NAIZ.INFO
MADRIL

Proposamen ekonomikoak aurkeztuz, ‘Gurtel auzia’ estali nahi du PPren Gobernuak

PPk ez du nahi Parlamentuan gaur hastekoa den nazioaren egoerari buruzko eztabaidan ustelkeria gai nagusia bilakatzea, eta hori saihesteko, Mariano Rajoy presidente espainolak «hazkundea eta berpizte ekonomikoa suspertzeko» hainbat neurri ekonomiko aurkeztuko ditu.

Kongresua hesiz inguratu dute eztabaida dela-eta. (<a href="http://twitpic.com/c5asni"   target="_blank">@albertopradilla</a>)
Kongresua hesiz inguratu dute eztabaida dela-eta. (@albertopradilla)

Alfonso Alonso PPren Kongresuko bozeramailearen ustez, gaur hastekoa den «urteko eztabaida garrantzitsuenean Rajoyri dagokio ekimen politikoa, talde politikoek bat egin edo euren proposamenak aurkezten badituzte ere». Ekimen politiko hori zertan gauzatuko den azalduz, hainbat neurri ekonomiko iragarri zituen. Alonsoren arabera, Rajoyren Gobernuko lehenengo urtean «murrizketa mingarriak izan dira, baina beharrezkoak», eta orain hazkundea sustatzeko «bultzada» eman behar da.

Onartu zuen, halere, «gaurkotasuna eta herritarren arteko solasaldiak betetzen dituzten beste gai batzuk daudela» –politikarien ustelkeria zeharka aipatuz– baina, bere ustez, «horiek iraganeko kontuak dira».

Halere, Gobernuak halakorik berriro ez gertatzeko «bermeak» jarriko dituela gaineratu zuen, besteak beste, «kontrol zorrotzagoak» aipatuz, jendea politikan aberasteko edo lapurtzeko asmoz sar ez dadin.

PPk nola edo hala estali nahi du ustelkeriaren afera, eta batez ere, ‘Gurtel auzia’, alderdiak kaltea handia izan dezakeelako. Jose Manuel Garcia Margallo Atzerriko ministroaren esanetan, «hondamendi biblikoa» izango litzateke orain arte argitaratu diren Luis Barcenas PPko diruzainaren paperak egiazkoak direla baieztatzen bada. Hori bai, ministroak «Rajoy baino pertsona zintzoagorik» ez duela ezagutzen gaineratu zuen.

Hala ere, oposizioak ustelkeria aterako du eztabaidara, PPk ezarri duen «isiltasunaren legeari» urratzeko. PSOE eta Izquierda Pluraleko taldeek esan zutenez, Rajoyk Parlamentuan «B kontabilitateari buruzko azalpenak» emateari behin eta berriz uko egin dionez, nazioaren egoerari buruzko osoko bilkura erabiliko dute azalpenak eskatzeko.

PPk atzera bota zuen berriro atzo Rajoyren beste agerraldi baten eskaera. «Ez badu agerraldia egin nahi, gero ezin du kexatu. Modu horretan susmoak handitzea baino ez du lortuko», adierazi zuten oposiziokideek.