NAIZ.INFO
MADRIL

Gaixo dauden presoekin trukatzeko beren buruak eskaini dituzte hamalau lagunek Madrilen

Espetxe Zuzendaritzak Madrilen duen egoitzaren aurrean, hamalau lagunek beren buruak eskaini dituzte espetxean sartzeko, gaixo dauden beste hainbeste preso aske uztearen truke.

Beren buruak entregatzera joan diren hamalau lagunak, Espetxe Zuzendaritzaren egoitzaren atarian. (HERRIRA)
Beren buruak entregatzera joan diren hamalau lagunak, Espetxe Zuzendaritzaren egoitzaren atarian. (HERRIRA)

Herrira mugimenduak protestaldi berezia egin du gaur Madrilen, Espetxe Zuzendaritzak Estatu espainoleko hiriburuan duen egoitzaren aurrean. Bertara gutun bat eraman dute hamalau lagunek, eritasun larriak dituzten eta espetxean dozenaka urte daramatzaten presoengatik beren kezka agertzeko.

Gainera, haietako bostek zigorra beteta izan arren, espetxean jarraitzen dutela azaldu dute.

«Badakizue, halaber, kartzelan segituz gero haien osasuna okerragotu eginen dela, gehienak etxetik ehunka kilometrora eta osasun arreta egokirik gabe baitaude», dio gutunak.

Halako egoerek Euskal Herrian eragiten duten sufrimenduaren berri eman eta gero, Madrilen bildutako hamalau lagunek beren buruak entregatzeko prestutasuna agertu dute, larriki gaixo dauden beste hainbeste preso aske utz ditzaten. «Gaur geure burua entregatzera etorri gara, gure askatasuna eskaintzera hamalau preso horien truke», adierazi dute.

«Hobeki esanda –argitu dute–, hamalau horiek aske utz ditzatela eskatu nahi dugu, eta ez dezatela beste inor espetxeratu, has daitezela urratsak egiten bakea lortzeko bidean, sufrimendua lehen bait lehen amai dadin». Milaka lagunen izenean mintzo direla jakinik, eskaera argia zuzendu dute azkenik: «Ez huts egin hainbeste jenderen bake nahiari».