ENEEK

Erreleboa Bizkaiko baserri ekologikoetan

Baserri ekoizpenak daukan arazo larrienetakoa da zenbait hamarkadatik hona bizi duen zahartze-prozesua. Pasa den mendeko 80ko hamarkadan, dagoeneko, horretaz mintzo ziren estatistikak, eta joera ez da aldatu, txarrera ez bada. Egun, Bizkaiko ustiategietako titularren adina 50 urtekoa da batez beste. Hau da, erretirotik gertuago, lanean hasteko adinetik baino.

Izanak izan, duela 30 urte zenbait gaztek erabaki zuten baserriratzea, eta hori egitea, gainera, nekazaritza ekologikoan. Gazte zoro haiek ezarri zituzten Bizkaiko nekazaritza ekologikoaren oinarriak, beste askori bidea zabalduz. Gaur egun, erretirorako adina gertu ikusten dute. Galdera da, erretiroa hartzen badute, ba al da hutsune handi hori beteko duen erreleborik?

Bizkaigane Elkartea (Errigoiti). Behi esne gordina, behi eta ardi gazta

23 urteko gazteak artean, 1983an erabaki zuten Jon Barainkak, Xabier Arriagak eta Jon Arriagak baserriratzea, Bizkaigane Elkartea sortuz. 2004an, ekoizpen ekologikoaren erroldan izena ematea erabaki zuten. Hiru hamarkadako ibilbidean, jende ugari pasatu da Bizkaiganetik, izan boluntario gisa, izan langile gisa, eta baita bazkide gisa ere. Gaur egun, bost kidek osatzen dute Bizkaigane Elkartea. Jon eta Xabierrek bertan jarraitzen dute, eta azken urteetan beste hiru bazkide gehitu dira kooperatibara: Patxi, Mikel eta Loren. Seigarrena izango dena ere dagoeneko bertan dago. Elkarteak duen gabezia bat beteko du Ametsek gainera: emakumeen presentziarena.

Erreleboaz galdetuta, Jonek aitortzen du horretan pentsatzen hasiak direla, «Bizkaiganeren transmisioa egitea bada gure arduretako bat duela zenbait urtetik hona». Argitzen dute erreleboa ez dela arazoa Bizkaiganen. Izan ere, lanerako prest dagoen jendea egon badago. «Zailagoa da taldearentzat egokia den pertsona topatzea. Azken finean, gu talde bat gara, denok dakigu denetik egiten, nahiz eta egunerokotasunean betebeharrak hein batean finkatuta dauden. Pertsona berria funtzionamendu horretan txertatu behar da». Lorenek, “berriak”, nabarmentzen du etengabeko lanketa egitea ezinbestekoa dela, lantaldearen funtzionamendua egokia izan dadin. «Daudenek funtzionatzeko era bat dute, eta berriek, agian, beste bat. Oreka lortzea da gakoa. Sartzen den pertsonaren lanak definitzeari garrantzitsua deritzot. Edonola ere, gurea bezalako proiektu batean oinarri-oinarrizkoa da denok denetik egiten jakitea». Horretan, Lorenek gako bat ematen du: harremanak asko zaintzea.

Irudi lezake Bizkaigane Elkartearen biziraupena bermatua dagoela, baina badago hori zalantzan jartzen duen zerbait. «Guk ez dugu guretzako proiektu bat egin, gure planteamendua beti izan da proiektua garatu, eta ondorengoei lagatzea, baina azpiegiturak eta lurra ez daude gure izenean, hori arazo bat da. Prest geundeke eraikin bat altxatzeko administrazioaren laguntzarekin, eta gero eraikin hori administrazioaren jabegoan lagatzeko. Hemen inguruan administrazio publikoak lurra erosiko balu, alokairu duin batean ere hartuko genuke. Diru publikoa jartzen bada eraikinak altxatzeko, zergatik ez da ba jarriko lurrak erosteko?».

Bien bitartean, berrikuntza prozesua tentuz egiten ari dira Bizkaiganen, «ikusi behar dugu nola egin, nola joan jende berria sartzen, eta zein den lantaldeak beharko duen profila». Ametsek, gehitu den azkenak, doikuntza prozesua gutxika egiten ari dela dio. «Era oso naturalean egiten ari gara txertaketa, egunerokotasunean, gutxika. Hemen ez duzu dena egun batetik bestera ikasiko! Oso garrantzitsu deritzot baserriko ezagutzen transmisioa egiteari. Bizkaiganen hori egin daiteke, baina, bestela, zaila da, besteak beste nagusien ezagutzak ez direlako baloratzen. Jakintza asko galtzen ari dira». Nabarmentzen du dagoeneko martxan dagoen baserri batean lanean hastea abantaila handia dela gazteentzat, bereziki abeltzaintza ekologikoa egin nahi bada, «bestela, hutsetik hasi behar bazara, ia ezinezkoa da inbertsioei aurre egitea». Bizkaiganek emakume bat taldean sartzeko erabakia hartu izana asko eskertzen duela azpimarratzen du, «beste ikuspuntu batzuk dauzkagu emakumeok, bai antolakuntza mailan eta baita komunikazioan ere. Horrezaz gain, ganaderitzan, badirudi emakumeak ez duela lekurik, baina hori ez da egia. Are gehiago, nire ustez, sektorearen etorkizuna emakumeotatik pasatzen da».

Jose Antonio eta Amaia Lekue (Larrabetzu): Ortugintza aire librean eta negutegian, eta frutagintza

Amaia nerabea zela joaten zen aitaren solora, patataren kakarraldoak harrapatzen edota, inoiz, porru landaketa egiten. «Ez nuen bokazioz egiten, ezta gogoz kontra ere, baina ez zen nire motibaziorik handiena... Duela urte eta erdi inguru, aitak proposatu zidan berarekin lan egitea, otzarak prestatzeko. Azkenean, soloan sartzen ere bukatu dut».

Orain oso gustura dagoela argitu du baserritar gazteak. Aitarekin oso ondo moldatzen dela dio: «pazientzia handia dauka». Otzarak prestatzea eta diru kontuak eramatea dira bere eginkizunak, baina soloaren antolakuntzan gabezia gehiago dauzkala aitortu du. «Otzarak antolatzea zaila da eta aitari planteatu nion beste nolabait egitea, astero hiru egun ematen ditugu merkaturatze-lanetan-eta! Gainera, soloaren maneiuan gabeziak dauzkat, denbora gehiago pasatu beharra daukat aitarekin, ikasteko. Bi urte barru, aitari erretiro garaia iritsiko zaio. Pentsatu ere ez dut egin nahi. Edonola izanda, hemendik (ortutik) kanpo ez naiz ikusten, ikasiko dut».

Gazte batentzat lehen sektorean sartzeak zer suposatzen duen galdetuta, dio baserriratu nahi duenak argi izan behar duela bizitzaren beste planteamendu bat dela honakoa. «Ekonomikoki aterako duzun etekina ez da oso handia izango, eta, lanorduak zenbatzen ibiltzea baino, hobe duzu ez zenbatzea. Beste kontu garrantzitsua da zure bizitzaren antolakuntza gizartearen funtzionamenduaren aurka doala: aisialdirako edo lanetik kanpo beste jende batekin egoteko denbora askorik ez zaizu geratuko. Hori barneratu eta onartzea oso garrantzitsua da. Lana gogorra da, eskakizun fisiko handia dauka, baina ohitu ohitzen zara, eta lan polita da».

Jose Antoniok, bere aldetik, aitortu du alaba berarekin lanean hasi izanak «kristoren poza» eman diola. 2000. urtean erabaki zuen Amaiak Itzulpengintza ikasketak utzi eta baserritik bizitzea, ekoizpen ekologikoa eginez. Baserrian arazo estrukturala dagoela uste du. «Azken urteetan sakondu diren arazo estrukturalen artean, baserrien transmisioa izan da bat. Badago besterik, ordea: gauza bat da jendea prest egotea baserriratzeko, eta beste gauza bat da jende horrek baserria martxan jartzeko aukera izatea. Hori ez da bideratzen ari. Beste jarduera ekonomiko batzuekin alderatuz gero, argi ikusten da: industria jarri nahi duenak bide administratibo zehaztua dauka, baserriarentzat ez dago horrelakorik». Aldi berean, potentzialtasunak ere ikusten ditu: kontsumo taldeei eta salmenta zuzenari eman zaion bultzadarekin, gazteen inkorporazioa zertxobait erraztu dela uste du. Azkenaldian baserriratzeko asmoa erakutsi duen jende kopurua eta aukeratzen duten ekoizpen eredua ere nabarmentzen ditu, «gazteak ekologikoan datoz. Hori baliatzen ahalegindu behar gara, eta arazo estrukturalei irtenbideak topatzen. Azpimarratu behar da elikaduraz eta lanpostuez ari garela. Nekazaritzak ekonomia sor dezake, luzerako, gainera. Apustua egin behar da horren alde».

Epe luzerako planteamenduez mintzo da larrabetzuarra, elikadura burujabetza eta ekonomia lokalean oinarritutako proiektuez. «Nik egindako inbertsioak luzerako planteatuta daude, ez nire lan-bizitzarako soilik. Gerora beste batzuek erabiltzea izan da beti asmoa». Gazteentzat duen gomendioa honakoa da: «Hasieran, batez ere, gauzak argi izatea, eta inbertsioak neurtzea. Jakin behar da, baita ere, epe luzerako inbertsioa dela hau, zentzu askotan: ekonomikoki eta baita bizimoduaren aldetik ere. Ez zara aberastuko, eta gutxika ikasten joango zara».