Morlans

"Ipanemako neska”, bossa novak eman duen kantarik sonatuena, Antonio Carlos Jobimek egin zuen, Vinicius de Moraesen hitzekin. “Menina que passa” izenarekin atera zuten eta 1963an New Yorken Stan Getz saxofonistak egin zuen jazz grabazio bati esker mundu osora zabaldu zen. Baina kantak musa benetako bat zuen, Heloisa Eneida Menezes, Rio de Janeiroko hondartzara bidean Veloso tabernako ataritik igarotzen zen hamazazpi urteko neska. Heloisak 81 urte izango ditu gaur, bizi bada, eta haren «dulce balanceo»-ak apalduxeak ibiliko dira seguru asko.

«Barrenkaletik hasita/ Eliz kaleraino/ ez dago neska ederragorik/ Eusebioren alaba baino» kantatzen zuen Zumarragako Trikitixak. Gurutze izeneko neska hori ere oso gaztea izango zen Joxe Oria inspiratu zuenean. Joxe 1940an hil zen eta haren ilobak, Joxe Urteagak, birsortu zuen Zumarragako Trikitixa eta dagoeneko hain ezaguna zen “Barrenkaletik hasita” grabatu zuen 1957an Columbiak atera zuen diskoan. Ordurako, ordea, Bar Eusebioko alaba ezkonduta zegoen. Antxiñe Mendizabalek bere liburuan kontatzen duenez, senarrak afari bana ordaindu zien.

Rafaelen “Madonna sixtina”-ren atzean herriko okinaren emaztea zegoen.

Vermeerren “Esne saltzailea”-ren inspirazio iturria etxean neskame lan egiten zuen Tanneke Everpoel zen.

Philipe Rothek idatzi zuen “Nire gizon bizitza”-ren protagonista Maureen Tornapol ezagutzen dugun emakumerik gorrotagarrienetakoa da. Eta haren atzean bere lehen emazte Maggie Martinson dago.

Berriro gurera etorriz, Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok kantatzen zuten/duten “Itziarren semea”-ren atzean kontu jakina da Andoni Arrizabalaga ondarrutarra dagoela edo hark jasan zituen torturak.

Gertakariak oso gordinak direnean poesiak esan lezake zerbait, baina egokiagoa dirudi ez-fikzioaren bideak. Xabier Mendigurenek atera berri du “Morlans” nobela. Ez dut oraindik irakurri, baina kontaketak 1991ko abuztuan Donostiako auzo horretan Guardia Zibilak hil zituen ETAko lau kideren aurkako sarraskia kontatzen du. Seguru nago Mendigurenek asmatuko zuela, aspaldi hartan Rodolfo Walshek, ez-fikziozko nobelaren aita ponteetakoak, “Operación masacre”-n asmatu zuen bezala. •