Josu Ozaita
Antropologoa
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Pipar bilketa, edo soldaduska hura

Pipar sail bikaina, udako eguzki izpi beroen pean.
Pipar sail bikaina, udako eguzki izpi beroen pean. (Josu OZAITA)

Terrazan gaude pipar (pipermin) platerak jaten kuadrillan, hitz-aspertuko arratsalde hau oso interesgarri ari da jartzen. Ibarran gizonezko zaharrenek soldaduskako istorioak kontatzen dituzte, eta intsumisio garaiko eta ondorengo urteetako neskek eta mutilek, berriz, pipar bilketako kontuak. Urteak igarota, gaztetxo garaiko anekdota eta makina bat kontakizun kontatzen ditugu, platerkada bat pipar jaten ari garen bitartean. «Puff» hitza eta hasperen luzea, irribarrea, ondoren. Puff, lan gogorra zelako. Puff, anekdota berezi eta graziosoak gertatzen zirelako. Pipar bilketa, edo soldaduskaren pareko izan zena askorentzat.

«14-15 urte nituela aritu nintzen ni piparrak ginebra botila eta potoetan sartzen garaje batean, duela ia 40 urte, Txumitxa pipar etxeko Juanitorekin. Piparrak sartu, tertulia politak eduki, eta gero, trago pare bat tabernan eta bokata jan. Mila pezetarekin gustura etxera!», hasi da hizketan gu baino zaharragoa den ibartar bat.

GORABEHERAK PROFESIONALIZAZIOARENBIDEAN

Negoziorako aukera ikusi zuten hainbatek eta pipar sail handiagoak jarri XX. mende amaieran. Izan ziren familia osoak, pipar soro handiak jarri eta hiru hilabetez pipar bilketan aritu zirenak. Udako paga estra izan zitekeen eta diru-sarrera polita etxekoentzat. Pipar asko jarri zen 90eko hamarkadan Ibarran, nahiz eta lehendik azeituna saltzaileak bere sailetan, edo baserri gutxi batzuetan izan. Txumitxaz gain, Zubelzu piparrak ere markarekin saltzen hasi zen, eta baratzezainek ere prozesua eurek amaitu nahi zuten errentagarritasuna handitzeko asmoz: hala sortu zuten Ibar-lur kooperatiba. Piparra zabaltzen ari zen soroetan. Piparrak eskulana eskatzen du, ordea, eta horrek langileak izatea. 14-16 urte bitarteko gazte askorentzat lehen lana eta lehen soldata izan zen piparrak biltzea: heldutasunera igarotzeko erritua. Hori eginda, jada heldu izango ziren, baita ibartarrago ere, beraiek ohartu gabe.

Langile batzuk finko aritzen ziren, seguru eta kontraturik gabe (nahiko arrunta garai haietan), kiloko hainbeste kobratuz. Baldera piparrak bota, zakua bete eta pisuak agintzen zuena kobratuko zuten, astean astekoa askotan.

«Gu sei lagun aritzen ginen. Bi egunetan soro guztia egin, biharamunean jai eta hurrengoan berriro hasten ginen. Lan asko genuenean, egun batzuetarako ere etortzen ziren bakarren batzuk», esan du 46 urteko lagun batek, duela 32 urteko kontuez.

Eskolatik lan mundurako saltoa zen, eta ez salto makala, gainera, piparrak biltzea ez baita lan xamurra. Goizean hasi, eguerdian bazkaldu eta arratsaldean berriro. Bero sapa galantarekin hantxe aritu behar. Piparrak ureztatzeko mangera dutxa bihurtzen zen askotan. Eta beroa ez zenean, euri zaparradaren pean, atsedenleku desiratua zen baserriko ganbaran lehen zigarroak erretzera. Azkar egiten ziren kontuak egunaren amaieran: «Hainbeste kilo, “x” pezeta, gaur diru pixka bat irabazi dut». Sekulako diruak ez ziren, baina diru asko 15 urte inguruko gazte baten katanarruan.

«Baratzean lan asko genuenean auzora joan, gazteren bati esan, eta hortxe etortzen zen ordubetera 14 lagunekin. Egunekoa ordaintzen genien», oroitzen du baratzezainaren semeak. Orduan ez zen udako ludotekarik.

Kalea zen eskola, mobilik ez zen garaian. Nola bizi ginen sega-potorik gabe? Etxeko txirrina jo edota telefono finkora deituz, edo kalera aterata. Eta arratsalde txoro batean, diru iturri zen baratzerako deialdia.

Artikuluaren egilea bera, egun euritsu batean piparrak biltzen. (J.O.)

«Gurasoek seme-alabak entxufatu nahi izaten zituzten eta nire aitarengana etortzen ziren lan eske. Lan egiten zuten egun batean, bitan, hirutan, astebetez, bi astez... herriko festak iritsi eta ‘popatik piparrak!’ esan eta etortzen ez ziren arte. Astero kobratuta, sos batzuk bazituzten eta. Urtero arazo berdina», oroitzen da barrez pipar baratzea zuen baten semea. ‘Pipar’ egiten zuten.

Ia denboraldi guztia egiten zuten hainbatek, baina baziren egun bakarrekoak edo egun gutxikoak. Ez zegoen kontraturik, ezta hitzez haragoko konpromisorik ere.

«Gogoratzen nauk -hasi da ia barrez, pipar bilketan aritutako laguna-. Ibarrako festetan kale egin genian, eta gero deitu zigutean joateko, eta hantxe zeudean baratzean 80 urteko amona eta denak piparrak biltzen kristoren mala ostian. Halako piparrak bildu genizkian!», hatzekin 15 zentimetro adieraziz, besteen barre algarak sortu ditu.

Eta irailean ikastolara itzultzen zirenez, hilabete eta erdi aritzen ziren, baina piparrak bildu zain jarraitzen zuen. Hiru egunez behin biltzen zen landare bakoitzean. Ez zen oso bideragarria enpresari ikuspegitik. Ezta langile ikuspegitik ere. Baina utzi zituen harribitxi diren anekdotak.

«Piparrak biltzean oroitzen naiz nola ibiltzen ziren batzuk, zakua pisura eraman aurretik, uretan bustitzen zuten zaku marroia, gehiago pisatzeko, edo harriak sartu pipar artean. Hala, milaka anekdota», goraka doa anekdoten maila.

Behin hasita, bata bestearen atzetik ateratzen dira oroitzapenen kaxoitik: «Eta gogoratzen al haiz beste haiena? Igandeetan, baratzean inor ez zegoenean sartzen ziren baratzeetan, piparrak bildu eta ‘Mikeli’ dendara joaten ziren beren osabaren piparrak zirela esanez. Hala, ez zuten bitartekaririk, eta bikoitza kobratzen zuten. Igandeko pipar biltzea porru batzuk erretzeko».

«Kar-kar-kar-kar... eta egun bakarra iraun zuena? Piparrak bildu eta, pisatzeko momentua iritsi zenean, zaku barruan piparrak bai, baina hostoak, adarrak eta denetik bildu zuen, ez dakit landarearekin borrokan ibili zen edo... (barreak). Gero, gainera, baserriko txakurrak jan zion bokata, eta zakuan izena jartzeko pinturarekin dena zerri egin zen... Ez zen berriz itzuli». Piparrak arrasto handia utzi du oroitzapenetan.

PIPARRAREN TRANSMISIOA

1990eko hamarkadako Ibarran ez zegoen gaur egungo aisialdi eskaintzarik, ezta uda pasatzeko egituratutako jarduera askorik ere. Pipar soroak gazteen topagune bihurtu ziren. Han egiten ziren lehen lagun taldeak, lehen soldatak irabazi, lehen ardurak hartu eta, askotan, lehen zigarroak erre.

Lorea pipar bilakatzen da landarean. (J.O.)

Piparrak biltzen ikasten zen azalpen teorikorik gabe. Ondokoari begiratuz ikasten zen, zakua nola lotu, landarea nola mugitu, zein postura hartu, nola egin piparra txortenetik mozteko, edo, beroari nola aurre egin. Eta garrantzitsuena: lurretik jaten, lurrak ematen duena errespetatzen. Tim Ingold antropologoaren hitzetan, transmisioa ez da pertsona batek besteari pasatzen dion pakete bat; elkarrekin biziz eta eginez eraikitzen da. Horixe izan zen, neurri handi batean, pipar bilketa ere.

Horregatik, gaur terrazan pipar plater baten bueltan kontatzen ari garen istorioak ez dira udako lan baten nekazaritzako pasadizo soilak. Belaunaldi bati baino gehiagori Ibarran ‘piparrago’ izaten irakatsi zion eskola haren oroitzapena dira.

Ordu eta erdi daramagu istorioak bata bestearen atzetik biltzen, barre artean. Eta orduan konturatu gara: bitartean, inor ez da mugikorra ateratzeaz oroitu.