Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Izaro Zinkunegi Barandiaran
Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua

«Bertsozale bezala badagokigu generoari buruz hausnartzea eta beste gauza batzuei txalo jotzen ikastea»

Bere gradu amaierako lana, «Emakumeak eta bertsolaritza» izenekoa, saritua izan da genero ikuskera txertatu duen moduagatik. Betaurreko moreekin zorrotz begiratu dio 2013ko BECeko finalari.

Gradu amaierako lanetan genero ikuspegia txertatzea saritzen du Francisca de Aculodi sariak, eta Giza eta Lege Zientzien atalean Izaro Zinkunegiren lana nabarmendu du EHUren sariketak. “Emakumeak eta bertsolaritza; gaiak, bertsolarien paperak eta bertsoak genero ikuspuntutik” izenburua duen lana mahai gainean jarrita aritu gara hizketan errezildarrarekin. Zinkunegik bertsoaren mundua barrutik ezagutzen du. Lan hau egiteko, baina, pixka bat kanporatu eta betaurreko moreak jantzita zorrotz begiratu dio 2013ko abenduan Barakaldoko BECen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalari.

Nolatan aukeratu zenuen «Emakumeak eta bertsolaritza» gaia gradu amaierako lanerako?

Txikitandik bertso mundua oso ezaguna izan zait. Bertso eskolan ibilitakoa naiz 16-17 urtera arte. Gero, bestelako zaletasunak batetik eta oholtza gainean gaizki pasatzen nuela bestetik, utzi egin nuen. Finalaren bezperatan ari nintzen gaia aukeratzen, eta, nire zaletasunak tarteko, BECeko finala aztertzea erabaki nuen. Garai hartan Uruguain nengoen eta finala Montevideotik segitu nuen streaming bidez. Goizeko zortzietan iratzargailua jarri eta ordenagailu aurrean eman nuen eguna.

Berezia finala distantziatik bizitzea. Baina, akaso, azterketa zorrotz eta ahalik objektiboena egiteko mesedegarria, ezta?

Aurrekoan, 2009. urtean, bertan egon nintzen eta egia da oso desberdin bizitu izan nuela. Zuzenean askoz emozio gehiago bizitzen dituzu, negar egiten duzu, barre egiten duzu, burbuila batean bezala zaude. Montevideon, Pasaiako Udane pisukidea eta biok aritu ginen finala ikusten eta bai, hotzagoa da akaso, baina segur aski baita objektiboagoa ere. Finalaren olatu horretan gerta daiteke konturatu gabe betaurreko moreak eranztea. Adibidez, Ametsen Intxaurrondoko bertsoak momentuan entzun nituenean sekulakoak iruditu zitzaizkidan. Eta aztertzen hastean, beste alde bat ikusi nien. Toka egiten du bertso horietan, “duk”, “baduk”... horrek torturatuak mutilak zirela ondorioztatzera garamatza. Eta bertso bereko bigarren puntuan erabiltzen duen “mutilik” errimak ideia hori indartzen du. Badirudi emakumeak ez direla torturatuak izan, eta, beraz, ez direla militante politikoak izan. Aztertu nituenean erabat aldatu zen bertso horiekiko izan nuen lehen inpresioa. Bertsoek onak izaten segitzen dute, baina ni berauek desberdin ikustera pasatu naiz.

Baina onartu behar da bertsolariek sekulako akrobaziak egiten dituztela; errima, denbora muga, bat-batean...

Bai, zalantzarik gabe. Eta ez daukat zalantzarik Amets nolako bertsolaria den. Asmoa ez da esatea «aizu, ez duzu genero ikuspegia ondo txertatu». Oso zaila da, denbora, metrika eta bestelako mugak hor daude. Baina pixkanaka eman beharreko aldaketa da. Azken helburua da genero ikuspegia presente izan dezatela, beste hainbat balio dituzten bezala.

Azken urteotan generoarekiko kezka nabarmentzen ari da bertsolaritzan. Urte gutxian asko egin da.

Sentsazioa izan dut orokorrean aldaketak ematen ari direla. Gaiak jartzeko orduan, gaiak formulatzeko orduan, antzematen da aldaketa. Baina, era berean, betiko joerak eta rolak ere hor daude. Esaterako, hori oso nabarmena da umoreari dagokionean. Gauzak asko aldatu arren, oraindik umore erabat maskulinoa da nagusi. Eta bertso eskoletan segitzen dute haurrei esaten altu abesteko, seguru, paparra atereaz... eta jarrera horiek guztiak maskulinoak dira.

Umore maskulinoa diozu. Umorea ere ez da libratzen sexista izatetik?

Tamalez, ez. Eguneroko plazetan etengabe jotzen dute bertsolariek umore maskulinoa egitera; “txistorrak” aipatu, neskekin ligatzeko joera erakutsi... Eta hamaika plaza eta beste hainbeste hausnarketa egin dituzten bertsolariak ere erortzen dira horretan. Bertsolariak nahi duena da entzulearengana iristea, entzulea ohituta dago umore klabe horietara, horiek egiten dute grazia gehien, eta horregatik aukeratzen dute bide hori, badakitelako ia segurua dela barrea sortzea.

Uxue Alberdik kontatzen du behin Jon Maiarekin batera aritu zela bertso afari batean eta aluari buruz hasi zirela hizketan, umoretik. Entzulea oso deseroso sumatu omen zuen eta saio bukaeran Jon Maiak aitortu omen zion lehen aldia zela aluari buruz kantatzen zuena, eta ordurako Maiak urte asko zeramatzan plazan.

Deserosotasun horren beste adibide bat izan zen 2014ko Bertso Eguna, generoaren inguruan antolatutakoa. Hilekoari buruz abestu zuten bertsolariek eta entzule asko haserretu ere egin ziren.

Bai, Saioa Alkaizak gero idatzi zuen saio deserosoa izan zela eta bera pozik zegoela horregatik, batzuetan entzulea deseroso sentiarazi behar dela. Ni ados nago. Iruditzen zait batzuetan kolpe horiek jo behar direla. Alde horretatik, apustu indartsua izan zen Bertso Egunekoa. Hitz egiteko aitzakia eman zuen, hausnartzekoa, eta hori beti izaten da mesedetan.

Izan ere, ba al da umore femeninorik?

Arazoa da ez daukagula erreferentziarik. Dena dago eraikitzeko eta dauzkagun erreferentzia guztiak maskulinoak dira. Bertsolariek esaten dutenez, emakume batekin sartzeko formula ohikoena da «ze guapa etorri zaren ile-apaindegitik pasatuta» esatea. Uste dut ari garela, baina umore femeninoa eraiki beharreko zerbait dela oraindik. Umore maskulinoa identifikatzen badakit, femeninoa eraikitzea eta identifikatzea falta zait. Gainera, gu hezi gaituzte umore maskulinoak grazia egiteko moduan, eta hori aldatu beharra dago.

Bertso eskolak aipatu dituzu lehen. Aitortu duzunez 16-17 urterekin utzi zenuen bertso eskola «kirolari lehentasuna ematearren». Baina gerora ikusi duzu erabaki hori hartu duten neska asko dagoela...

Arazoaren muina heziketa desberdina jaso dugula da, bai bertso eskolan eta bai bestela. Jokin Urangak askotan esaten zigun «zuek mutilei txalo jotzeko hezi zaituzte». Hartara, nahi edo ez nahi, une batean ez zara seguru sentitzen eta pausoa aurrera eman beharrean, atzera ematen duzu. Bertsolaritza oraindik arlo maskulinoa da eta emakumeentzat zaila da hor tokia topatzea.

Historiari errepaso polita ematen diozu, eta garbi geratzen da emakumea eta bertsolaritza aspaldiko ezagunak direla.

Hala da, eta bertso jarrien transmisioan paper garrantzitsua izan dute emakumeek. Bat-bateko bertsolaritza, espazio publikoetan eginikoa nagusiki, gizonezkoen eremua izan da historikoki. Aldiz, eremu pribatuan edo intimoagoan kokatu izan den bertso-paperen tradizioan emakumezkoen jardunak garrantzia izan du. Badaude, hala ere, erreferentzia historikoak emakumea plazan aritu izan dela frogatzen dutenak. Baina, bereziki, barne espazioetan aritu izan da, etxeko arloan eta idatzizko bertsolaritzan. Esanguratsua da, gainera, plazan bertsotan egiten ausartzen zirenak zigortuak izaten zirela maiz. Hernaniko Joxepa Matea Zubeldia Elizegiren kasua ere hor dago, alabak lotsatu egiten ziren ama bertsolaria zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako, eta ama hil zenean haren koaderno guztiak erre egin zituzten.

Zure lana irakurriz sentipena da emakumeek historian zehar eta etengabe sekulako ahalegina egin behar izan dutela bertsolaritzaren munduan modu duinean aritzeko.

Maialen Lujanbio berak esana da emakume batek bertsolari on bezala errekonozitua izateko hiru langa gainditu behar dituela: lehenengoa, «neska izateko ona duk» esaldiak laburbiltzen duena; bigarrena, berriz, «nesken artean onentsuena duk», eta hirugarrena «bertsolari ona duk».

Uxue Alberdik esaten duenez, bada “Drag King-en belaunaldia”, gorputza estalita eta feminitate markak apalduz oholtzaratzen zena. Hauek gizonek bezala egin zezaketela erakutsi behar zuten. Belaunaldi horretako emakume bertsolarien lanari esker, egun emakume gazte gehiago ikus ditzakegu oholtza gainean. Hartara, aurrekoaren parean kokatzen den “Panpinen belaunaldia” sortu da, emakume gazteagoek sortua. Hauek “politikoki politak” bezala defini genitzake, feminitate markak agerian daramatzatenak, baina sistemak eraikitako estereotipoetatik.

Lanean aipatu dut, eta nabarmendu nahiko nuke, bertsolaritzan eman den transformismo fenomeno hau ez dela bakarrik bertsolaritzaren arloan eman, orokorrean jendartean eman denaren erreprodukzioa baino ez da, emakumeek onartuak izateko estrategia horiek erabili baitituzte beste esparruetan ere.

Maialen Lujanbioren bidea hor dago. Erreferentzia indartsua emakume zein gizonentzat.

Zalantzarik gabe. Iruditzen zait Maialenek maiz sekulako karga eraman duela gainean. Bera izan da aipatzen dituen hiru langa horiek gainditzen lehenengoa, eta emakumeen ikur bilakatu zen nolabait. Hori sekulako karga ere bihurtu zitzaion, txapela jantzi zuenean etengabe galdetzen zioten horren inguruan, eta berak etengabe erantzuten zuen bera bere belaunaldikoa zela, bere belaunaldiaren ordezkari. Maialenena generotik harago doan ikuskera da, generoaren gainetik bertsokera eredu propioa josten sekulako lana egin duelako.

Gatozen berriz 2013ko finalera. Zure genero ikerketak hiru punta dauzka.

Bai, hiru norabidetan egin dut ikerketa: lehena, jarritako gaiak; bigarrena, bertsolariek gai horien aurrean hartutako papera edo rola; eta, azkenik, testuaren gaineko ikerketa.

Gaiei dagokionez, zenbakitan jarritako ondorioa esanguratsua da: gaien %77 dramatikoa izan zen, eta, %23, komikoa.

Gai batzuk berez ez dira ez komikoak ez dramatikoak, bertsolariaren erabakiak egiten ditu komiko edo dramatiko. Hartara, gaiaren komikotasuna esplizitua ez bada, nekez hartzen du bertsolariak umoretik jotzeko erabakia. Maialen Lujanbiok dramatikotasunerako joera hori kritikatu zuen Azpeitian 2012. urtean eskainitako hitzaldi batean. Berak zioenez, azkenaldian bertsolaritza literaturizatzen ari dela ematen du, neurri luzeetarako joera eman izan da eta publikoa hunkitzea malkoa eragitearekin nahastu izan da sarri. Ondorioz, drama izugarriak eraikitzen ditu bertsolariak sarri, eta horrek sinesgarritasuna galtzea eragin dezake.

Genero ikuspuntuari dagokionez, orokorrean ez da genero markarik zehazten gaietan. Horretan aurrera egin da, ezta?

Bai, eta hori oso baikorra da. Aurrerapausoak ematen ari dira eta, batez ere, generoaren gaiaz hausnarketa izaten ari da. Eta hori oso garrantzitsua da. Baina normalean bertsolariek beretik kantatzen dute gehienetan, bere generotik. Pentsatzekoa da errazagoa dela, gertuagokoa, txapelketa ez dela arriskatzeko tokia... baina normalean bertsolari bakoitzak bere generotik abesten du, salbuespen batzuk kenduta.

Nabarmendu duzunez, emakumearen rolei begiratzen badiegu, zenbaitetan problematizatuta aurkezten da rol hori.

Gaiak berez dramatikoak baldin badira, emakumeen kasuan beltzagoak dira; haurdun dagoen neska gaztea, gurasoa espetxean duen alaba, zahar-etxean burua galduta duen ama... Hala ere, orokorra da tragikotasunera jotzeko joera hori, gizon zein emakume izan. Uxue Alberdik hitzaldiren batean nabarmendu izan duenez, emakumearen rolak problematizatzeak haserretik, aldarrikapenetik edo biktimitatetik abestera behartzen ditu bertsolariak.

Azkeneko Nafarroako Txapelketako finalean, Elizondon, buruz buruko kartzelako gaia esanguratsua izan zen oso. Lehenengoz masturbatu zen 70 urteko emakumearen azalean jarri zituen gai-jartzaileak bertsolariak.

Sekulakoa iruditu zitzaidan, gai bikaina eta ausarta. Finalista guztiak gizonezkoak ziren eta gai hori jarri izana bada Bertsozale Elkartearen baitan hausnarketa bat ematen ari den seinale. Ez zitzaidan hainbeste gustatu entzuleen erreakzioa, barre txikiak eta urduritasuna sortu zituen gaiak. Baina iruditzen zait Julio Sotok bere bertsoekin buelta eman ziola egoerari, eta bertsozaleak errekonozitu zuela bai egin zuen lana bai mahai gainean jarri zituen ideien balioa.

Julio Sotok oso garbi utzi zuen ariketa josteko moduan generoarekiko kezka baduela, gai hori landua duela eta ikuskera propioa marraztua.

Pozgarria da ikustea generoarekiko kezka ez dela emakumeena bakarrik, eta gizonezko bertsolariek ere lantzen dutela gai hori. Batzuetan iruditzen zaigu gai horri hamarreko bertsoak botatzeko gai Maialen Lujanbio edo Uxue Alberdi bakarrik direla, eta Julio Sotok erakutsi zuen ez dela horrela. Bertsolariak intelektualak dira, eta gai askoren bueltan hausnartzen dute, baita generoaren inguruan ere.

Eta batzuetan jendartearen aurretik doaz bertsolariak.

Bai, baina garbi dago publikoak aldatu egin behar duela bertsolaritzak aldatu ahal izateko, eta hori da zailena. Oholtza azpian hausnarketa pizteko zer egin behar da? Bertsokera aldatuz gero, publikoak ikuspegia aldatuko du? Bertsozale bezala badagokigu gauza horiei buruz hausnartzea eta beste gauza batzuei txalo jotzen ikastea.

Zuk ariketa hori egin duzu lan hau egin duzun bitartean?

Asko ikasi dut, eta nire ikuskera aldatu da bertso sorta batzuen aurrean. Ariketa polita da bertso sorta bat entzun, sortzen dizkizun sentimenduak paper batean idatzi eta bigarren irakurketan genero ikuspegitik aztertzea.