Ez da jotzen
Poliziaren errepresioa eta biolentzia txikitatik ikustera ohituta nago. Ez da txikitan azaldu egin behar izan zidaten zerbait, banekien nire begiekin ikusten nuelako eta gaur egun arte ikusten jarraitu dudalako. Eta ez Euskal Herrian bakarrik, munduko edozein txokotan polizia manifestariei joka aritzea unibertsala baita.
Garai batean iruditzen zait Euskal Herrian normalizatuta eta onartuta zegoela praktika hori. Borroka armatuaren eta kale borrokaren urteetan, poliziak oldarkor erantzutea ongi ikusita eta guzti egon dela iruditzen zait. Baina hura amaitu zenetik, gizarteak beste begirada batekin eta beste iritzi batekin erantzuten du poliziaren jarreren aurrean.
Egunotan berriro ikusi dugu Ertzaintza biolentzia maila handiarekin gaztez osatutako harresi baketsu bat indarrez deuseztatzen etxegabetze baten aurrean. Irudiak ikusita amorrua zainetatik daramatela edozeinek ikus lezake.
Ezagutu ditugu udaltzaingoek eragindako bi erailketa, ekidin zitezkeenak.
Gure lurretatik kanpo, Frantziatik ere aspaldi ikusi gabeko irudiak iritsi zaizkigu, eta, Espainiatik, Madrilen irakasleek aurrera daramaten grebaren protestak. Denetan, poliziaren jarrera berdina: biolentzia.
Azken adibidean geratu nahi dut, egoeraren larritasunaren barruan umore pixka bat atera zutelako irakasleek. Protesta baketsua egiten ari zirela, polizia, besterik gabe, gerturatu eta borrekin irakasleak jotzen hasi zen. Bat-batean «no se pega» (ez da jotzen) oihuak hasi ziren entzuten kolpatuen artetik, geroz eta ozenago. Txikitan, buklean entzuten dugun esaldia guraso eta irakasleengandik, manifestariak ari ziren poliziei oihuka. Polizia horiek ere hamaika bider entzungo zuten txikitan ez dagoela ongi jotzea, hori ez dela egin behar eta horrelakoak. Orain, ordea, egiten dute eta gainera lanbide dute. Lezio hura ez zuten ikasi, bistan da. •

