Udako postalak

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Zer bilatzen dugu udako urtaroan kanpora goazenean, urteko oporraldi nagusia gizartearen masa handi bat hartzeko prestatzen den garaian? Nonbaitera jotzen dugu, kanporatzeko beharrarekin. Kanpoalde hori atzerri bezala definitzen da, gainontzeko urtaroen egunerokotasunetik distantzia prudente batera izateagatik definitzen den atzerria. Desberdintasunaren bilaketa edo berdintasunean desberdintasuna bilatzea dago bidaien muinean, exotikotasun maila neurtu batekin edo gainezka eginez.

Oporrak fikzio bat dira dimentsio askotan, irla-denbora bat langilearen bizitzan. Zukua atera nahi diogu eguneroko beharretatik aldendu garen denborari, eguna gure gorputzaren erritmo organikoago batean osa dadin utziz. Plazerak eguna agintzen du, nagikeria ongietorria da eta gorputza biguntzen zaigu opari gisa. Lasaiago arnasteak eskaintzen du egunerokoari galderak egiteko pentsaldia.

Bizitzari ohikotasunetik urrutiratuta ekiteko nahiarekin batera, kuriositatearen engainuak eramaten gaitu kilometroak egitera. Gizakion jakin-min natural batek hartzen du eguna, beste lurraldeak nolakoak diren ikusteko, beste lurralde horren orainarekiko eta batez ere iraganarekiko interes puztu batekin. Pentsatu nahi dut bidaiatzeko bulkada ez duela inork fabrikatu eta barnetik ateratzen den energia dela. Izan ere, jakin-min mota hori lurra hartzen dugun lurraldeetan ere aurreikusten dute, bisitarako menu bat diseinatuz. Menu bat, plastifikaturiko janariaren antza hartzen duena. Berdin zaigu, oporretan gaude.

“Turismoa egitea” deitzen diogu beste lurralde baten informazioa jasotzeari. Instituzionalizaturiko turismoak begiradari foku jakin bat jartzen dio, bereganatzeko postalak eraikitzen ditu, bisitariak argazkietan jasotzeko pentsatuak. Seinalaturiko lekuak, askotan testuingururik gabe bisitatzen direnak, isolaturik, errelato bakarraren mesedetan. Lurraldearen identitate bat ekoizten da lurraldearen egunerokotasunetik eta bizi-esperientziatik aldendua, baina kontsumitzeko egokia.

 

Bestelako postalen bila joatekoak bagara, segur aski proposatzen diguten fokuak ekidin beharko genituzke eta inguruan uzten dutena behatu. Ikerlari edo detektibe baten moduan paseatzeari ekin geniezaioke, hainbat galderaren erantzunen topaketa-jolasean. Nor bizi da paraje horietan, zein ezaugarri propio dituen, zer dugun amankomunean eta zerk desberdintzen gaituen. Nor ari da landa zaintzen, zer landaketa mota dauden, nola baldintzatzen duen landaren lanak bertako arkitektura. Zein ekonomia iturri dagoen eta nola eragiten duen ekonomia nagusiak lurraldearen antolaketan.

Sotiltasunaren turismoarekin udako postal bilketa egin dezakegu, kanpokoari begiratuz gure buruaz galdetzen jarraitzeko. •