Montse Maritxalar
EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Teknologia gazteentzako debeku?

Informazioaren eta komunikazioren teknologiez inguratuta bizi gara gaur egun. Smartphone, tablet, Whatsapp, Facebook, Instagram, Youtube, Wikipedia, Google, Twitter... zeinek ez ditu hitz horiek denak, edo horietako batzuk, ezagun? Eguneroko bizitzaren osagai bihurtu dira denbora gutxian. Gizakiok elkarren berri izan, informazioa eta jakinduria transmititu, iritziak trukatu, bizimodu pertsonala publiko egin... anitza da informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskainitako baliabideei ematen diegun erabilera.

Dagoeneko 25 urte badira World Wide Web (WWW) sarea jaio zenetik. WWW edo erabiltzaile arruntok Internet deritzoguna baliabide ahaltsua bihurtu da gaur egungo gizartean. Informazioa era azkar batean bilatzeko aukera emateaz gain, informazioaren argitaratzaile izateko bidea ere eskaintzen digu. Bi hitzetan, informazioaren gizarte honetan “informazio sortzaileak” bihurtu gara gizabanakook, rol aktibo horrek kultura aldaketa bat ekarri duelarik.

Kultura aldaketa edo belaunaldi aldaketa? Batzuek diotenez, 1980 baino lehen jaio garenok immigrante digitalak omen gara, 1980 ondoren jaiotakoak, aldiz, natibo digitalak. “Natibo digitala” kontzeptua Prenskyk definitu zuen 2001ean irakaskuntzaren testuinguruan. Bere aburuz, XXI. mendeko ikasleek ikasteko zein informazioa prozesatzeko estrategiak aldatu egin dituzte teknologia digitalaren bilakaera azkarraren ondorioz. Informazioa edozein unetan eta berehala atzigarri izatea, material berria sortzea eta argitaratzea, bideo-jokoetan beste kide batzuekin elkarlanean aritzea, simulazio birtualetan pertsonaia baten rola hartzea, aldi berean ataza desberdinak egitea... asko dira natibo digitalek jaiotzetik garatzen dituzten trebetasunak. Baina, immigranteok, jakinduria liburuak patxadaz irakurrita jaso dugunok, digitalizatu al gaitezke? Edo gure betiko patua analogiko izatea izango al da?

Nik bai aurreko bai oraingo belaunaldiaren ekarpenak uztartzea nahiago nuke, eta, belaunaldi aldaketaz baino, kultura aldaketaz hitz egitea dut gustuko. Belaunaldi aldaketa baten parametro klasikoetan aritzeak askotan debekuaren biderantz eramaten gaitu: gurasook seme-alabei telefono mugikorra kentzen diegu zigor gisa, eta irakasleok ikasgeletan tableta, smartphonea edo ordenagailu eramangarria erabiltzea debekatzen dugu.

Irakasle askori entzun izan diot mugikorra edo ordenagailu eramangarria ikasgelan izanez gero ikasleak elkarri mezuak trukatzen arituko direla (gure garaian paperean idatzitako mezuak pasatzen genizkion elkarri), edo, okerragoa izan daitekeena, irakaslea ikasgelan graba dezaketela (egia esanda, aukeran, jaialdi edo afari batean edaten edo dantzatzen baino, nik neuk, nahiago nuke ikasgelan ikasleek egindako grabaketa). Egunerokoan erabiltzen dugun teknologia ikasgelan debekatzeak ba al du zentzurik? Nik dakidala, aurreko mendean nagusi erabili zen teknologia, hots, papera eta boligrafoa, ez zen debeku bihurtu. Ez al gara gai norbanakoarekiko errespetua eta pribatutasuna babesten debekurik ezarri gabe?

Asko dira kultura aldaketa honetan agertzen zaizkigun beldur eta mamuak, asko dira urte gutxi barru zentzurik gabeko kezkak bihurtuko direnak, eta asko gara ez dugula ikusten ikusten ez dugunok. Ez dugu ikusten teknologia berriek sormenerako eskainitako aukera. Are gehiago, batzuek debekatu egiten dute egunerokoan teknologia berrien erabilera eskoletan, teknologia ikasgaia ez bada, noski. Ikasleei gai berri bat azaltzean, beldur gara gure azalpena baino hobea izan daitekeen bideo bat aurkituko ote duten. Liburu edo apunte gisa erabiltzen dugun material idatzia baino egokiagoa aurki dezakete-eta ikasleek. Gainera, teknologia erabiltzen gu baino trebeagoa den belaunaldi berriak gure teknologiaren ezagutza eza azalera dezake besteen aurrean. Beldurra, mamuak, ezjakintasuna... oztopo bihurtzen dira izaera analogiko eta digitalizatuaren arteko uztartze-prozesuan, horiek denek bihurtzen dute belaunaldi-aldaketa adinik ez duen kultura-aldaketa izan litekeena. Gizabanakook irakasteko zein ikasteko rola izateko prestasuna onartuz gero, uztartze-prozesu aberasgarria sortuko dugu denon artean. •