan jarriz gero, blokeo egoera bat baino ez dugu ikusiko. Baina fokua handituz gero eta arreta energia erabilgarrian jarri, orduan, etorkizunak bertzelako aspektua hartuko du: aro berri baten sarreran egonen ginateke.
Begiak irekitzeko moduko datua luzatzen dute jarraian: eguzkiak bost egunetik behin lurrera bidaltzen duen energia kantitatea handiagoa da erregai fosilen erreserba guztiak elkarrekin baino. Eta orain kontuan hartu elektroteknikaren hobekuntza izugarria izaten ari dela urtetik urtera. Erraterako: 1975ean zelula fotovoltaiko baten efizientzia %5ekoa zen. Gaur egun, %30era hurbiltzen ari da. Beraz, orain, teilatu berdin batean lehenago baina sei aldiz energia gehiago sortzen ahal duzu eguzki kantitate berdinarekin. Eta harrigarria bada ere, hori ez da gertatu plakak garestituz, haien prezioa %99,6 jaitsi baita denbora berdinean -energia sorkuntzarako teknologia merkeena bilakatzeraino-, eta antzera energia eolikoarekin eta bateriekin.
Azaltzen dutenez, izaera modularrean dago sekretua, eta eskala ekonomian. Zentral termiko bat egitura izugarri konplexu eta handia denez, soilik unitate batzuk egiten dira. Fotovoltaikoan, berriz, zelula antzekoak milioika aldiz ekoizten direnez, milioika “aukera” daude haiek gero eta hobeto egiten ikasteko, eta gero eta efizienteagoa da prozesua. Iraultza horren adibiderako, eguzki teknologiaren garapen historikoa: elektrikorako instalatutako kapazitate handiena du orain fotovoltaikoak, baina txikiena zen duela 15 urte bakarrik!
ARO FOSILETIK EGUZKIAREN ARORA
Fosilak lur azpian uzteko badakigu egin beharrekoa: desazkundea + elektrifikazioa. Elektrifikazioari dagokionez, zalantza teknikoak badira: hegazkinak elektrifikatzen ahalko diren ez dago sobera garbi, erraterako. Baina, gaurgero, sistema energetikoaren %75 elektrifikatzen ahal da.

Paradigma aldaketa horren bertze shock teknologiko bat elektroteknikoaren efizientzia da.
Gure ilobei gauza xelebrea irudituko zaie beren aitonek egiten zutena, hau da, autobusen gurpilak mugitzeko motor batean petrolioa lehertzea, litroak eta litroak. Hori da euliak kanoikadaka hiltzea. Energia xahuketa izugarria: sisteman sartzen dugun energiaren bi heren ez dira ezertarako, bero forman galtzen dira. Imajinatu: afari bat jateko, hiru prestatu eta bi zakarrontzira botatzea gauero. Sartzen diren 606 energia unitatetatik soilik 227ri ateratzen diegu probetxua gaur egun.
Xahuketa horiek dirua, denbora eta materiala erran nahi dute, beraz, desazkundean bidelagun da elektrifikazioa. Entzuten da berriztagarriek material aunitz behar dituztela: neodimioa, nikela, zilarra eta abar. Baina, egia izanik ere, sistema fosilarekin alderatuta izugarrizko irabazia izanen litzateke alde horretatik ere. Kontuan izan behar dugu petrolioa, gasa eta ikatza lurrazala zulatuz lortzen diren materialak direla, tonak eta tonak, baina horien kasuan, behin erabili eta betirako erretzen dira. Hartu eta bota. Berriztagarriekin 30 urtez behin eta berriz erabiltzen da material bera. Hortaz, sistema berriztagarriak 50 aldiz material gutxiago behar ditu konparazioan.
Ember-en arabera, hamarkada honetan energia eskariaren handitzeari aurre hartu ondotik, fosilak sistematik kanporatzen hasteko gaitasuna izanen dute berriztagarriek -herrialde aunitzetan kanporatzen dituzte fosilak dagoeneko-, baina, horretarako, haien hedapena azkartu beharra dago.
ARGIAREN HERRIA
Txostenak trantsizio energetikoaren ehunka aspektu ukitzen ditu, ñabardura aberatsez beterikoak, baina aipamen berezia merezi du energia burujabetzak. Gaur egun, herrialde batzuen kontrolpean dago erregaiaren iturria eta haiek erabakitzen dutenaren menpeko gara. EAEk %90eko dependentzia energetikoa du. Baliabide berriztagarria, berriz, mundu osoan dago eskuragarri: herrialdeen %92k beren eskari energetikoa baina hamar aldiz berriztagarri potentzial handiagoa dute -aunitzek 100 aldiz gehiago, zenbaitek 1.000 gehiago!-. Gainera, fosilak garestiak dira. Munduaren laurdenak barne produktu gordinaren %5 baino gehiago xahutzen du fosilak erosten, baina, bakarrik hiru teknologiarekin -auto elektrikoak, bero ponpak eta berriztagarriak-, inportazioak %70 jaisten ahal dira. Euskaldunok egunero petrolio ontzi erraldoi bat ordaindu beharra dugu, Bilboko portura ailegatzen dena. Plaka batek aldiz 30 urteko “askatasuna” eta “segurtasuna” ematen dizkigu, behin erosita ezin baitigute “eguzkia itzali”.

Batzuetan pentsatu ohi da teknologia eskuinaren afera dela. Akats handia da: teknologia ezagutu eta disputatu behar da, eraldatu nahi bada. Teknologia elektriko berriztagarriak ikuspuntu fisiko, ekonomiko eta geopolitikotik hobekuntza galanta dira, eta, batez ere, isuriak jaisteko testatutako aukera. Historian lehendabizikoz eguzkiaren energia elektrikoa zuzenean baliatzeko aukera dugu eta munduko herrialde aunitz -Ekialdean batez ere, baina, baita Afrikan eta Latinoamerikan ere- elektroien teknologian egiten ari dira aitzinamenduak.
Euskal Herrian bertze nonbaitera gaude begira. Petro-nazioa gara, elektro-nazio berdeagoa izateko aukera dugularik. Energia berriztagarriak ez dira krisi guztien konponbidea, bistakoa da, baina norabide onean pausu sendoa dira. Fosilismoarekin apurtu beharra dugu. Atzeratzen garen egun bakoitza erretako petrolioa da, zikindutako birikak, kolonizatutako atmosfera. Fosilen bandoan daude Trump, munduko kapital handienak eta gainerako erreakzio fosilista guztia. Baina praktikan, euskaldunok ere bai, nahiz eta ideologikoki kontra egon.
Berriztagarriak ezkerrekoak direla erratea gehiegizkoa da akaso, baina, energia merke, jasangarri, efiziente eta deszentralizatuagoa diren heinean, herritarragoak izateko potentziala dute, fosilek ez bezala. Stop Fosilak taldearen ustez, teknologia horien aurka borrokatu beharrean, onura publikoan jartzearen alde egin behar dugu -aipatu txostenean jorratzen ez den arloa-. Argiaren abiaduran, halaxe eraldatzea dagokigu, ilunabarra egunsenti izan dadin.
