Gotzon Aranburu
Donostia

Hamar urte pirata

Hamar urte. Hamar urte pasa dira Donostiako jaietako aurreneko Abordaia egin zenetik, eta orduko hartan ekimen ikusgarri baina xumea izan zena jaietako ekitaldi nagusienetako bat bihurtu da, Donostiako Piratei esker, hau da, beste jai eredu bat aldarrikatzen duten gazteei esker.

Aratz Trecet, Donostiako piraten bozeramailea. (Gotzon ARANBURU)
Aratz Trecet, Donostiako piraten bozeramailea. (Gotzon ARANBURU)

Aurretik ere izan zen Aste Nagusiko jaiei beste jite bat emateko saiorik. Gogoan ditugu oraindik Paseo Berrian jarritako txosnak, eta Xabier Albistur alkate zela udaltzainek izan zuten jokaera. Ondoren etorri zen Piratak ekimena, Alde Zaharreko hainbat tabernari eta hiriko gazte asanbladek bat egin eta jai herrikoien alde ekitea erabaki zutenean, 2002an.

Hasiera ez zen erraza izan. Dena ziren susmoak eta oztopoak instituzioen aldetik. Baina Piratek eutsi egin zioten erronkari, eta ordudanik urtez urte indartzen joan da ekimena. Abordai soila antolatzetik, festa egitarau osoa eskaintzera igaro dira piratak; gazteentzako bakarrik pentsaturiko ekitaldietatik, adin guztietako donostiarrentzat prestatutakoetara. Hasieran kolektibo baten egitasmoa zena, mugimendu bihurtzeraino hazi da.

Urte hasieran Piraten I. eta II. Biltzarrak antolatu zituzten gazteek, helburu garbi batekin: hamargarren urteurrena baliatzea piraten antolakuntzan «inflexio puntua izateko eta parte hartze eredua zabaldu, egonkortu eta osatzeko». Jai ereduari buruzko hausnarketa egiteko garaia iritsi dela iritzita, herritarren eta Udalaren lana eta ekarpena ezinbesteko direla ondorioztatu zuten, antolaketa berri eta egonkor batera jauzi egiteko. Horretarako, ordudanik lanean ari den Eskifaia gazte kofradia sortzea erabaki zuten.

Esan bezala, aurtengoa hamargarren edizioa da, eta berezia izatea nahi dute Piratek. Horretarako lana egin behar, eta goiz hasi ziren gazteak. Luze joko luke azken hilabeteetan burutu dituzten lan denak hemen zerrendatzeak, baina garrantzitsuenak bederen aipatu egingo ditugu. Esate baterako, 5. Musika Lehiaketa, Donostia eta inguruko talde hasi berriei zuzendua. Oinarrietan zehazten denez, euskaraz abesten duten taldeek izan dute lehentasuna, eta gizon-emakume parekidetasuna bermatzea baldintza izan da. Margot, On eta Tacumah Reggae Band izan dira talde irabazleak, eta portuko Piraten Gunean jotzeko aukera izango dute.

Aste Nagusiko jokoek ere protagonismo berezia izango dute -iaz bostehun parte hartzaile baino gehiago- eta gero eta zailagoa da horiek antolatzea. Beraz, aurten koadriletako ordezkariak bildu eta talde bat osatu dute, jokoak eta jolasak asmatu eta antolatzeko.

Zenbait lanen banaketa kaian bertan azken egunotan egindako batzarretan -ikus bideoa- egin da, esate baterako txosnetako barra txandak. Auzo eta kuadrila bakoitzak zenbat jende jarriko duen eta zer ordutan arituko diren lanean zehaztu dute gazteek. Jakina, protagonismo nagusia asteleheneko Abordaiak dauka, eta horrek eskatuko die esfortzurik handiena.

Aipatzekoa da Piratak ez direla Aste Nagusiko ekitaldiak antolatzera soilik mugatzen. Joan den azaroan Martutene auzoa hain hondatuta utzi zuten uholdeen ondoren, garbiketa lanetan aritu ziren auzolanean, eta aste batzuk lehenago I. Hegaluzearen Eguna antolatu zuten, Donostiako baxurako flotari babesa emateko, arrantzaleen egoera egunetik egunera okerrera baitoa. Sartagudako Ibaialde ikastolaren aldeko kontzertua ere antolatu zuten joan den martxoan.