Saioa Iraola

Bagare langilea

Urtero bezala, goizean lasai jaiki eta 12:00etarako herriko plazan nintzen, bandera moreak bizkarrean eta aldarrikapen hitzez betetako “txinoak” eskuan nituela. Inguruko herrietako kide langileak elkartzen hasi ginen pixkanaka, pausoz pauso kaleak aldarrikapenez, haserre oihuz eta aldaketaren beharraz betetzeko asmoz. Herria azkar batean zeharkatu, eta udaletxe plazako arkupeetara iritsi ginen. Iritsi da meeting-aren garaia. Manifestariak adi geunden, txistorra eta gazta pintxoak alboko mahaian zain genituen bitartean. Eskualdeko langileen ordezkariak hasi dira: «gaur langileok borrokatzeko eguna dugu», «... eskualdean itxi duten lantegiko langileei elkartasuna...», «langabetuak, gazteak...», «prekarietatearen kontra gaude...», «sindikalismoa XXI. mendean emandako aldaketei egokitzeko beharra ikusten dugu...».

Zain egon nintzen, baina aurtengo maiatzaren 1eko hitz jarioan ez gintuzten aipatu; ez emakume langileak, ez etxeko langileak, ez migrante langileak, ez prekarioetan prekarioenak. Langile izatea, langile identitatearen esentzia purua fabrikako gizon zuria izatea balitz bezala zokoratu gintuzten diskurtso ofizial batzuetatik, XX. mendeko langile klasearen imajinario, estereotipo eta subjektua gogoan eta ez XXI. mendekoa, alegia. Ohartu naiz, ohartu gara oraindik ere gure kide sindikalista askoren imajinarioan, diskurtsoetan eta sortzen diren estrategietan oinarri hori dutela, eta horrek kezkatu egiten nau. XXI. mendeko langile klasea ez baita zena, da dena.

Ez gara “Il Quarto Stato”, Giuseppe Pellizza da Volpedok 1901ean sortutako margolaneko langile klasea, ez gara gizon mendebaldar langilez osatutako subjektu homogeneoa soilik. Gehiago gara, izan ginenak –aitortzarik gabeak– eta garenak elkarrekin, bagera. Bagara langileak etxean, kalean, fabrikan, baratzean, ohean, auzoan... Bagare, bagera, bagire eta bagara langile. •