Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Milesker, Ortzi

Ortzi, bere liburuetako batekin, 2021eko otsailean.
Ortzi, bere liburuetako batekin, 2021eko otsailean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ez dut inoiz jakin zergatik aukeratu zuen ezizen (edo guda-izen) hura. Aste honetan Periko Ibarraren memoriak irakurtzen ari nintzela berriz ere egin nuen topo bere izenarekin. Gipuzkoako diputazioko presidente frankistaren iloba zen Francisco Letamendia. Ibarra bezala, oligarkia frankistaren semea. Biak ala biak, mundu harekin apurtuta elkartu egin ziren disidentziara, diktaduraren aurkako borrokara. Langileak defendatzeko abokatuen bulegoa antolatu zuten, hasiera batean hura nola egin ideia argirik eduki gabe ere. Burgoseko Prozesuan akusatuen defentsan parte hartzeko deitu zieten eta hartara jarri ziren buru-belarri.

Geroago zuzenean politikan engaiatu zen Letamendia eta Euskal Iraultzaren Alderdiaren antolaketan sartu zen buru-belarri, Franco hil ostean. Hala aurkeztu zen parlamentura ere. Garaiko eztabaida handia izan zen. Batzuek parlamentuan bai ala bai parte hartu behar zela uste zuten. Euskal iraultzaren alde egiteko bozgorailua izango zutelakoan bertan. Hala ere, Letamendia bakarkakoan aritu zen askotan gorteetan. Autodeterminazioa Konstituzioan jaso ezean, euskal gatazka bideratzea ezinezkoa zela defendatu zuen. Baita Konstituzioak kapitalismoa finkatzen zuela eta iraultzarako atea ixten zuela ere. Azkenean, bertatik bertara ikusita frankismoarekin benetako apurketa lortzea ezinezkoa zela parlamentuan, bere eserlekua utzi zuen.

Herri Batasunera pasa zen, argudiatuz hura zela, ordura arte egindako bide iraultzailearekin hauturik koherenteena. Koalizioaren ohiko bozeramaileetako bat izan zen hurrengo urteetan. 1979an berriro gorteetarako hautatua izan zen, nahiz eta Herri Batasunak ez zituen Madrilera bere ordezkariak bidaliko. Bigarren aldi hartan, suplicatorio delakoa egin zioten. Hau da, parlamentariak babesten dituen immunitate legala bertan behera utzi zioten. Asmoa zen epaitua izan zedila, Konstituzioaren aurkako kanpainan esandakoengatik. Kartzelara joateko arrisku erreala ikusita, politikaren lehen lerrotik aldendu zen eta Parisera joan zen.

Unibertsitatean ibilbide emankorra izan zuen ordutik aurrera. Ez dira oso ezagunak bere obrak, baina antifrankismoaren, trantsizioaren eta oro har, euskal gatazkaren ulermenerako funtsezkoak dira. Batez ere, Europako intelektualen obrak erabili zituelako, ikerketa eta argudiategi aberatsa garatzeko. Ez da oraindik argitaratu bere “Historia del nacionalismo vasco y ETA” -hiru liburuki dituen obra mardula- bezain lan osorik. Noizean behin kontsultatzen dudanean, askotan harritu egiten nau oraindik, zenbat gauza hartu zituen kontuan, zein modu aberatsean azaldu zituen gauzak, sinplismotik eta aurreiritzietatik ihesean.

Bere beste lan batzuk teorikoagoak dira, baina berdin berdin interesgarriak. “Juego de espejos” obran euskal gatazka aztertzen zuen modu konparatiboan. Nazionalismoen historia zabalagoan kokatuz eta, azpimarratuz, zer-nolako dialektika gertatzen zen zentroaren eta periferiaren artean. Bere azken lanetako bat ere, “El hilo invisible”, manual bezala erabili daiteke ia. Ideologien inguruko teoria ederki laburbildu zuen bertan. Beti eskertuko diogu egin zuen ekarpena. Milesker, Ortzi.