Garazi Goia

Poesiak betetzen nau. Bizitzaz

Goizalde Landabaso duela gutxi idatzitako zutabe batean, poesia maite eta ulertzen ez zuten lagunez ari zen. Agidanez, egunero poema ulergarri bat bidaltzea agindu omen zien. Zutabearen amaieran gogoeta interesgarria egiten zuen, Landabasok zioen ez zekiela zerk bultzatu zuen gustatu zitzaion poema hura aukeratzea, eta ziur zegoela hautatzeak beste batzuen baztertzea ekarri zuela. Baina, ez al da hori bizitza?

Nik ere poemak bildu ditut. Euskaraz poesia idatzi duten idazleek eta poetek bizitzari buruz idatzitakoak jaso ditut zutabe honetan. Edo hobeto esanda, haien hitzek niri iradoki didatena, nire interpretazioa.

Bizitzaz.

Memoria garela dio poetak, memoria hutsa,/ inoiz ixten ez den halako oroitzapen bilduma bat/ hezur-haragizko maniki baten barruan.

Denok nahi omen dugu halako amaiera erromantiko bat,/baina azken arnasaren osteko minutuetan, gure larruazalean zehar hotza nagusi dela,/usteltzeko bidean diren haragi kilo batzuk / eta hezur bilduma bat baino ez gara. Paddy Rekalde, Spray.

Zure bidaia poltsaren ostean,/ horrenbeste isilune gordean mantendu zituen/ sofaren txanda da orain.../akabo, hartu du suak./ Gure sekretuak ke bihurtu dira. Asier Serrano, Hiri Gorritik.

Batzuetan bizitza denean ia/ behin hura ordezkatu zuen ametsa/ loreetan lehortzen ikusten ditut/etorkizuneko loreen haziak. /..../ Iratzarri naiz / beste edertasun baten ondoan,/promesa egin dut:/ez konparatzea hau/ beste ezerekin,/paralizatzea bere duda/nire ezpainekin,/ ez uztea ia seinalerik/bere azal berrian. Igor Estankona, Iratzeen esporak.

Bizitza bilera multzo bat da. Horregatik bizi nahi dugu familia bakarreko etxeetan, edo ostatu hutsetan, administrari zein lehendakaririk gabe. Bizitza gai-ordena da, galdera eta erregurik gabekoa. Bizitza bilera-gela bat da. Leihorik gabe, landarerik gabe. Boligrafoak dira lapurtu daitezkeen bakarrak. Castillo Suarez , Souvenir.

Gelditzeko esan diot taxiari./ Aho bat bezala zabaldu da atea/ arrain handiak txikia nola irentsi nau./ Helbide bat eta kilometroak/besterik ez dut./ Eskerrak /urontzietan arnasa hartzen dakidan/aspaldi ikasi nuen/ baleen eta erlojuen garaian./ Eskerrak/ bizitzeko baimena eskatzeari utzi niola/ez hain aspaldi./ Ur berrien bila nabil orain/ lur zaharrak utzita. Leire Bilbao, Scanner.

Ze erraza den isiltasuna ospatzea/aho hustuak balkoian daudenean/ ze erraza ezer aldatzea iraganean/eskuak lotuta txalotzean/ze erraza anafora bat egitea/ bizitza pilula-kutxa neurtua bada. Hedoi Etxarte, Suzko lilia.

Isiltasuna/mina bihurtu da./ Belarriak isiltasunez inguratzea/eskuak izotzetan sartzea bezala da:/ Bizitza sentikaitz bilakatzen duen/min urdin bat sentitzea./Alabaina, min hori eramaten jakitea da/ bizitzaren misterioa ulertzeko ate bat. /Ate urdin bat. Pako Aristi, Gauza txikien liburua.

Iritsi dira notiziak/ iritsi dira eskutitzak/ baina ez zureak./ Igaro ziren hegazkinak,/erre zituzten zubi denak,/ isildu bazterrak./ Galdetu diet hegaberei,/ galdetu pago biluziei,/ ez dakite ezer. Kirmen Uribe, Bitartean heldu eskutik.

Izan ninteke urak eramandako hitzak aterpetzen dituen errota. Izan ninteke bere mugatasunean zorioneko bizi den anonimoa./ Izan ninteke etorkizunak bidea ez dakiela dakien kantoniera./ Izan ninteke kamera geldoan ikusi nuen besarkada hartako etxeratua./ Izan ninteke ametsetan lo hartzen ez duen liluratua. Koldo Izagirre, Parisen bizi naiz.

Zer da bizitza. Memoria hutsa. Hezur bilduma bat. Ke bihurtu diren sekretuak. Konparaketa gabezia bat. Bilera multzo bat. Leku ezezagun batean hasten den bidaia bat. Pilula-kutxa neurtua. Ate urdin bat. Eskutitzik gabeko egunak. Guk izatea nahi duguna.

Goizalde, niretzat ere poesia gozagarria, atsegina eta ulergarria da. •