NAIZ.INFO
BILBO

Euskal Herria Esneak dioenez, Kaikuk salatu egin du euskara hutsean etiketatzeagatik

Euskal Herria Esnea kooperatibak aditzera eman duenez, haien aurkako salaketa jarri du Kaikuk, produktuak euskara hutsean etiketatzeagatik. Lakuako Gobernuak espedientea zabaldu du eta isun bat jaso dezaketela ohartarazi du. Kaikuk gezurtatu egin du euskaraz etiketatzeagatik salaketa jarri duenik. Markaren gaineko arazoa dela dio.

Euskal Herria Esnea kooperatibako kideak, gaurko agerraldian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Euskal Herria Esnea kooperatibako kideak, gaurko agerraldian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herria Esnea kooperatibak prentsaurrekoa eman du, bere proiektuaren berri eta Kaiku Kooperatibak jarri dien salaketaren berri emateko. Kaikuk, hala ere, gezurtatu egin du salaketa horregatik aurkeztu duenik.

Baserritarren bizi duten egoera «latzari» aurre egiteko tresna gisa aurkeztu dute kooperatiba berri hau. Esne-baserritarrak biltzen ditu eta haien arteko berdintasuna, eredu ekonomiko justuagoa eta ekologia dituzte oinarri.

Hala ere, dagoeneko bere produktuak salgai dituen kooperatibaren aurkezpena haien aurka Kaiku Koopearatibak jarritako salaketak ilundu du. Azaldu dutenez, Lakuako Gobernuaren Elikagi Kalitaterako Zuzendaritzan jarri du Kaikuk haien aurkako salaketa.

Produktua kaleratu baino lehen EAEko Gobernuaren ordezkariei erakutsi zietela eta hauek inolako arazorik jarri ez zutela esan dute. «Kaikuren salaketa izan da Eusko Jaurlaritza espedientea zabaltzera derrigortu duena».

«Legeari dagokionez –zehaztu dute–, Madriletik datorkigu Etiketatzeari Buruzko Lege Orokorra, eta lege horrek 18. artikuluan dio gaztelania derrigor erabili behar dela, baina salbuespen bat dagoela: autonomia erkidegoetako hizkuntza erabili daitekeela autonomia horretan ekoitzi eta saldutako produktu tradizionalen kasuan». Kooperatibak Euskal Herrian egiten du dena, ontziratzea izan ezik, hori Sorian egiten baita. Euskal Herrian, Iparlatek soilik du ontziratzea egiteko planta, eta, salatu dutenez, ez zuen nahi izan Euskal Herria Esnea kooperatibaren esnea hartu.

Hortaz, Euskal Herria Esnearen abokatuek prestatutako txosten juridikoak defendatzen du legea betetzen duela. Oraingoz, Lakuak espedientea ireki dio kooperatibari eta isuna 30.000 eurora irits daiteke.

«Produktu gehienak gaztelaniaz elebakarrak dira merkatuan, euskaldunontzat ulertezina litzateke euskara hutsez kaleratzea debekatzea», salatu dute.

Beste alde batetik, azaldu dute Kaiku/Iparlat ereduak «porrot» egin duela, esne-baserritarren sektorea ia desagertzeraino kaltetu duelako. Ondorioz, salaketa eta balizko isunak eragin ditzaketen ondorioez ohartarazi dute.