Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Azkena, beraz lehena

Eider Rodriguezen “Dena zulo bera zen” liburuak bultzatu nau barnehutsaz idaztera. Banan-banan dastatu, gozatu eta irentsi ditut sei ipuinak. Ikusi egin ditut pertsonaiak kolpez kolpe egia aitzurtzen, Hendaiako hondartzan, Hondarribiko kanpinean edo Koh Taoko ostatuan, eta aunitz maitatu ditut. Uda giroko istorio hauek gauza guztien azken aldiaz ari dira, eta ondorioz lehenaz. Pertsonaiek lurra haztakatzen dute, gero azazkaletako beltza kendu ezingo duten arren kontaktu fresko horretan laketuz, gero eta beherago, gero eta gorputzago, isiltasunean eta bakardadean plazera hartuz. Bakoitzak bere kraterrak ditu, erupzioek zulatuak, edo meteorito baten talkak.

Kasualitatez, frantziar Estatuko Lemptegy sumendiko harri bolkaniko bat oparitu digute, zulotxoz eta ildoz betea, eta huraxe laztanduz behin bizitu nuen leherketa oroitu dut. Norbere zenbat eta gehiago kendu, zenbat eta gehiago traizionatu, orduan eta handiagoa zen barnehutsa. Ilusioz eta itxaropenez iristen nintzen hitzordura, baina gero zulo bat zabaltzen zitzaidan sabelean. Eskuak gainean paratzen nituen senez, ondoan nuenak berdin egiten zuen imitazioz, eta konpainian sentitzen den bakardadea ze krudela den frogatzen nuen.

Min egiten zidan egoera horretatik aldendu ahala zuloa ixten joaten zen. Eta hala ere ilusioz eta itxaropenez prestatzen nintzen berriz hurrengo zitarako: «Agian gaur bai». Hala, behin hutsuneari aurre ez egiteagatik, egunero handitzen nuen zuloa pixka bat gehiago. Zorionez, orain ez dut zulo hori sentitzen, ahantzi zait ze garratza, estua eta hotza zen. Baina badakit nire-nirea zela.

Azkenean, magma goititu, presioa gutxitu eta gasak askatu nituenean, leherketa gertatu zen eta harri urtuek laba jarioa sortu zuten. Poliki-poliki sumendia itzali nuen eta lehen idorra zena landarez betetzen eta berdatzen joan zen. Horregatik, nire egiten dut Laura Mintegik “Akabo” nobela zoragarrian dioena: «Barnehutsa estaltzeko modua ez da edonola betetzea. Ez luke hala izan behar. Norberaren puska gehiago sartuta betetzen da hutsunea». •