Biribilgunean
Buelta bat, eta gainera datorkigu. Berak ez gaitu ikusten, nik bai bera, eta ez du frenatzen! Eskuak bolantean eta begirada aitzinera finko, atzerako ispilua airean bota digu eta gure autoaren kontra lekua egin nahian txapa guzia altxatu digu. Biok errepide bazterrean. «Jo gaituzu!», nik. Ez-ulertuarena berak. Hizkuntzagatik ote? Ez ez, euskalduna da! «Ez ukatu, e, testiguak daude!» (bazeuden ala ez jakin gabe). Mirariz, nire deiari erantzunez bezala, motorzale batek atzerako ispilua ekarri digu, paperak betetzen lagundu eta, nolabait, kostata, bertze gidariak gure bidean sartu dela aitortzea lortu du.
Bigarren bueltan, garabiak autoa eraman du eta taxian goaz. Hiztuna da. Sobera. «Zer zen, andrea?», ekin dio. «Ehuneko laurogeita hemeretzitan (Taxilari Estatistika Institutuak errana) emakume bat tokatzen bazaizu, akabo, ez du sekula gaizki egin duela onartuko». Nardatua, berak kamera paratzea erabaki du eta horren harira kotxeko kolpeak baino sakonago jo nauen pasarte bat kontatu digu. Ez da hemen idazteko modukoa ere, baina ideia bat egiteko, hona sarrera-perla: «Badakit feminismoa urrunegi ailegatu dela eta gizonok jada ez dugula deus balio, baina...».
Hirugarren buelta biribilguneari, burukoarekin hausnarrean jada. Batetik, istripuaren sustoa eta bertze gidariarekin eztabaidan ibili beharra. Aitortu didanez, arrisku orotarako asegurua du, orduan, zertarako ibili horrela? Hurrengo urtean prezioa garestituko dioten beldur izanen da, agian? Edozein kasutan, gure haurra negarrez ikusi du, ni ere bai, eta ez digu galdetu ezta zer moduz geunden ere, eta barkamenik eskatu gabe joan da. Bertzetik, taxistaren kalaka itsusia. Zer izan da hori?
Bertze gidariak hurbiltasun pixar bat erakutsi izan baligu, erabat desberdin biziko nuen ezbeharra. Baina kolpea izan genuen biribilgunean bezala, gure zilborrari buelta eta buelta gabiltza, eta ez dugu bertzea ikusten. •

