NAIZ.INFO
KAIRO

Baiezkoak irabazi du Egiptoko erreferendum konstituzionalean

Egiptoko Hauteskunde Batzorde Gorenak jakinarazi duenez, Konstituzio berriaren gaineko erreferendumean baiezkoak irabazi du, botoen %63,8arekin. Behin betiko emaitzak dira.

Bozen kontaketa lanak, Giza hiriko hautesleku batean. (Mahmud HAMS/AFP)
Bozen kontaketa lanak, Giza hiriko hautesleku batean. (Mahmud HAMS/AFP)

Abenduaren 15 eta 22an egin den erreferendumean, Egiptoko Konstituzioaren aldeko bozak izan dira nagusi, Hauteskunde Batzorde Gorenak iragarri duenez. %63,8k aldeko botoa eman dute, Samir Abu al-Matti epaileak eta batzordeko lehendakariak jakinarazi duenez. Erreferendumean erroldaren %32,9k parte hartu du (17 milioi hautesle).

Hauteskunde Batzordeko lehendakariak behin betiko emaitzak eman ditu eta, esan duenez, izan diren salaketa eta kexa guztiak aztertu dituzte eta Fiskaltzak ikertu egin ditu, nahiz eta batzuk «ez ziren oso serioak».

Mohamed Morsi Gobernuko presidentearen Anaia Musulmanen mugimenduak aurreratu zuen galdeketaren lehen egunean Konstituzio berriaren aldekoak gailendu zirela.

Oposizioaren gehiengoa biltzen duen Salbazio Fronte Nazionalak erreferendumean iruzurra egon zela salatu zuen.