Juantxo EGAÑA

Jose Francisco Zabalozuazola, Zeraingo argazkilaria

Jose Francisco Zabalozuazola zeraindarra zen izatez. 1878. urteko apirilaren 19an jaio zen baserritar familia batean eta hiru anaietan zaharrena zen. Bere biografiaren datu askorik ez da ezagutzen, baina berak utzitako irudiek agertzen dutenez, goiz samar hasi zela argazkilaritzan. Baserritar mugitua zen, askotariko interesak zituena. Musika maite zuen eta igandetan bera arduratzen zen Zeraingo elizako harmoniuma jotzeaz. Bere kabuz ikasi zuen hura jotzen. XX. mende hasieran, Bilbora joan zen bizitzera eta Zarrabeitia familiaren elikagai saltoki batean jardun zuen lanean. Bilboko bere egonaldian, hiriaren bazter eta eraikuntza desberdinak jaso zituen argazkitan. Zeraina bueltan, baserriko lanetan aritu zen buru-belarri. Gainera, Zerainen bazuen beste egiteko bat ere: herrian eroritako euriaren datuak helarazi zizkion hogei urtez Igeldoko Meteorologia Behatokiari. Baina lanak lan, sekula ez zion utzi argazkiak ateratzeari; bere sendia, lagunak, Zerain eta Mutiloako paisaiak... altxor ederra utzi zuen Zabalozuazolak.