10 urte bazkideen aurrezkiak bildu eta ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzen
Irudikatu bazkideen aurrezkiak ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak finantzatzeko erabiltzen dituen kooperatiba bat. Eta, gainera, banku kapitalisten praktiken kontrako modura egitea, ekonomia eta jendartea eraldatzen laguntzeko helburuarekin. Bada, existitzen da, Koop57 du izena eta 10 urte bete ditu Euskal Herrian.

Aurrezkiek ez dute mundua aldatzen. Mundua aurrezki horiek finantzatzen dituzten proiektuek aldatzen dute. Konbentzimendu horrekin, hamar urte daramatza Koop57 kooperatibak bazkideen aurrezkiak bildu eta ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzen.
Euskal Herriko 84 entitatek eta 338 norbanakok 4 milioi euro aurrezten dituzte zerbitzu kooperatiba honetan. Haiei esker, 5,6 milioi euro eman dituzte guztira 86 mailegutan. Entitate bazkideak ezagunak dira, gure herriko ekonomia sozial eraldatzailea josten ari dira egunero: EHNE Bizkaia, Hiritik At, Talaios Koop, Tapuntu, Astra, Consonni, Olatukoop, Aztiker, Sudergintza, Salhaketa, Bira, Hiru Damatxo, Katakrak, Biziola, Hiruki Larroxa, Kaxilda, EHkom, Izarkom, Biolur, Haizaldeko, Bizi!, Goiener, Oinherri, Erein Da Jan, Laba... Koop57ko bulegoaren horman jarrita daude izen guztiak, denbora lerro baten inguruan, eta nabarmena da azken bost urteetan izandako gorakada. Azken urtean, 1,3 euro eman dituzte mailegutan.
Jone Etxeberria Agirre Euskal Herriko lurralde saileko lehendakaria eta espainiar Estatu mailako egitura osoko lehendakariordea da. Jone Otxoa, Euskal Herriko lurralde saileko idazkari teknikoa. Biek egin digute harrera Donostiako Egia auzoan duten lantokian eta pasioz mintzatu zaizkigu ekonomia egiteko hagitz bertzelako modu honetaz.
JATORRIA, LANGILE BORROKA
Koop57 azaltzeko 1986. urtera joan behar dugu. Krisi garaia zen Katalunian, eta Bruguera argitaletxea, Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape eta beste plazaratu zituena, bankuen esku gelditu zen. Ixtea erabaki zuten eta ia 1.000 pertsonak lana galdu zuten. Horietako batzuek langile borrokaren bidea hautatu zuten. Borroka horrek urte batzuk geroago epaiketa irabaztea lortu zuen, eta horri esker kalte-ordain pertsonal batzuk jaso zituzten. Dirua bakoitzak bere poltsikoan gorde beharrean, funts komun batean sartzea erabaki zuten eta dirua hiru zatitan banatzea: lehenengo zatia Nikaraguako sandinistentzat, bigarrena Andaluzian lurren pribatizazioaren aurka ari ziren sindikatuentzat, eta hirugarrena erresistentzia kutxa bat sortzeko. Azken horren xedea proiektuak sortzea zen eta, hortik, lanpostuak. Pertsona baten erabakiak ez zituen berriz arriskuan jarriko.
Erresistentzia kutxa horretatik sortu zen 1995. urtean Coop57 Katalunian, zerbitzu kooperatiba gisa. «Ez gara banku bat; autonomia osoa dugu, ez dugu inongo harremanik Espainiako Bankuarekin eta europarrekin. Jartzen dituzten arau eta legediek ez digute zuzenean eragiten, baizik eta kooperatiben araudiaren arabera funtzionatzen dugu. Erabaki guztiak asanbladan hartzen ditugu, guk erabakitzen dugu zer mailegu mota, zeini, nola eta zer interesetan eman», azaldu dute.
LURRALDE SAILAK
Coop57 sortu zenean, Aragoiko pertsona eta entitate batzuk hurbildu ziren Kataluniara haiek ere proiektuak bankuetatik aparte finantzatu nahi zituztelako. Hausnarketa baten ondotik, behetik gorako hazkuntza bat izan behar zuela erabaki zuten. Ez zuen zentzurik katalan bat Aragoira joateak gauzak nola egin behar zituzten erratera; bertako jendeak egin behar zuen. Hala jaio ziren lurralde sailak, eta Euskal Herrian 2015ean sortu zen Koop57. «Horizontalki, deszentralizatuta, sarean» aritzen dira.
Lurralde sail bakoitzak bere asanbladak ditu, baita batzorde soziala, teknikoa, zuzendaritza eta idazkari teknikoa ere. Otxoa da hemengo idazkari teknikoa, langile bakarra, eta eguneroko lanean aritzen da. Gainontzekoak boluntarioak dira. Batzorde soziala, teknikoa eta zuzendaritza hilabetean behin elkartzen dira.
BAZKIDE LAGUNTZAILEAK
Koop57n ez dago bezerorik, zerbitzuak jasotzeko bazkide izan behar baita. Bi motatako bazkideak dituzte: kolaboratzaileak edo laguntzaileak eta zerbitzu bazkideak. Bazkide kolaboratzaileak aurrezkiak Koop57n gordetzen dituzten pertsona edo entitateak dira.
Adibidez, Etxeberria proiektura batu zenean, duela hamar urte, bazkide kolaboratzailea zen. «Bazkidetzeko gutxieneko ekarpena 300 euro besterik ez da eta 400 eurorekin hasi nintzen. Orain diru gehixeago daukat eta aurrezten joaten naiz».
Mota honetako bazkideek ezin dute mailegurik eskatu, xedea proiektuak bultzatzea delako. Baina asanbladetan parte har dezakete eta erabakietan boto bat dute, berdin du zenbat aurrezki dituzten.

Bulego birtual batetik momentu oro sartu edo atera ditzakete aurrezkiak. Urte bukaeran %0,5eko ordainsaria jasotzen dute. Orain arte modu bakarra egon da aurrezteko, baina joan den ekainean bigarren modu bat jarri zuten martxan: bi urtean diru hori ez ateratzeko konpromisoa hartuz gero, %1,5eko ordainsaria jasotzen da. Hala ere, edozein momentutan atera daiteke dirua inongo arazorik gabe eta baja eskatzen duenari ere dirua itzultzen zaio. Ez dago bertzelako gasturik.
Zein da onurarik handiena? «Badakizu diru horrekin ez dela espekulatuko, ez dela armagintzan erabiliko. Justu kontrara: diru horren parte bat ekonomia sozial eraldatzailerako erabiliko da», azpimarratu du Etxeberriak.
ZERBITZU BAZKIDEAK
Zerbitzu bazkideek, aurrezteaz gain, maileguak jaso ditzakete. Entitateak dira, proiektuak, eta ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta egon behar dute.
Aurrezteko, hasieran 1.000 euroko ekarpena egin behar dute. Gero ez dago gastu gehiago.
Koop57.eus webgunean ematen dute bazkidetzeko aukera. Bi bazkidetza motak egin daitezke. Bazkide laguntzaile izateko nahikoa da galdetegi bat betetzea datu pertsonalekin. Koop57k, trukean, informazio osoa ematen du: zer mailegu eman diren, zer kopurutan, nori, zenbat interes... Zerbitzu bazkideen kasuan, konplexuagoa da bazkidetza, ez dutela edozein proiektu finantzatzen bermatzeko. Batzorde sozialak ebaluazioa egiten du. Lehenengo galdetegi baten bidez eta gero aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez. Lurralde saileko zuzendaritzak erraten du azken hitza.
Behin onartuta, asanbladetan parte hartu, aurreztu eta mailegua eska dezakete. Hemengo bazkide gehienek ez dute inoiz mailegurik eskatu. Sarearen parte dira eta badakite behar izatekotan hor dagoela Koop57. Mailegua eskatu dutenean, beti bueltatu dute.
XEDEA, PROIEKTUA
Etxeberriak esplikatu duenez, ematen dituzten maileguen interesak ez dira altuak. «Gaur egun Europako Banku Zentralak oso merke ematen du dirua eta, hortaz, askotan interes oso baxuetan ematen dituzte maileguak bankuek. Zer da guk eskaintzen duguna? Gure helburua ez da dirua egitea. Aurrezkiak hor daude, eta badakigu mailegu bat ematen dugunean pixkanaka jasotzen joango garela. Kontua da ez dugula hortik dirurik atera nahi, guk nahi duguna da proiektua aurrera ateratzea. Orduan, proiektuak arazorik badu, elkarrekin azter dezakegu arazo hori koiunturala ala estrukturala den».
COVID-19 gaitzaren garaian, proiektu ugari gelditu ziren eta, noski, aunitzek ezin zuten eskatutako mailegua ordaindu. Orduan, denei deitu zieten, nola zihoazen galdetzeko. Eta hala erran zieten: «Lasai, parte bat aurrera badoa, beste batek utz diezaioke une batean ordaintzeari. Guk zuen proiektuak aurrera segitzea nahi dugu». Proiektuaren arazoa estrukturala izango balitz ere, aztertuko lukete. Eta egunen batean kale egingo balu, abal aunitz eskatu dituztenez, bilatuko lukete modua diru hori nolabait itzultzeko.

Otxoak gaineratu du irabazi-asmorik gabeko kooperatiba direla. «Ez ditugu interesak bazkideen artean banatzen. Irabaziak proiektua bera indartzeko dira. Horrekin badaezpadako poltsak osatzen ditugu. Konfiantzan eta errespetuan oinarritzen gara».
Etxeberria Hitzar energia kooperatibako bazkidea ere bada eta Hitzarren izenean ere etortzen da Koop57ra. «Guretzat garrantzitsua da. Instalazio fotovoltaiko bat egin behar badugu, mailegua eska dezakegu, dirulaguntzak geroago iristen direlako. Bankuek ez digute diru hori aurreratzen».
ABAL MANKOMUNATUAK
Koop57ren ikurretako bat abal mankomunatuak dira. Orrialde bat da, zeinetan entitate batek ezin badu mailegua itzuli diru bat jartzeko konpromisoa azaltzen den. Proiektu batek mailegua eskatzen badu, abal horiek eginen dituzten pertsona edo entitateak bilatu behar ditu. Mugak daude: norbanakoek ezin dute 5.000 euro baino gehiago abalik eman, ezta entitateek 10.000 euro baino gehiagokorik ere. «Hori guretzat oso garrantzitsua da, alde batetik, erakusten digulako arrisku horren atzean badagoela oinarri sozial bat proiektu eta mailegu horretan sinesten duena. Bestalde, egoera zail bat iristen bada, arriskua jende askoren artean banatzen da eta ez da inor kolokan jartzen», azaldu du Otxoak.
Hala ere, oraindik ez dute abalik martxan jarri beharrik izan, krisi bat gertatzen bada adostasun batera iristen direlako proiektuak jarraitzeko.
AHOZ AHO
Duela hamar urte hasi zirenean, diru-sarrera majoak izan zituzten, Coop57 orokorrean ere dirua zegoen, eta toki guztietara joaten ziren galdetuz: «Proiekturik baduzu? Dirua behar duzu? Etorri». Gaur da eguna puskaz diru gehiago dutena, baina bazkide gehiago ere badituzte eta beharrak esponentzialki handitu dira. «Diru asko dugu, baina gehiago behar dugu. Horregatik hasi gara komunikazioa lantzen. Katalunian, 30 urtean ez dute behar izan». Orain arte ahoz aho moldatu dira.
Europan ere antolatuta daude. «Daukagun fama da oso segurola garela. Mailegua ematea berme moduko bat da. Ez bakarrik egitasmoak porrot egiten badu; bideragarritasun plana pasatu badu, aukerak egon daitezkeelako da. Komisio teknikoak ez dio bakarrik baietz ala ezetz. Esan dezake: ‘Modu honetara ezin da, baina nola egin dezakegu ahal izateko?’. Laguntza dezentekoa da; horregatik, mailegu bakoitzaren atzean lan izugarria dago», agertu du Etxeberriak.
Azken mailegu handia Biziolarena izan da. 700.000 euro eman zizkioten guztira bi mailegutan. Goierrin dagoen ekonomia sozial eraldatzaileko polo bat da, eta fabrika bat erosi behar zuen.
GOIENER
Goienerri emandako mailegua ere garrantzitsua da. 2023an energiaren prezioak izugarri egin zuen goiti egun batetik bertzera, eta diru pila sartu behar zuen kooperatiba horrek energia merkaturatzen jarraitzeko. «Erabakiak oso azkar hartu genituen: 500.000 euro eman genizkion etorkizuna nolakoa izango zen jakin gabe. Ondo atera zen guztia, dirua berreskuratu genuen. Baina momentu larri horretan, ‘hauek ezin dute itxi’, pentsatu genuen. Erabaki politikoak dira, baina zergatik ateratzen dira ondo? Badakigulako egitura indartsuak direla eta bazkideek proiektuan sinesten dutela. Zerbait gertatzen bada, guztiok gaude», azpimarratu du Koop57ko lehendakariak.
Bazkideen beharrei erantzunez sortu dituzte mailegu motak. Adibidez, dirulaguntzak aurreratzeko mailegua aunitz ematen da. Etxebizitza mailegurik ez dute eman hemen, baina fabrika erosteko bai. Katakraken kasuan, eraikin osoa erostean ere lur hori ekonomia sozial eraldatzailera bideratu dute. 400.000 euro eman zizkioten.

Kreditu polizak dira gehien eskatzen direnak. Poltsa bat da zeinetatik dirua beharren arabera sartu eta atera daitekeen.
Mailegu guztiak itzul daitezke adostutakoa baino lehen.
Interesak dira Koop57ren diru iturri bakarra eta asanbladan erabakitzen dira. Iraunkorrak dira: %3tik %5,25era doaz. Bertzeen interesak aunitz igotzen direnean, hauek mantendu egiten dira. «Dirua merke jartzen dutenean, ezin dugu lehiatu interesetan, baina dena ez dago interes horretan. Hemen ez dago gastu gehiagorik. Mugitzeko gaitasuna eta konfiantza eskaintzen dugu. Gauzak ondo doazenean, eta, gaizki doazenean, oraindik gehiago», defendatu du Jone Otxoak.
ITSULAPIKO BAT
Bazkide berriak lortzea dute orain erronka, aurrezkiak behar dituztelako maileguak emateko. «Koop aurrezteko itsulapiko bat bezala ulertu behar da, baina bitartean fakturak ordaintzeko banku bat behar dut. Interesgarria da hilabetean diru bat gorde daitekeela Koopen automatikoki, eta hala aurrezten joan».
Koop57ko kideei ez zaie interesatzen pertsona edo entitate batek diru aunitz aurreztea; nahiago dute jende eta entitate ugarik gutxi aurreztea. Horrela, pertsona batek dirua ateratzea erabakitzen baldin badu ez da proiektua arriskuan jartzen.
FUNDAZIOA
Fundazio bat ere badute, kooperatibak lagundu ezin dituen proiektuak laguntzeko. Amillubi horren bidez egin zuten. Bertze egitasmo bat ere abiatu zuten Palestinako ekonomia laguntzeko. «Hemen ere oso egun gutxitan diru asko lortu genuen. Koop57 ekonomia sare alternatiboetan dago, mundu mailan ere baditugu harremanak eta halakoetan harreman horiek asko egiten dute».
Sevillan, Gazpacho Gitano jarri zuten martxan. «Las Tres Mil Viviendas izango da estatu mailan auzorik pobreena, ijito asko bizi dira bertan. Han izan ginen bisitan. Sukaldea behar zuten jangela sozial bat egiteko. Kanpaina bat egin zen fundazioaren bidez eta sukaldea erostea lortu genuen», kontatu du Etxeberriak.
«Askotan ‘fundazio’ hitza entzutean atzean ondasun handi bat dagoela iruditzen zaigu. Guk ez daukagu halakorik -argitu du Otxoak-. Fundazioak egiten duena da halako proiektu bat ateratzen denean crowdfunding-a egiteko daukagun erreminta zabaltzea eta kanpainak egitea. Adibidez, Palestinarentzat, Daman hango enpresarekin eskuz esku, dirua lortzeko».
Fundazioan dohaintza puntualak eta finkoak daude. Bada jendea fundazioaz fidatzen dena eta urtero jartzen duena. Etxeberriak, erraterako, bere diruak ematen duen interesa jartzen du: «Nire diruak ez ditu umetxoak egiten. Finantza mundua ezagutzen baduzu, badakizu umetxoak egiten baditu norbaiten kontura ari dela».
Bankuek herritarron beharrak txanpon bihurtu eta gure dirua erabiltzen dute negozioa egiteko. Logika hori errotik iraultzea posible dela frogatu du 10 urtez Koop57k. Zorionak eta aunitz urtez!

